GARA DONOSTIA

Komisariotza praktiken inguruko lehen programa jarri du abian Donostiako Tabakalerak

Komisariotza proiektuen praktikan lanean hasi nahi dutenei edo hasi berri direnei zuzenduta abiatu du programa Tabakalerak. Izena emateko epea martxoaren 27an amaituko da eta doakoa izango da.

Komisariotza praktiken alorra eta erakusketa formatuetara bideratutako ikerkuntzaren inguruan topaketarako eremu bat sortze aldera, Tabakalerak lehen deialdia ireki du, komisariotza proiektuen praktikan lanean hasi nahi dutenei edo oraintsu hasi direnei zuzenduta. Ekimenaren helburu nagusia komisariotza proiektu bat abian dutenei edo abian jarri nahi dutenei laguntza eta jarraipena eskaintzea izango da eta, aldi berean, Sukaldean (Tabakalera) egingo diren saioen bitartez, arlo honen testuinguruan dabiltzan eragileak harremanetan jartzea.

Apirila eta ekaina bitartean, ostiraletan izango diren sei saio presentzialetan, gonbidatutako eragileek beren esperientzia profesionala parte hartzaileekin elkarbanatuko dute aurkezpen, lantegi eta ariketen bitartez, komisariotza praktikari ekiteko modu desberdinen gainean eztabaidatzeko. Landuko diren gaien artean, idazketa, kritika eta entsegua, kulturaren kudeaketarekin erlazioa duten alor praktikoak, komisariotzaren historia eta funtzioak, komisariotza eredu desberdinak eta komisarioaren eta artistaren arteko elkarlana izango dira, besteak beste. Horretarako, alorreko profesionalak, artistak, komisarioak, kritikariak eta kultur kudeatzaileak izango dira gonbidatuak.

Programa hau artearen eta kultura garaikidearen inguruko ikasketak egiten ari diren ikasleei, profesional gazte edo berriei eta programan interesa duen orori zuzenduta dago.

Ikastaroa apirilaren 24an abiatuko da eta ekainaren 5ean amaitu (10.00-13.00 eta 16.00-19.00). Izena emateko epea martxoaren 27an amaituko da. www.tabakalera.eu webgunearen bitartez egin daiteke eta doakoa izango da.