Imanol CARRILLO

Bi sexuen soldaten arteko tartea behingoz ixteko eskatu du LABek

Emakume eta gizonen soldaten arteko tartea azken urteotan handitu egin dela salatu zuen sindikatuak, gehienbat «emakumeak pobreziara kondenatuz». Horregatik, «harreman justu eta parekideetan oinarritutako lan harreman eredu berri bat» behar dela nabarmendu zuen.

Datorren igandean Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna dela-eta, bi sexuen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutako eredu berri baten beharra dagoela azpimarratu zuten atzo LAB sindikatuko ordezkariek.

Donostiako egoitzan egin zuten agerraldia Izaskun Garcia LABeko Zeharlerroko eta Rafa Izquierdo Politika Ekonomikoko idazkariek, eta salatu zuten azken urteetan Hego Euskal Herrian emakume eta gizonezkoen artean soldatetan sortu den «desorekak emakumeen artean egoera larria» eragin duela.

Aipatu zutenez, «are kezkagarriagoa da egoera krisia hasi zenetik». INE Estatu espainoleko estatistika erakundeak eskainitako datuen arabera, Nafarroan, 2008an, gizonezkoek batez beste emakumeek baino %38,6 gehiago kobratzen zuten. Eta, azken datuei begiratuz gero, 2012koei alegia, gizonezkoek %42 gehiago kobratzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, tartea %29,9koa izatetik %34,8koa izatera pasatu da.

Horrek guztiak «soldata-arrakalaren handitzea» erakusten du. Izan ere, INEren datuez baliatuz, Hego Euskal Herrian emakumeen soldata %36,2 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko, azken hauen urteko soldata gordina 7.852 euro handiagoa baita.

Gainera, gizonek, lanordu bakoitzagatik, emakumeek baino %25,9 gehiago irabazten dute, eta lan partzialen %82,3 betetzen dute emakumeek.

Hala, emakume eta gizonen soldata-arrakala «gaurko sistema kapitalista patriarkalaren ondorioa» dela salatu zuten LABeko ordezkariek, eta honakoa gehitu: «Lan baldintza prekarioenak jasaten dituztenak emakumeak dira. Gainera, pobrezia handitzen ari da eta emakumeak pobreziara kondenatzen ari dira».

Atzo bertan hamar urte bete ziren EAEn Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zenetik. «Garai hartan positiboki baloratu genuen bi sexuen aldeko ekimen hori martxan jartzea, baina tamalez, gure susmo eta zalantzak egia bihurtu dira», gaineratu zuten sindikatuko eledunek.

Eredu berri baten alde

Lege horren 36. artikuluak hau dio: euskal erakunde publikoek emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasun erreala eta eraginkorra lortze aldera neurriak bultzatuko dituela, bi sexuen arteko lan baldintzetan zein soldatetan berdintasuna lortzeko. LABen hitzetan, ostera, hori «ez da bete; egoera ez da aldatu, eta larriena, okerrera egin du».

Alde horretatik, «gaurko menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta egungo sexuen araberako lan banaketa atzean utziko duen eredu berri bat behar» dela azpimarratu zuten sindikatuko ordezkariek.

«Horrelako lan harreman eredu batekin soilik lortuko dugulako emakume eta gizonen soldaten arrakala behingoz desagerraraztea», amaitu zuten.