GARA DONOSTIA

Irakurzaletasuna sustatzeko app berria aurkeztu du Galtzagorrik

Euskara, literatura eta teknologia berriak uztartuta dator Galtzagorri elkartearen azken proposamena: Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren «Maria Goikoak batbirulau!» liburuaren gaineko app-a. Haur literaturako klasiko honetan barneratzeko era berritzailea eskaintzen du.

Literatura eta teknologia berrien arteko zubi-lanean urrats bat gehiago ematera dator Galtzagorri elkartearen azken proposamena. Haur literaturako klasiko bat, Anjel Lertxundiren hitzak eta Antton Olariagaren ilustrazioak daramatzan «Maria Goikoa batbirulau!», egokitu eta honen gaineko aplikazio informatikoa osatu dute.

Jolaserako gonbidapena egiten du jatorrizko argitalpenak eta, izaera horri eutsiz, aplikazioak puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jolasa, abestiak, 3.5 D efektuko irudiak -sakontasuna areagotuz errealitate kutsua hartzen duten irudiak- eta bestelako hainbat jolas barneratzen ditu.

Aplikazioak, baina, badu beste berezitasun bat: erabili ahal izateko esku artean jatorrizko argitalpena eduki beharko da. Galtzagorriko arduradunek azaldu dutenez, «papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizioa eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea da app honen helburua». Hala, Androiderako zein iPhone/iPad-erako bertsioak doan eskuratu ahalko dira, baina aplikazioaren zenbait atal erabiltzeko ezinbestekoa izango da jatorrizko argitalpena edukitzea. Esate baterako, liburuko hainbat orrialde errealitate areagotuan ikusi ahal izateko.

Euskarrien arteko lotura

Galtzagorrik euskarri ezberdinen arteko lotura egin, irakurzaletasuna bultzatu eta, aldi berean, haur literaturako obra klasikoak ezagutarazteko helburuarekin sortu du aplikazioa. Euren hitzetan, «haur eta gazte literaturako euskarazko obra kanoniko baten aplikazio multiplataforma sortzea izan da» helburu nagusia eta, horrekin batera, «papereko liburuari entretenimendurako eta aisialdirako aukera berriak eskaintzea euskarri digitalen bidez (mugikorra, tableta eta ordenagailua). Modu horretan, euskara eta euskarazko irakurzaletasuna entretenimenduarekin uztartuta sustatuko duen aplikazio berri eta berritzailea sortu nahi izan dugu».

Haur literaturatik abiatzen den ekimena izanda ere, Galtzagorrik nabarmendu du aplikazioa haurrek bakarrik zein helduen laguntzaz, edota bakoitzak bere aldetik, erabiltzeko modukoa dela. «Oso intuitiboa eta erabilgarria da, eta laguntza pantailak ere baditu. Liburuen irakurketa konpainian egin daitekeen bezala, aplikazioak eskaintzen dituen jolas gehienak ere konpainian nahiz bakarka gozatzekoak dira». Euskarazko ahozkotasuna lantzeko ere erabilgarria dela ziurtatu dute, baita euskara ikasten edota irakasten ari diren helduentzat ere. Zentzu horretan, erabiltzaileak aplikazioan agertuko zaion ikono bat sakatuz gero, on line dauden hiztegiak kontsultatu ahalko ditu. «Modu horretan, haur, euskara ikasle, euskaldun berri diren guraso edota hezitzaileek sortzen zaizkien zalantzan argitu ahalko dituzte».

Ez da berria Galtzagorrik euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko egiten duen ahalegina. 2011n haur eta gazteei zuzendutako Klis-klasikoak euskarazko liburu-bilduma abiatu zuen, klasiko unibertsalen zein euskarazko obra kanonikoen berrargitalpenak egiteko asmoz. Gaur egunera arte bederatzi obra berrargitaratu dituzte, horien artean aplikazioak oinarritzat duen «Maria Goikoak batbirulau!» eleberria. «Orain aurkezten dugun aplikazioan irakurzaletasuna sustatzen jarraitu nahi dugu modu erakargarri eta ludikoan, kalitateari muzin egin gabe, eta, haur eta gazteengandik gero eta gertuago dagoen esparru batera gerturatuz: multiplataforma erako aplikazio digitalak», azaldu du elkarteak.