Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Gazteria eta prozesu eratzailea

Burujabetza edo subiranotasunaren auzia lehen lerrora itzuli da Europan berriz ere, Grezian Syrizak izan duen garaipenarekin. Euskal Herrian larunbatean Ficoban EH Bilduk euskal estatua eraikitzeko proposamen berritzailea aurkeztu zuen. Autoeraketa dinamika batean eta demokrazia erradikalean oinarrituko den aldebakarreko prozesu eratzailea.

Prozesu eratzailearen formula hau errealismoan oinarritua izateaz gain, subordinaziorako pentsatuak izan diren instituzioen erabilerarako estrategia berrituak dakartza. Autoeraketa prozesuan egiten diren urratsak egonkortzeko tresna izan beharko dira, insubordinaziora joz.

Alta, instituzioek desobedientziaren bidea hartu ahal izateko, atzetik herri mugimendu indartsua beharko dute, bestela Estatuari auzia epaitegietaratzearen bidez prozesua blokeatzeko giltza emango baikenioke. Autoeraketa prozesu honetan, beraz, herrigintzarako moduak ere birpentsatu beharko ditugu, gune irekiak eta egitura horizontalagoak konbinatuz. Lankidetza oinarri, demokraziaren sakontzea egitura horietatik abiatuz.

Iratzar Fundazioak antolatutako Neguko Unibertsitatean izan da Carles Riera kataluniarra. Euren esperientziatik azaldu duenez, herri mugimendu indartsu eta autonomoa da prozesuak aurrera egiteko giltza. Prozesua instituzioen esku geratzean, prozesua moteldu edo blokeatu egiten baita. Oztopo horiek gainditzeko modu bakarra mugimenduak instituzioak etengabe desbordatzea da Rieraren ustez, etengabe aurre hartzea.

Prozesu eratzaileak izango dituen erakundetze momentu ezinbestekoez gain, herrietan ondo sustraitutako prozesua ere izan beharko du, behetik gorakoa, oinarri sendokoa izango bada. Zentzu horretan, borrokatzeko modu berriak eta berritzaileak asmatu beharko dira. Konfrontazio perspektibatik baino, eraikitze eta batze perspektibatik.

Zeregin horretan gazteriak eta gazte antolakundeek paper berezia jokatu beharko dute. Batetik, ipar gisa independentzia kokatuz. Bestetik, prozesuari puntu errebeldea txertatuz, autogestioari dimentsio berriak zabalduz. Beste garai batzuetan bestelako moldeekin lotu bada gazteentzat hain erakargarria den erradikaltasuna, orain proposamen eraikitzaileekin lotzen asmatu beharko da.