GARA ZIGOITIA

Azken txanpan sartuta, finalerako beste urrats bat egin du Manex Agirrek Zigoitiko finalaurrekoan

Manex Agirre gailendu zen atzo Zigoitian jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako bosgarren finalaurrekoan. Bigarren eta hirugarren lekuak Iñaki Viñaspre eta Felipe Zelaietak bete zituzten.

Arabako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartua da, eta, atzo, Manex Agirre izan zen 5. finalaurrekoan gailendu eta Gasteizen jokatuko den finalerako hurbilketa egin zuen bertsolaria. 2013ko txapelketan bigarren lekuan geratu zen aramaioarra, txapela jantzi zuen Oihane Perearen atzetik. Hain justu, bi bertsolari horiek dira oraingoz puntu metaketa handiena dutenak.

Agirrek 343,5 puntu eskuratu zituen, eta atzetik izan zituen Iñaki Viñaspre (339 puntu), Felipe Zelaieta (318 puntu), Peru Abarrategi (316,5 puntu), Oier Arbina (288,5 puntu) eta Asier Rubio (276,5 puntu). Saioan Unai Mendibilek hartu behar zuen parte, baina baja izan da eta txapelketan haren lekua Arbina aguraindarrak beteko du.

Saioa Zigoitiko Kultur Etxean jokatu zen eta 90 pertsona inguratu ziren bertara. Gai-jartzaile lanetan Oier Suarez zalduondarra aritu zen.

Azken finalaurrekoa

Hurrengo saioa datorren larunbatean, hilak 7, jokatuko da Langraiz Okako Gizarte Etxean. Seigarren eta azken finalaurreko honetan lehiatuko diren bertsolariak Ander Solozabal, Iker Pastor, Jagoba Apaolaza, Paula Amilburu, Xabi Igoa eta Zigor Enbeita izango dira eta bertan erabakita geratuko da ze bertsolari igaroko diren martxoaren 21ean Gasteizeko Principal antzokian jokatuko den finalera.

Langraiz Okako saioa 17.30ean hasiko da eta sarrerak ohiko lekuetan eskura daitezke. Bertsozale elkarteko kideek 6 euroan lortu ahalko dituzte sarrerak, 16 urtetik beherakoek doan entzun ahalko dute saioa eta gainerakoek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan ere salgai egongo dira sarrerak, Gizarte Etxean bertan.

Gasteizko finalerako sarrerak ere salgai daude, Principal antzokian bertan edota bere web orrialdean.