Joxemari Carrere
Ipuin kontalaria

Norbait zegoen, norbait ez zegoen

Ipuin bat kontatzen hastea ez da gauza erraza. Hasierak emango dio ipuin horri nolabaiteko nortasuna, iragarriko du etorriko dena, edo entzulea abentura liluragarri baten atarian jarriko du. Hizkuntza guztiek badituzte ipuinak hasteko formulak, batzuk oso antzekoak, baina guztiak esanez bezala «adi, abentura zoragarri bat hastera doa». Euskaraz badira batzuk, horien artean ederrenetako bat iruditzen zait «Munduan asko bezala...». Ipuineko protagonista entzulearen antzekoa izango da, ez da superheroia izango, besteen berdina aitzitik. Izan ere, bizitzan guztiok dugu zerbait kontatzeko, zerbait harrigarria; eta ipuinak horietako pertsona bati gertatutakoa kontatuko du. Horregatik entzun nahiko dugu, horregatik izango dugu zertaz egin gogoeta ipuina entzundakoan. Horregatik ipuinak ez dira huskeria bat.

Tolosan eta Ordizian egun hauetan egiten ari den «Ahoz aho» kontaketa jaialdian Tarana Karim dabil Azerbaijan bere herrialdeko ipuinak kontatzen. Tolosan bizi denez euskaraz primeran moldatzen da eta halaxe kontatzen ditu. Txikitan kontatzen zizkioten ipuinak kontatzen ditu, eta ipuinak hasteko «Garai batean norbait bazegoen eta beste norbait ez zegoen» formula erabiltzen omen dute. Ederra. Hasierak berak interesa sortzen du hastear dagoen istorioan. Eta Tarana entzuteko irrika sortzen da, urrutiko lurralde hartako istorio harrigarriak entzuteko grina. Malik Mammad erregearen semeari gertatutakoak, edo agian, Nushaperí-janum, Kandagarreko errege krudelaren alabaren istorioa. Ipuin zoragarriak Azerbaijangoak. Tolosako eta Ordiziako «Ahoz Aho» jaialdian entzuteko aukera.

Hiru sagar erori dira zerutik...