N.B.

Idiazabal sanblasekin batera 400. urteurrena ospatzen ari da

San Blas jaiak ospatzen ditu Idiazabalek egun hauetan, eta aurtengoak bereziak dira 400 urte betetzen baitira Seguratik banandu zela. 1615ean hiribildu izateko aktak sinatu zituela gogora ekarriko dute otsailaren 4an, urteurrenaren egun zehatzean, espresuki prestatutako erakusketa batekin. Gaur, bestalde, gastronomia izango da protagonista.

Axaria jaitsi zuten atzo Idiazabalen, txupinazoa bota eta pregoia irakurtzearekin batera. Ziekoko lagunak bigarrenez izan ziren Gipuzkoako herrian, eta euren eskutik iritsi ziren dultzaina doinu eta dantzak, bazkaria eta ardo dastaketa. Arratsaldean goitibehera txapelketa eta profesional mailako pilota partida izan ziren. Iluntzean Inpernuko Zulotik herriko taldeak kontzertua eskaini zuen. Festa hasiera indartsua, benetan.

Gaur Axari Dantza elkartearen eskutik ume eta gazteen ekitaldia izango da eguerdian, pilotalekuan, eta ondoren zinegotziek sokadantza egingo dute. Gastronomiarekin loturik dator festako berrikuntzetako bat. Izan ere, Idiazabalek Lakuako Gobernuak abian jarritako proiektu pilotu batean parte hartzen du beste herri batzuekin batera, zeinaren helburua belaunaldien arteko harremana sustatzea den. «Lapikotik» ekimena antolatu dute proiektu horren barruan: adineko herritarrak gazteagoekin mundu zabaleko herrialdeetako janaria prestatzen ibiliko dira. Kasu honetan, Marokotik datozen zopa berezi bat eta kuskusa.

Gaur bertan izango diren bestelako ekitaldien artean aipagarriak dira Barrena Big Band Ordiziako taldearen emanaldia (17.30, udaletxeko areto nagusian). Musika tresna desberdinak jotzen dituzten 15 gaztek osatzen dute taldea eta musika garaikideko lanen bertsioak egiten dituzte, filmetakoak kasu. Musikarekin jarraituz, iluntzean, lau urtez Euskal Herriko trikitixa txapeldunak izan diren Elizagoien ahizpek joko dute.

Bihar egun lasaiagoa izango da, ospakizuna arratsaldera mugatuko baita. Guraso eta haur guztiak 16.30ean bilduko dira txokolate jana egingo dutelako; baina hori ez da dena, kuadrillek playbacka eskainiko baitute. Talde bakoitzak kanta bat aukeratu eta koreografia dantzatuko du denen aurrean.

Ekitaldi instituzionala

Astearte eguerdian jende ugari bilduko duen XXVII. Herriko Txirrindulari lasterketa izango da, eta ondoren herri bazkaria. 800 lagun bildu ohi dira espresuki prestatutako karpan. Udal arduradunek herritarrei dei egin diete bazkalostean bertan gelditzera, eta horretarako kafea ere eskainiko dute eta euskal kanten emanaldia antolatu dute.

Festetako azken eguna asteazkena izango da, otsailak 4, baina herriarentzat berarentzat garrantzitsuena, zehazki egun horretan betetzen baitira 400 urte Seguratik banandu zela. Urteurrenaren ekitaldi instituzionala egingo dute 11.30ean, eta Idiazabalgo alkate eta zinegotziez gain, Aizkorpe bailarako herrietako ordezkariak ere izango dira. Izan ere, haiek ere badute zer ospatu: hogei herri inguruk eskuratu zuten hiribildu titulua 1615. urtean.

Idiazabalek otsailaren 4an eskuratu zuen akta eta, kasualitatez, herriko jaiak izanik gertaera historiko horri tarte berezia egin nahi izan diote. Idiazabal eta beste herriak Seguraren menpe zeuden ordura arte gerrateen aurrean babesa izateko.