Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Ezin gaituzte ordezkatu

Goi mailako politikagintza egitea lehentasunak ongi finkatzearen zeregina dela nekatu arte errepikatzen den mantra horietako bat da. Eta, zinez, gauza konplikatua behar du izan jendearen bizitza -hitzaren zama guztiarekin- tartean dagoenean. Zentzu honetan, sistema kapitalistari eredu zeharo ezberdin batekin erantzuten dion politika ereduak, erretolika baino, praktika zehatz eta eredugarrien multzoa behar luke. Hortaz, bizitzaren kudeaketaz ari garelarik, ezinezko bihurtzen da lehentasunak eta bigarrentasunak sailkatzea. Medikamentuak ordaintzea ezinezko duen amonaren, kartzelan dagoen presoaren, autonomoaren eta paperik gabekoaren lehentasunek ez dute zertan berdinak izan. Ezinezkoa da lehentasunak bizigarritasunaren planoan sailkatzea.

Egoera eta protagonista horiek ezberdinak izanik ere, elkarren artean konektatuta daudela ondorioztatzea izan da ezker independentistak izan duen igarpenik behinena. Bide batez, subjektibotasun politiko guzti horiek egituratze politiko berri baten osaketarekin harilkatzea. Remember, txanpon beraren bi aldeak. Halere, agendak, agenda izateari uzten ez dion bitartean, beti ezartzen du eduki bat edo beste pribilegiatzeko beharra.

Tsiprasek erabaki du. Zorraren aurrean neurriak hartzea izango da Greziako gobernu berriaren lehen zeregina. Sasoi honetan Troikari desafio egitea, ezbairik gabe, zirraragarria da. Ahaztu egin zaio, ordea, edo zilegi iruditu, emakumerik gabeko gobernua osatzea. Agenda estua izatearen ondorio, akaso. Norbaitek uste al du, baina, Troikaren politika neoliberalak sistema patriarkalak eragiten duen dominazioaren kontzientzia eta bizipena presente izan gabe garai daitezkeenik? «Askapen prozesuen» lehenengo irakasgaian kapitalismoa arrazismoan eta patriarkatuan oinarritutako sistema dela ikasiagatik ere; norbaitek sinesten al du hauen kontrako borrokarik gabeko garaipenaren estrategian? Ez dago Troika partzialki garaitzerik, sistema osoa eta konplexua den neurrian.

Aldaketek aldaketak behar dituzte; zentzu horretan, amaitu behar da gizon zurien (eta hauen rolak zintzo betetzen dituzten emakumeen) politikarien tutoretzarekin. Politika egiteko parametro berriek, ordezkaritza moduak zabaldu eta boterea konpartitu ezean, beti ezarriko baitituzte bizitza guztiak ordezkatzen ez dituzten lehentasunak. Ezin gaituzte ordezkatu.