Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Foku biko betaurrekoak

Ibaiak urez gainezka. Eta? Akaso ez da hori ibaiaren betebeharra euri-jasa handiak direnetan? Tira, zergatik ez da esaten, kasurako, atmosfera airez gainezka, larredia belarraz gainezka edo basoak zuhaitzez gainezka? Honek ez luke zentzurik, baina ibaiarenak, antza, bai. Hortaz, ibaiak urez gainezka daudela eta, kexu. Baina paradigma berriak sortu beharra dugun honetan, zergatik ez esan, kasurako ere, ur-bideak eraikinez gainezka? Mendi-hegalak pinudien ur-pistaz gainezka? Niri kezka sortzen didana ez da urak handi etortzea, honek moteltze bidean ipini beharko liratekeen kalteak eragiten dituela jakinda ere, kezka sortzen didana arazoari aurre egiteko izaten den ikuspegi murritza da, talaiaren baxua. Ikuspegi hori mantenduko bagenu beste hamaika esparrutan, era guztietako krisien ama den krisi nagusiaren esparruetan, akabo!

Tutueria-azkeneko eztabaidara eroaten gaituen ikuspegi murritza, non kausa bakarra hartzen dugun kausen kate luzean kolpatu gaituen azken-azkena. Garaian bertsolari sakona zen bati irakurri niona gogoan: foku biko betaurrekoak behar ditugu, gertukoa eta urrunekoa, espazioan eta denboran perspektiba desberdinez izanda ere, uztarrian ikusteko. Eta bertsolaritza buruan oraindik, Atzekoz Aurrerako ikuspegia gauzatu, konpondu gura ditugun arazo guztietan. Ez dadin gertatu gertuen den zuhaitzak basoa ezkutatzea, guri. Horra, kasurako berriro, Gernikako arbola, uste batean ur larregi zoruan eta hara, usteldu! Eta hortxe geratu albistea, haren estatutuaren basoa, inausia izateko jaioa, albistegien ubidetik kanpo utzita. Zoruan ur gehiegi eta usteldu! Zoruan ur gutxiegi eta ihartu! Baina funtsezkoa ez da non dagoen neurria, orain estatutuaren urez ari naiz, baizik eta zeinek jartzen dion neurria neurriari. Horretarako ere, foku biko betaurrekoak behar. «Betatzeko»-ekin norabiderik ez. Harira, demontre! ez gaitzala ibaiak arroa ezkuta!

Tutueria-azkenean foku bakarrekoekin ari diren horiek, arazo berri bat dute abiadura handiko agendan. Espazioa, abiadura eta denbora barne hartzen dituen ekuazioa ulertzeko modua izan ere. Distantzia bera denbora diferentean erakunde desberdinetan. Erloju kontua! Espazioa, bai, ibaiek behar dutena, berriro ere hartuko dutelako, abiadura gutxitzeko. Denbora lekuko!