GARA

Luix Barinagarrementeriak Arartekoa herritarrengandik gertuago nahi du

Arartekoak nolakoa izan behar duen, ze funtzio bete behar duen eta ze eredu jarraitu beharko lukeen. Hori guztia azaldu zuen atzo Luix Barinagarrementeriak, EH Bilduk kargu horretarako aurkeztu duen hautagaiak. Berak instituzioa herritarrengandik gertuago nahiko luke.

EH Bilduk Luix Barinagarrementeria abokatua aurkeztu du ararteko izateko -Iñigo Lamarca kargua uztekotan dago-, eta hautagaiak bere programaren eta instituzio horrek jarraitu beharko lukeen ereduaren berri eman zuen, atzo, Donostian. Adierazi zuenez, Arartekoa herritarrengandik gertuago egotea nahiko luke eta, gainera, noizean behin administrazioari «zaplazteko» bat emateko gaitasuna izan beharko luke. Betiere, noski, «errespetuz» emandakoa.

Julen Arzuaga parlamentariak eman zion hitza Barinagarrementeriari, eta honek, ia euskara hutsean egindako hizketaldian, aipatu zuen Arartekoa erakundeak egun duena baino gaitasun handiagoa izan beharko lukeela, bere iritzian orain administrazioari «kili-kiliak» egiteko kapaz baino ez baita.

Herriarenganako gertutasuna bilatzeko xedez, ezkerreko koalizioaren hautagaiak esan zuen «parte hartze zuzena» lortzeko modua topatu beharko litzatekeela, eta herri batzorde bat osatzeko aukera ere mahai gainean jarri zuen. Honekin batera, abokatu gipuzkoarrak adierazi zuen Arartekoaren eskumenen «interpretazio ahalik eta zabalena» egin beharko litzatekeela, «herritarren ikuspegitik administrazioaren kontrolatzaile papera bete ahal dezan» eta «herritarren euren eskubideak bermatzeko gaitasuna» izan dezan.

Barinagarrementeriak adierazi zuen, halaber, eskubide sozialen urraketen esparruan orain arte Arartekoa instituzioak «lan ona» egin duela, eta berak lan hori mantendu edo ahal bada «biderkatu» nahiko lukeela aipatu zuen. «Ezin dugu onartu herritarrek ez izatea jatekorik, ez etxebizitzarik, ez hezkuntzarik, ez osasungintzarik. `Populista' eman lezake hori esateak, baina ezin dugu onartu», gaineratu zuen.

«Puntu ilunak»

Arartekogaiak nabarmendu zuen, gainera, «mundu osoko administrazioetan dauden puntu ilunei» atentzio berezia jartzea beharrezkoa dela, eta puntu ilun horien artean aipatu zituen, besteren artean, kartzelak, atxilotze esparruak eta poliziaren lana. Ildo berean, «torturaren errealitateari» eta giza eskubideen urraketei garrantzi handia emateko asmoa adierazi zuen Barinagarrementeriak.

Bestetik, EH Bilduren hautagaiak iragarri zuen, ararteko izendatzen badute, Carlos Urquijo Gobernu espainoleko ordezkariarekin biltzea eskatuko duela, bere ustez honek aurkeztu dituen hainbat salaketek herri askotako biztanleen hizkuntza eskubideak urratzen baitituzte.