Maider IANTZI
PARABERE FORUMA

Elikaduraren geroa aldatu fokua emakumeengan jarrita

Pentsatzen zuten egiten zutenak ez zuela funtzionatzen; ez zuten beren baliabideetan sinesten. Gaur, aldiz, badakite errekurtso sortzaile izan daitezkeela eta, elikagaien indarraren bidez, bizitza gidatzen dute. Kolonbiako ibai-ahoetan bizi diren emakume indigena eta afroen esperientzia izan zen Bilboko Parabere Forumean bigarren egunak eman zuen adibideetako bat.

Lapikoan bi osagai nagusi nahasi zituen igandean hasi eta atzo amaitu zen Parabere Forumak, gastronomia eta emakumea. Eta eragin eta eragin, emaitza interesgarriak atera ziren, itxaropenez betetako etorkizun baten zaporeak.

«The future of hope, a future for all» (itxaropenezko geroa, denontzako geroa) izenburuarekin, Chido Govera Zimbabweko gazteak eman zuen Alondegiko hitzaldirik txalotuenetako bat. «Aktiba zaitez. Egin zerbait zure alde. Ez izan biktima. Gauzak gertatzen dira, baina gainditu egiten ditugu». Hori da ahalduntzen dituen haur eta neska gazteei helarazten saiatzen den mezua. Berak bizitakoa kontatuz hasten da, baina ez da, inondik inora, horretara mugatzen.

Janaren %30 zaborretara

Hilal Elver Nazio Batuetako kontalari berezia Filipinetatik iritsi zen Bilbora, hainbat eskala egin ondotik, agroekologia emakumeentzat, gastronomiarentzat eta planetarentzat ona zergatik den arrazoitzera. Horretarako, egungo egoera deskribatu zuen: 805 milioi lagunek gose kronikoa dute, baina ez dago elikagai faltarik, 12 bilioi pertsonarentzako adina dago. %30 alferrik galtzen da, ordea. Aipatu zuen bertze datu esanguratsu bat janarian gastatzen den diruarena izan zen: Suitzan soldataren %7 eta Afrikan, %70.

Justu kontrakoa da Leonor Espinosa kolonbiarrak sortutako Funleo fundazioak defendatzen duena: tokian tokikoa. Laura alabak eta biek gastronomiaren bidez herrialdearen garapenaren parte izan daitezkeela sinesten dute. Horren adibide dira ibai bokaleetan bizi diren emakume indigena eta afroak, haurren hazkuntzaz soilik ez nutrizioaz ere arduratzen direnak. Emakume kementsu eta airosak, teilatuko belarrak (hala deitzen zaie altu daudelako) kultibatu edo maskorrak ateratzen dituztenak. Espinosa ziur dago: jendea egiten duena baliagarria dela sentitzen hastean, gauza ugari sortzen da.