Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Oilo-zirin usaina Kapitolioan

Putinek iragarri du bere garaian Irani saldu bai baina, Mendebaldearen presioengatik, entregatu ez zizkion S-300 sistema antiaereoen ordainetan Antey-2500 bateriak, aski berriagoak eta ahaltsuagoak, emango dizkiola. Oso albiste txarra da Ameriketako Estatu Batuentzat ere. Eta Saudi Arabiarentzat

Zutabetxo hau irakurtzen duzunerako, hedabideetan izango dira Netanyahuk Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuaren aurrean atzo arratsean esandakoak; beraz, edonon aurkituko dituzu. Haiek ezagutu gabe idazten dut nik, ordea, eta ezagutzeko batere jakin-minik gabe, egia esateko. Alde batetik, zer esango duen (Iranekin itun nuklearra sinatzea izugarrizko hutsegitea dela, eta abar) igartzen dudalako. Bestetik, hitzaldi horren benetako funtsa ez dagoelako edukian, edukiontzian baizik. Testuinguruan. Eta hori ageriegian dago jada.

Netanyahu ez da AEBetako Kongresuari zuzenean hitz egiteko aukera duen lehen agintari atzerritarra. Ohikoa da usadioa... bertako bi alderdi nagusien adostasunarekin, beti ere. Ez baita ahaztu behar kanpo-politikaren eskuduntza Etxe Zurian eta Estatu Idazkaritzan datzala, eta ez Kongresuan. Hortxe dago koska, haatik, oraingoan: Kongresuan nagusi diren errepublikanoen buru John A. Boehner speaker-aren gonbitez soilik etorri da Netanyahu, Obama Administrazioaren eta kongresukide demokraten ezezko biribilarekin. Zergatik?

Jadanik ez da Obama eta Netanyahuren arteko ezinikusi pertsonal garrantzaren zipriztin hutsa. Alde bien arteko harremanak erabat gaiztotzen ari dira ia atal guztietan. Iazko urrian, Obamaren Administrazioko goi arduradun anonimo batek chickenshit, oilo-zirina, deitu zion Israelgo lehen ministroari. Eta esapidea nola ulertu ez zekitenentzat-edo gehitu bide zuen: «Ez dauka potrorik!». AEBei eginarazi nahi diena (Irani erasotzea) berak egiteko, alegia. Ez noski. Batez ere orain, Putinek iragarri duenean bere garaian Irani saldu bai baina, Mendebaldearen presioengatik, entregatu ez zizkion S-300 sistema antiaereoen ordainetan Antey-2500 bateriak, aski berriagoak eta ahaltsuagoak, emango dizkiola. Oso albiste txarra da AEBentzat ere. Eta Saudi Arabiarentzat.

Israelen martxoaren 17rako deituta dauden hauteskundeen kanpainaren erdian gertatzen ari da hau dena. Israelgo gorabeherak AEBetako barne auzi bihur daitezen beste urrats bat da, estatu sionista 51. estatua bailitzan... baina gainerakoek dituzten eskumen eta betebeharretatik oso aldenduta. Eta hori, gainera, historikoki sionismoarekin ezkorrenak izan diren errepublikanoen besotik egin nahi du Netanyahuk, adiskide zahar demokratei iskin eginez...