Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Argiñano ere ez da nor

Aste honetan Madrilgo Kongresuan entzun diogu Mariano Rajoyri: «Demokraziaren gauza handietako bat da Cuadra hona giza eskubideen gaineko lezioak ematera etorri ahal izatea». Sabino Cuadra ez dela nor giza eskubideez hitz egiteko, alegia.

Pablo Casado peperoak, egun berean, Pablo Iglesias Podemoseko liderraren adierazpenak direla eta: «Venezuelako erregimen terrorista gaitzetsi ez duenak ezin du...». Bestela esanda, Iglesias ez dela nor ezertaz hitz egiteko.

Adibide bi baino ez dira, baina «arrazoibide» mota hori ez da salbuespena eztabaida politikoan. Eta politikarien argudiaketa hain eskasa izanda, ezin askoz gehiago eskatu futbol talde bateko presidenteari. Juan Carlos Ollero Betisekoa Karlos Argiñanori oldartu zitzaion herenegun, neska lagun ohiari ustez tratu txarrak emateagatik auzipetuta dagoen jokalaria txalotzea ikaragarria dela esan zuelako: «Pertsona jakin batzuk urte askoan herrialde honetan izandako gertakarien aurrean isilik egon dira eta orain kontu honetaz horrela mintzatzeko ausardia izatea...». Hau da, Argiñano ez dela nor Betiseko zaleen gainean hitz egiteko. Ollerok esan zuenez, beharbada auzitara eramango dute Argiñano, ustezko tratu txarren egileari «tratu txarren egile» esateagatik. Tira, laguntza txiki bat emango diot Argiñanoren abokatuari. Doan, gainera.

Euskal sukaldariak ez zuen esan Betiseko ustezko tratu txarren egilea tratu txarren egilea dela, baizik eta zaleek tratu txarren egilea txalotzea ikaragarria iruditzen zaiola. Niri ere bai. Eta zaleek horixe egin zuten, hain zuzen, tratu txarren egilea, eta ez ustezkoa, txalotu: «Ez zen zure errua izan, puta zen, ondo egin zenuen». Ez dakit jokalari horrek bere neska lagun ohiari tratu txarrik eman zion ala ez, baina zale horiek argi daukate baietz, eta tratu txarrak eman izana txalotu dute.

Bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak Betiseko jokalariarentzat. Gasteizko tabernari batentzat bezalaxe. Nagorek ez dio bikotekideari tratu txarrik eman, ustez ere ez, eta ez luke egundo horrelakorik txalotuko. Baina euskal preso politikoen eskubideen urraketa salatzeko haien argazkiak zeuden taberna batean lan egitea ikaragarria da, nonbait.