Iraia Oiarzabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Inoren itzaletik libre

Asteleheneko gimnasia klaseak eskaini dit asteko lehenengo hausnarketarako parada, egoerarik onena ez badirudi ere, behaketarako aukera paregabeak uzten baititu maiz. Eta halaxe gertatu zitzaidan ingurukoen jardunean arreta jarri nuenean. Seme-alabak eskolan utzi eta etxeko zaintza lanak dakarren zurrunbiloan sartu aurretik, kirolaz eta kideekin izaten diren solasaldiez gozatzeko eten sakratua da askorentzat. Ihesbidea edo.

Eta hara, askatasun momentutxo hori azkenaldian askok ahoz aho darabilten «50 sombras de Grey» filmaz aritzeko baliatu zuten, zenbait kasutan halako istorio bat bizitzeko «fantasia» aipatuz. Irakurri ditudan kritikez harago, trilogia famatuaren edukia ezagutzen ez dudanez, ezer gutxi esan dezaket argumentuaz, zuzentasunez behinik behin. Egoerak, ostera, barrenak mugitu zizkidan. Gizonaren gorentasunean oinarritutako mendekotasun harreman bat -amodiozko istorio suhar gisa saltzen dena- irrikatzea une batez, ondoren, kolpe batez errealitate gordinera itzultzeko. Eta errealitateak emakumeok desberdintasun egoera batean bizi garela diosku.

Ezer berririk esaten ari ez naizen honetan, aste honetan bereziki, Emakumeen Nazioarteko Egunaren gertutasunak halako mezu ugari ekarriko dizkigunean. Baina inor saturatzeko asmorik gabe, ez dago gaizki memoria freskatzea. Datuak hor daude: etxeko lanen karga emakumeon gain erortzen da oraindik ere; horrez gain eta horregatik, inongo aitortzarik jaso gabe lan merkatuan askoz muga gehiago topatzen ditugu, lana eta familia uztartu behar izatearen ondorioz. Horrek, aldi berean, arrastaka dakartza lan baldintza kaskarragoak, ibilbide profesionala garatzeko zailtasunak... Etengabe estutzen gaituen soka.

Eta parez pare, kezkatzeko modukoak diren joerak, kolektiboak eta banakakoak. Horregatik, gizartea eraldatzea bezain garrantzitsua iruditzen zait gure baitan kontzientziazio ariketa sakona egitea. Norberaren autonomia landu eta berorri eutsiz, inoren menpe eta ezeren zain izan gabe. Hortik ere irekiko delako berdintasunean bizitzeko bidea.