Arantxa MANTEROLA

EH Bai-k «herrian bizi, lan egin eta erabakitzeko» hautagaitzak aurkeztu ditu

Martxoaren 22 eta 29an departamenduko ordezkariak hautatzeko izango diren bozetarako bere hautagaiak aurkeztu zituen EH Baik atzo, Baionan. Guztiak herritarren babesa bilatzeko prest, ezker abertzalearen aspaldiko aldarrikapenaren inguruan: Herrian bizi, lan egin eta erabaki.

Aurpegi ezagunak, ez horren ezagunak eta baita berri eta gazte asko ere EH Baik atzo Baionan aurkeztutako hautagaien artean. Martxoaren 22an eta 29an Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluan (orain arte Kontseilu Nagusia) ordezkariak erdiesteko hamabi euskal kantonamenduetan lehiatuko dira ezker abertzaleko hautagaiak.

Zein testuingurutan aurkeztuko diren aztertu zuten atzoko agerraldian. Izan ere, departamenduen etorkizuna ez da batere argia oraindik. Estatuan egiten ari diren erreformaren ondorioz, erakundeok desagertze bidean doazela entzun da behin baino gehiagotan. Lekuko erakundeen eskumenen banaketa berria finkatuko duen legea ere eztabaidan da une honetan. Baina aldaketak gorabehera, EH Baik argi dauka «Ipar Euskal Herriko ikuspegitik birzentralizazio prozesu bat» gertatzen ari dela non erabakiguneak gero eta urrunago izango diren, are eta gehiago makroeskualde berrian barnebilduta geratzen denean.

Horiek horrela, hiru euskal lurraldeentzat erakunde propio baten premia gero eta nabariagoa da, mugimendu abertzalearen iritziz. «Abertzale garen aldetik, autonomia estatutu baten aldarria berresten dugu, eta epe ertainera, Lurralde Kolektibitatearen eskaerarekin bat egiten dugu», nabarmendu zuen, ildo horretan, Antton Curutcharryk, Lola Garciarekin batera aurkezpen lanak egin zituen hautagaiak. Dena dela, «lurraldetasuna eta eskumen ahalik eta gehien lortze aldera» egun mahai gaineratu diren proposamenen artean hiri elkargo bakarrak eskaintzen dituen aukerak gertutik aztertuko dituztela berretsi zuen, aitortza instituzionalarena hauteskunde kanpainaren erdi-erdian egongo den gaia izango dela adierazi aitzin.

Ezkerreko alternatiba bakarra

Euskal herritarren egungo arazo anitz -desberdintasun sozialak, prekarietatea, parekidetasun eza, pobrezia, klima aldaketa- «egungo sistemari» egotzita, «sistemaren baitan aldaketak bideratzea baino harago, alternatiba bideragarrietan oinarrituz, sistema bera aldatzen» ahaleginduko direla esan zuen.

Norabide horretan, «diskriminazio guztien kontra eta justiziaren alde borrokatu, elkartasuna sustatu eta zerbitzu publikoak garatzea» kanpainako ildo nagusiak izango dira. Euskal Mendia kantonamenduko hautagaiak argi utzi zuen «boterean dagoen PSk daraman politika sozial liberal hutsa ikusirik, Ipar Euskal Herrian ezkerreko egiazko alternatiba bakarra» EH Bai dela.

Kanpainaren lema «Herrian bizi, lan egin eta erabaki» izango da. Hiru aldarrikapenok EH Bairen «alternatiba» egokiro jasotzen dutela uste dute. Lehenak, abertzale gisa eraiki nahi duten herria islatuko du, «baketsua, elkarlanean eta elkarbizitzan oinarritutakoa, zerbitzu publikoen defentsa eta lurraldeen arteko desoreka ezabatzeko garapena sustatuko duena». Osagai horiek ezinbestekotzat dituzte «kohesioa eta justizia soziala bermatzeko».

Bigarren aldarrikapenak, bertako ekonomia sustatzea, lan aukerak biderkatzea, tokiko enplegua eta ekonomia solidarioa bultzatzea eta Hego Euskal Herriarekin lehentasunezko harremanak izatea du helburu.

Bertan erabakitzea

Hirugarren ardatza, berriz, herritarren erabakitzeko eskubideari lotzen zaio. Hala, hori bideratuko lukeen egitura instituzionalaren sorrera bultzatzen segituko dute. «Ahalik eta eskuduntza gehien izango dituen tresna instituzionala, sinplea, demokratikoa, herritarrengandik hurbilekoa eta, jakina Ipar Euskal Herriko eremua errespetatuko duena» erdiesteko lan egingo dute, baita hauteskundeetako testuinguruan ere. EH Bairentzat «garrantzizkoa da hitza herritarrei ematea beren geroaz erabakitzeko eskubidea dutelako». Lan harremanei buruz ere bertan erabaki ahal izateko, negoziazio gune propioa (tokiko batzorde paritarioa) sortzea proposatzen du.

Boz hauetan ahal bada bigarren kontseilari abertzalea lortzea da EH Bairen erronka. Horrekin batera, bigarren indarra izatea erdietsiko duten kantonamenduetan «giltzarri» izatea beren ideiak aitzinarazteko eta, gainerakotan, bere alternatiba hedatzea dute xede.