Lander GARRO
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Sandaliak eta azaloreak

Askotan pentsatu izan dut hitzek marrazo zurien mutur orbain beteen antz handia daukatela, ez daukatela izaerarik guduen arrastoek iragan bat ematen dieten arte. Musu hitzak emandako eta ukatutako musuen arrastoa dauka, edo ez da ezer. Ziega hitzak itxialdi eternal baten pisu angustiaz betea dauka han bizi izan denarentzat. Bizi izan ez denarentzat, «ziega» eta «grapadora» hitzek kasik esanahi bera daukate, esanahi oso ezberdinak dauzkatela antzezten saiatzen den arren. Bizitza antzezpen amaigabea da.

Zer da ate bat, irekitzeko sarrailarik gabekoa, ate bat ireki nahi eta ezin izan duenarentzat? Mailuka aurreratzen den denbora. Segundo bakoitzeko, jostorratz erauntsi bat. Elefante bat bularrean eseri izan balitzaizu bezala. Pentsatzen jarrita, miraria dirudi inoiz komunikatu izan garela sinestea ere. Nire laztan klandestinoek zeureen antz txikiena izan dezaketela. Erasotzen dizudanean, adibidez, minetik ari natzaizula nahi nizuke esan, baina ez dakit mina zer den niretzat, eta ez dakit mina zer den zeuretzat. Ez dakit mina ote den nik eragin izan dudana, niri eragin didatena, edo zuen artean elkarri eragiten diozuena, neure begi morbosoen aurrean. Koaderno batean boligrafo gorriz idatzi dut «sozialismoa». Begira-begira geratu naiz, txikitako argazki bati so egiten ari banintzaio bezala. Ez dakit «sandalia» edo «azalore» hitzek daukaten esanahi hutsala baino esanahi handiagoa daukan. Oroitzen dut neure burua «Gora Euskadi sozialista!» garrasi eginez manifa batean. Ez dakit zer zen zinez garrasi egiten ari nintzena, baina badakit arrazoi nuela, arrazoi daukagula. Hitz egiten tematzen naiz, oraindik ez dut etsi, baina gero eta ohartuago nago jendarte simulakro honetan zinez ez garela inoiz elkar ulertzera ailegatu. Ezta ailegatuko ere.