Jon GARMENDIA
Idazlea

Kontakizun

Badira istorioak ahoz aho kontatzen hasita lurmutur batetik bestera salto egiteko gai direnak. Gero, ikusteke dago, ahoz-ahoko bidaia horretan zenbat galdu duten hasierakotik edo zenbat gainjarri zaien bestela, baina denborak erlojuko orratzei begira diharduenetik, on egiten digun zerbait da besteei gertatua entzutea; askotan, irudimenaren leihoak zabaltzeko manera gisa; bestetan, kontseilu edo itxaropen uneen eskean gabiltzanon helduleku bezala. Uruguaitik iritsi zait istorio hau. Bertako batek kontatu dit, eta Kanarietan gertatu zen. Tartean, euskaldun bat zegoen, nola ez. Gure lurretan famatua den norbait. Kanaria Uharteetan oporretan omen zebilen gure euskalduna, eta, desagertzear zeuden espezieen inguruan egiten ari ziren lana azaltzen zien gidak txango batean. Txangoan, bost urteko mutiko batek beste mutiko bati gazteleratik katalanera itzultzen omen zizkion gidaren azalpenak. Haur hori komunera joan zenean, gidak aitari erran ei zion ea ez zuen lotsarazten haurrari gazteleraz ez erakutsi izanak, horrek eragozpenak baino ez zizkiola-eta sortuko bizitzan. Haserre bidean entzun omen zituen hitz hauek gure euskaldunak, baina eztabaidan parte hartu nahirik, ikuspegi positibo batetik egitea erabaki omen zuen, gidak hobeto ulertuko zuelakoan. Aipatu zion, momentu batzuk lehenago, pasioz azaldu ziela zein premiazko lana egiten zuten desagertzear zeuden espezie eta landareekin, esfortzu handi batek etekin gutxi izaten zuela, eta zein miresgarri zen ahalegin hori. Beraz, jar zedila landare eta espezieen babesleen paperetik hizkuntzarena ikusteko, haur horren gurasoek erabaki baitzuten ahula babestea lehenbizi, indartsua geroago ikasteko aukerak ehunka izanen zituelako. Gidak sekula ez zuela alde horretarik behatu baieztatu zion, eta, halaber, eskerrak eman. Alde baikorra, maitasunaren aldea, beti izango da gehi, beti izango da akusazio eta zigorrarena baino distiratsuago.