Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Patata ustela

Azken astean, apenas ikusi dut telebista, albistegietako segundo gutxi batzuk baino ez. Irudipena daukat, halere, gai bi egon direla pil-pilean: bateko, Celia Villalobos Espainiako Kongresuko presidenteordea Candy Crushean jolasten, tabletan, goxo-goxo, bitartean estatuaren egoerari buruzko eztabaida garatzen ari zela; besteko, Betis futbol-taldearen zelaian duela gutxiko partida batean entzundako kantikak, bortxa matxista goraipatuz genero-indarkeriako delituengatik espetxe-zigorra eskatuta duen taldeko jokalari bati babesa agertzeko.

Aurrenekoak eragindako eskandalua, niri neuri, xalo samarra iruditzen zait. Harritu ere egin nau, egia esan. Albistegietan Kongresuko irudiak-eta ematen dituztenean, sarri baino sarriago ikusten ditut nik politikariak sakelakoa eskuan; burua altxatu ere egin gabe, hitza duenari muzin eginda, irribarre bihurriak ere ikusi izan ditut pantailari eskainiak. Niri bost jolasean edo whatsappeatzen edo erosketak zerrendatzen dauden -daudenean, jakina-, uste dut herritarrontzat aspaldi dagoela kolokan esleituta dituzten kargua eta funtzioa betetzeko jartzen duten seriotasuna, besteak beste, halako irudiak ohikoak direlako egun eta ez dutelako inolako lotsarik edo umiltasunik agertzen ondoren. Horien larria da, batik bat, politika taxuz egin nahi dutenei, erantzukizunez, izugarrizko kaltea egiten dietela; eragiten diguten gaiez ebatzi behar duten guzti-guztiei sinesgarritasuna kentzen dietela eta, azkenean, denak lotsagabe eta alprojatzat jotzen ditugula guk.

Bigarren gertakariari dagokionez, ildo beretik doa. Villamarin futbol-zelaian entzundako gizonezkoen korua ozena zen. Sentsazioa ematen du bertaratutako guzti-guztiak ari zirela genero-indarkeria gogotsu goresten, taldean tratu txar emaile bat izateaz harro. Pentsatu nahi dut egun hartan, zelai hartan, pertsona askok sentituko zituztela auzo-lotsa, egonezina eta sumindura, zenbait burugaberengatik halako irudi nazkantearen parte sentituta. Zentzu horretan ikusten dut aurrekoaren ildo beretik, batzuen erruz guztiak zaku berean sartzeko joera-inertzia, baina askozaz ere larriagoa da. Garbi daukat -areago jakinaren gainean halakoak ez direla hain ezohikoak- gure jendartearen zenbait ezaugarri errotu bezain gaitzesgarriren isla dela; adibidez, idoloak muturreraino laudatzearena, miresten diren horiei barkaezinak ere barkatzearena, inolako ikuspegi kritiko eta justiziazkorik gabe; edo genero-indarkeriaren eta oro har matxismoaren kontrako kondenari eta borrokari dagokienez, oraindik ere epeltasuna gailentzearena, neurriak azkar eta irmotasunez hartzeko eta barkaezinak ez direla barkatuko garbi adierazteko orduan; edo kirol-munduan oraindik ere hainbesteko matxismoa arnastearena, gizonen erresuma izanik, emakumea era askotan gutxietsita.

Patata-poltsa osoa hondatzen duen patata ustela aurkitu eta baztertzeko lan desatsegina ez da sekula berez desagertuko, beraz, nork bere esparruan hartu beharreko ardura izan behar du, beste guztien ahalegina eta zintzotasuna ez daitezen lausotuta edo ikusezin geratu. Beharrezkoak ditugu-eta inspirazio-iturri egokiak.