Maider IANTZI

Otsailaren 28an, euskararen alde kalera

Kontseiluak euskararen aurkako erasoei erantzunen die otsailaren 28an mobilizazio bateratu baten bidez. Data hori gordetzeko eskatu die herritarrei. Alderdi, ordezkari instituzional eta eragileekin, berriz, bilera erronda eginen du ze konpromiso hartzeko prest dauden ikusteko.

Euskararen aurkako erasoek «muga guztiak» gainditu dituztela eta erantzun bateratua emateko garaia dela iritzita, mobilizazio bat antolatuko du Kontseiluak otsailaren 28rako. Estatu espainolak eta frantsesak, lehenak Carlos Urquijoren bidez eta bigarrenak Patrick Dallennesen bidez, egindako azken esku hartzeen irakurketa plazaratzearekin batera, egoera hau gainditzeko bidean hartuko dituzten neurriak aurkeztu zituen atzo zuzendaritzak Donostian.

Data bat eman zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, data bat ez soilik auzitara eraman dituzten UEMAko hamabost udalei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Uztaritzeko Herriko Etxeari babesa agertzeko, hemen euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela erakusteko ere bai.

Erasoen aurrean, udalek apustuari «determinazioz eutsiko» diotela ziurtatu zuen Bilbaok. «Guk gurea egingo dugu», erran zuen, baina erantzukizuna partekatua dela nabarmendu zuen. Azaldu zuenez, ezin da dena herri gogoaren esku utzi eta, horregatik, bilera erronda hasiko dute alderdi, instituzio eta eragileekin ze konpromiso hartzeko prest dauden ikusteko.

Balio juridiko osoa kendu nahi

Bilbaok azpimarratu zuenez, euskarari «balio juridiko osoa» kentzeko helburua dute erasoek. «Euskararekin batera beti gaztelania edo frantsesa agertzera derrigortu nahi dute, euskarari soilik apaingarri estatusa aitortuz», adierazi zuen.

Oroitu zuenez, Carlos Urquijo espainiar Gobernuak EAEn duen ordezkaria orain dela hilabete batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako neurriak hartzen eta Patrick Dallennes Baionako suprefetak jarraitu zion Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatuz.

Azken egunetan bi estatuek eraso gehiago egin dituztela jakinarazi dute. Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko hartu duen erabakia atzera bota du Paueko Administrazio Auzitegiak, eta Urquijok, bere aldetik, UEMAn dauden hamabost udalen kontrako helegiteak jarri ditu Estatu espainolaren gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidali dituztela-eta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Plana ere auzitara eraman du.

Bai Aldundiak eta bai udaletako arduradunek oztopoen gainetik aitzinera egiteko adierazi duten asmoa txalotu zuten Kontseiluko zuzendaritzako kideek, argi baitute hau guztia ez dela epaitegietako kontu bat, erantzun bateratua behar duen zerbait baizik, eta instituzio hauek «euskaraz bizitzeko nahiari irmotasunez heldu» izana zinez baloratu dute.