Kilkerren Soka Andoainen, Usurbilen eta Eskoriatzan izango da aste honetan

Larraitz Ariznabarreta, Jose Luis Otamendi, Bide Ertzean, Oier Guillan eta Asier Sarasola izango dira Kilkerren Soka egitasmoaren barnean egingo diren errezitaldi eta hitzaldietako protagonistak.

111 Akademiak martxoko lehen asterako antolatu duen Kilkerren Soka zikloak hiru hitzaldi eta errezitaldi eramango ditu Andoain, Usurbil eta Eskoriatzara eta, gainera, egitasmoa «111» aldizkaria aurkezteko ere erabiliko dute.

Lehen saioa bihar izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean. Bertan, Mondragon Unibertsitateko irakasle Larraitz Ariznabarretak «Martin Ugalde: diskurtso baten kartografiak» doktore tesia oinarri hartuta hitzaldia eskainiko du, 19.00etatik aurrera.

Ekitaldiari hasiera eman aurretik, 111 Akademiak argitaratu berri duen «111» aldizkariaren 0. zenbakiaren aurkezpena ere egingo dute.

Asteazkenean atseden hartuta, hurrengo hitzordua ostegunean izango da, Usurbilen. Jose Luis Otamendik iaz Susa argitaletxearekin argitaratu zuen «Kapital publikoa» poema liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du. Bere zortzigarren poema liburua den hau hiru ataletan banatu zuen Otamendik: «Bake hotza», «Jendea oinez» eta «Gosaria eta legea». Horien bidez, gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia erakutsi nahi izan zuen Otamendik. Errezitaldia 19.30ean hasiko da, Potxonea kultur etxean.

Zikloaren hirugarren eta azken hitzordua ostegunean izango da, Eskoriatzan. Bide Ertzean taldea eta Oier Guillan eta Asier Sarasola errezitatzaileek Joxan Artzeren «Heriotzaren ataria dugu bizitza» eta «Bizitzaren atea dukegu heriotza» poesia liburuetan oinarrituriko «Nola belztu behar zuria» ikuskizuna eskainiko dute.

Artzek 2013an argitaratu zituen bi poema liburu horiek eta Bide Ertzeanek haietan ageri diren zazpi poema kantu bihurtu zituen. Horiek entzuteaz gainera, beste hogei poema inguru errezitatuko dituzte Guillanek eta Sarasolak. Kontzertu-errezitaldia Zaldibar aretoan izango da, 22.30ean hasita.

Kilkerren Soka egitasmoa 2010ean jarri zuen abian 111 Akademiak, euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatu asmoz.