GARA DONOSTIA

Iparraldea Bertan! zikloak hiru kantaldi eta dokumental bat ekarriko ditu Donostiara

Bihar hasi eta hilabete osoan, Ipar Euskal Herriko kultur sorkuntza ezagutzeko aukera eskainiko du Iparraldea Bertan! zikloak. Hamalaugarren edizioak lau hitzordu izango ditu, denak Koldo Mitxelena Kulturunean.

Gipuzkoako Aldundiak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Iparraldea Bertan! zikloa hiru kantaldik eta dokumental batek osatuko dute. Kantu tradizionala eta gaurkotasuna uztartuko ditu aurtengo edizioak, sortzaile berrien ekarpenak eta betiko kantuen ibilbideari arreta berezia eskainiaz. Eskaintza zabala dakar aurten ziklo horrek. Erramun Martikorena Koldo Mitxelenan izango da (martxoak 25, 19.00), baina haize berriak ere sentitu ahal izango dira Donostian, Miege bikoteak dakarren musika elektronikoarekin, esaterako (martxoak 18, 19.00). Tartean, Aire Ahizpek (hilak 11, 19.00) kantu tradizionalaren eta sortzaile berrien arteko zubia nola gauzatu den agertuko dute.

Aurtengoan, gainera, Xalbadorrek garrantzi berezia izango duela jakinarazi zuten atzo antolatzaileek Donostian egindako aurkezpenean. Eneko Dorronsorok haren inguruan egindako dokumentala ikusi ahal izango da; Xalbadorren lau seme-alaben lekukotasunekin, film intimista batek emango dio hasiera zikloari, bihar bertan, 19.00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.