GARA

San Blas azokak 170 saltoki eta 200 abelburu baino gehiago eskura jarriko ditu Abadiñon

Tradizioak jantzi du eta garai berriek ekarritako aldaketen gainetik bizirik irauten jakin du Abadiñoko San Blas azokak, bi osagaiak mantenduz: etxeko produktuak eta abereak. Horregatik, milaka lagun espero dute etzi azoka inguruetan. Zabaldutako lehen datuen arabera, 200 abelburu baino gehiago izango dira ikusgai eta 170 saltoki etxea hornitzeko.

Elurra ez zaio arrotza San Blas azokari, eta oraingoan ere negu giro gordinean helduko da Txanporta aldeko inguruak epeltzeko. Hitzorduak asteartearekin bat egingo du, baina horrek ez dio indarrik kenduko; aste barruan izanik bisitari gutxiago izango du akaso, baina antolakuntzako makineria guztia prest dagoela iragarri dute 200 abelburu inguru eta 170 saltoki hartzeko. Bizkaia osoan eta inguruetan jarraitzaile asko ditu Abadiñoko plazak, eta asteburuarekin bat egin duen urteetan jendez gainezka egon dira azokaren inguruak, eta aurtengoan astegun buruzuria izango bada ere, bilduko da jenderik abereen salmentak, baratzeko produktuen beharrak eta tradizioak erakarrita.

Azokaren egiturari dagokionez, ez dago berrikuntza aipagarririk, iragarritakoaren arabera. Baserriko produktuen postuak biltzen dituen atala trinketearen ondoan izango dira, eta 88 saltoki izango dira. Bertan salgai izango dira frutak eta ortuariak, ogia eta euskal pastela, gazta, sagardo eta txakolina, eta hauekin batera, arrain kontserbak, eztia eta bestelako jakiak.

Artisautza lanak Txanporta plazan izango dira. Guztira 32 erakuslek hartuko dute parte, eta 26 Arbaso elkartekoak dira. Landare eta hazi saltzaileak trinketeko aparkalekuan izango dira eta 12 saltoki jarriko dituzte asteartean. Beste 23 saltoki baserriko makineria saltzeko egokituko dituzte Gaztañodi, Iturritxo eta Aita Aureliano Letona kaleetan eta Txanporta plazan, eta burdingaienak eta zurezko produktuak 9 saltoki beteko dituzte.

Hotzari aurre egiteko eta azoka girotzeko, talogileak jo eta ke ibiliko dira zazpi txosnatan. Era berean ez dira faltako tradizio handiko erroskillak (20 saltoki) eta eztarrirako onak omen diren hamaika koloretako kordelak.

Abereen atalean, oraindik izena emateko epea guztiz itxi gabe emandako datuen arabera, ostiralean azokak bazituen jada 200 abelburu zenbatuta. Ikusgai izango diren guztien artean, batzuk salgai izango dira. Abelburu horiek trinket atzean kokatuko dituzte, eta kopururik zehaztu ez badute ere, hamarka batzuk izango dira, iragarri dutenez.

Gainerako animaliak karpen azpian egokituko dituzte. Horien artean izango dira latxa arrazako ardiak, azpi-gorri arrazako ahuntzak, pottokak, Enkarterrietako astoak eta herriko abeltzainek eramandako txaroles, limusin eta piriniotar arrazetako behiak.

Milaka lagun espero dute etzi Abadiñon, San Blas azokak erakartzen ohi duen bisitari kopuru handia kontuan hartuta. Jose Luis Navarro alkateak adierazi bezala, azokak «jai giro aparta» eskaintzeaz gain, nekazaritza eta abeltzaintzarako erakusleiho eta plaza garrantzitsu bat ere bada. «Teknologiaz jositako gizarte honetan badirudi lehen sektoreko lanbideak ahaztuta daudela, baina funtsean beti izango dira hor», nabarmendu zuen udal mandatari nagusiak azokak lanbide batzuentzako betetzen duen funtzioa nabarmentzeko.

Azokaz gain, jai egitarau zabala ekartzen du Abadiñoko San Blas jaiak. Idi probetan 21 idi-buztarri lehiatuko dira, esku pilota txapelketa jokatuko da eta herri kirolen erakustaldia egingo dute.