Amalur Artola

Artea eta kultura galbidean direla, «hiri grisa» bihurtzen ari da Gasteiz

Ez da erraza Gasteizen sortzaile izatea. Kulturara bideratutako laguntzetan «murrizketaren atzetik murrizketa berria» datorrela salatzen dute artistek, ez dutela kultura sortzen eta birpentsatzen jarraitzeko espaziorik, eta Udalak artea kale gorrian egotera derrigortu duela. Ez dute askorik eskatzen: Udalak kultur plangintza bat osatzea eta, sortzaileei eskua luzatu nahi ez badie, «gutxienez, egiten uztea».

Krea eraikina artistentzat sortu zen. 18 milioi euro xahutu zituzten eraikina konpondu eta egokitzen eta, bost urteko lanak bukatzean, itxi egin zuten. Itxi, inork erabili ez zezan. Inork ezin du bertara sartu, ezta inguratzen duen lorategira ere. Arabarron artean ordaindu dugun lorategia bera ere pribatizatu eta hesitu egin dute. Hori bai, aldiro-aldiro lorategia polit eta eder egon dadin langile bat bidaltzen dute, belarra moztera». Hitz horiekin azaldu du Irantzu Lekue artista plastikoak Krea eraikinaren itxierak eta oro har Gasteizen arteak eta kulturak bizi duten «egoera latzak» sortzen dion etsipen sentimendua.

Azken urteetan Udalaren aldetik izan diren murrizketek Gasteiz «hiri grisa» izatera eraman dutela uste du Lekuek, krisiaren aitzakiak kultura hiritarra kolpatu eta artea sustatzen zuten hainbat erakunde babesik gabe utzi dituela. Esaterako, sortzaileei bideratutako bekak eta Luna Krea egitasmoa bera «desagertu» egin direla salatu du eta, murrizketak tarteko, beste ekimen asko «egoera larrian» daudela. Arte eta Ofizioen Eskola edota hiriko kulturan erreferente diren Montehermoso kulturgunea eta Artium museoa aipatzen ditu, besteak beste. «Kultura ez da bakarrik Gabonetako jaiotza lehiaketa edota enpresa pribatu batek antolatzen digun Azkena Rock festibala», salatu du.

Hiriak bizi duen egoerak bultzatu zuen Lekue urte amaieran artistek sormena landu ahal izateko espazioa izan behar zuen Krea eraikinaren atarian rangoli bat, Indian oparotasuna eskatzeko egiten den margolana, osatzera. Udaltzainek eta Kreako segurtasun langileek kanporatu zuten handik, «artistentzat behar zuen espaziotik».

Urte berriak ez duela aldaketarik ekarri uste du Lekuek, orduko hartan bezala artistek «kale gorrian» jarraitzen dutela. «Udalaren aldetik ez dugu laguntzarik, ezta lan egiteko tokirik ere». Erakusketak hartzen dituzten guneek begiak artista ospetsuentzat soilik dituztela dio, ez dagoela artista gazteen aldeko apusturik. «Basamortu gris bilakatu dute berez `berde' beharko lukeen Gasteiz».

Gauekoak elkartea izan da murrizketen haritik bere egoera salatu eta Udalarekiko kontrakotasuna adierazi duen azkena. Hamalau urte daramatza 17-30 urte arteko gazteei aisialdi alternatiboa eskaintzen eta iaz, esaterako, 48 egun ezberdinetan 110 ekintza garatu zituen elkarteak. 7.000tik gora gaztek hartu zuen parte horietan. Elkarteak azaldu duenez, 2011n udalbatza aldatu zenean, 292.000 euro jasotzen zituzten euren ekimenak gauzatu ahal izateko. «Aurten, ordea, Udaleko kudeatzaileek 60.000 euro zuzendu nahi dituzte, gizarteari murrizketarik ez dagoela esaten dioten bitartean. Javier Marotoren lantaldeak Gasteizko gazteei esaten diena zera da: `nik esango dizut zure denbora librea non pasa', `lasai, ez larritu, nik antolatuko dizut ekintza' edo `kontatu iezaguzu zure ideia, guk zure partez burutuko dugu'. Honela gazteak erabiltzaile soilak balira bezala jokatzen dute, zenbaki xume bihurturik».

Laguntzarik ez, egiten utzi ere ez

Arte eta kulturarekiko ez dagoela iparrorratzik uste du Lekuek. Ez dagoela ongi bideratutako politika orokor bat. «Ez dago kultura bizi-bizi jarriko duen egitasmorik, ezta just do it pentsamendua sustatzeko planik ere. Gutxienekoa hori litzateke, jendeari egiten uztea; laissez faire, liberal frantsesek esaten zuten moduan. Hauek ere `liberalak' omen dira, baina kultur arloan sor daitezkeen ekimenak oztopatu eta kakazten dituzte. Hamaika baimen eskatu behar da edozer egiteko... kultura egiteko? Nola da posible? Kontzertuetan multak jartzen dituzte, artistoi Gasteizko plazarik ederrenak erabiltzeko oztopoak jartzen dizkigute... baina ez, ordea, La Caixa banketxe pribatuari. Gutxiengoa egiten uztea litzateke».

Iritzi berekoa da Unai Lopez de Armentia ere. Udalak ez duela berak ezinbestekotzat jotzen duen kultur plangintzarik eta, udalbatzaren aldaketa gertatzen den aldiro, aurreko udal taldeak abiatutako proiektuak ahanzturan galtzen direla dio. Horregatik sortu zuen, orain urtebete pasatxo eta Garazi arrebarekin batera, Baratza Aretoa. «Gasteiz kultura mailan oso gaizki dago. Eta, hein handi batean, etorkizunera begirako kultura planik egiten ez delako da. Alkate berria sartzen den aldiro gauza berriak egiten dira lehen zeudenak mantendu gabe, eta azkenean geratzen den bakarra unean atera duten argazkia da». Errealitate hori sortzaileentzat «oso gogorra» eta nekagarria dela aitortu du Lopez de Armentiak eta, «PPk kultura ulertzeko duen erak» hiriko egoera are ilunagoa izan dadin eragiten duela adierazi du. «Aurten ez dago aurrekontu berririk kulturarako, prorrogatu egin dute eta, gainera, aspalditik dauden elkarte askori laguntzak ikaragarri murriztu dizkiete... Gauza asko ari dira desagertzen eta hori oso gogorra da. Badirudi paseo de los farolillos delakoari eta zezen plazari dirua eman eta gainontzeko guztia desagertzea nahia dutela... Ez dute kultura ulertzen, ez behintzat guk ulertzen dugun bezala».

Lopez de Armentiak urteak eman zituen Euskal Herritik kanpo sormen lanetan, batez ere arte eszenikoen alorrean, eta Gasteizera itzuli nahi izan zuenean, egoera ikusita, bide berria zabaldu beharko zuela argi ikusi zuela dio. Hala sortu zuen, arrebarekin batera, Parasite Kolektiboa konpainia, eta Aldabe plazan lokala hartu zuten ekimen publikoak ematen ez ziena ekimen pribatuaren bidez erdiesten ahalegintzeko: «Gasteizen badaude akademia, arte eskola eta antzezlekuak, kultur etxe bakoitzak bere eszenatokia du eta lanak aurkezteko lekuak egon badaude. Behar dena espazio horiek hemengo eragile kulturalei zabaltzea da. Haiek baietz esaten dute, `erabil ditzakezu' esaten digute, baina horrek dakarren kostua handiegia da guretzat, hemengo artistok ezin ditugu erabili». Gasteiztarrek areto horiei tokiko artisten bidez erabilgarritasuna ematea ezinbestekoa dela uste du, «ez daitezen kanpoko programazioarekin soilik bete».

Kultura gizarteratzeko beharra

Eurek Baratza Aretoa sortzeko arrazoi nagusietako bat hori dela azaldu du Lopez de Armentiak. Gasteizek sortzaileentzat sortutako gune bat izatea. Ikuskizunak eskaintzeaz gain, entseguetarako espazioak eskaintzen dituzte, tailerrak ematen dira, eta mediateka eta taberna ere badituzte. Martxan daraman urte honetan hiriko «artista asko» hurbildu direla eta etengabe proposamenak egiten dizkietela dio. «Bi areto ditugu eta horiek beti beteta daude, tailer, entsegu, klase... denetik egiten da. Gasteizen artista eta talde mordoa dago, eta asko mugitzen dira, baina orain arte ez zeukaten Gasteizen bertan beren lana garatzeko, probatzeko edota programatzeko aukerarik, ez direlako konpainia handiak edota egiten dutena ez delako komertzialegia. Eta Baratzan guzti horretarako lekua aurkitu dute».

Anai-arrebak Euskal Herritik kanpo izan direnean egin dituzten kontaktuak direla medio, maiz artista atzerritarren bat ere izaten da Baratzan eta, era berean, aretoan dabiltzan artistei kanpoan euren lana erakusteko baliabideak eskaintzen saiatzen dira. «Gasteizkoa internazionalizatu eta kanpokoa gure egitea ere bada gure nahia».

Gizarteak artearekin eta kulturarekin duen harremana sendotzea da Baratzaren beste helburuetako bat. Gasteizen, orokorrean jendeak kulturaz duen ikuspegia «oso murritza» dela uste du Lopez de Armentiak. «Printzipal antzokian ematen diren lanak, esaterako, oso komertzialak dira eta jendea produktu oso itxi bat ikustera doa. Aulkian esertzen da eta, bukatutakoan, badoa. Hor bukatzen da hartu-emana. Guk hori integratu egin behar dela uste dugu, artistek euren lanak prestatu eta programatzeko espazioak behar dituzten bezala, publikoak prozesu hori ezagutzeko aukera izan behar duela, sortzaileekin hitz egin eta eztabaida sor dadin». Baratzan hilean behin mediatekan artistekin solasean aritzeko aukera eskaintzen dute, «euren ideiak plazaratu eta sormen prozesuan nolabait parte hartzea nahi dugulako».

Urtebeteko ibilbidearen balantzea eginda «pozik» daudela aitortu du Lopez de Armentiak. Hasierako saioetan 20 pertsona biltzen zirela eta egun kopuru hori bikoiztu egin dela dio, eta euskarazko ekoizpenetara ere «jende gehiago» hurbiltzen hasia dela. «Hileko asteburu bat programatzen dugu eta jendea Baratza ezagutzen doan neurrian gehiago hurbiltzen da».

Hala eta guztiz ere, ireki zutenetik Baratzak galerak izan dituela onartu du. «Udalarekin dugun hitzarmenaren bidez 8.000 euro eskas jasotzen ditugu... Egiten dugun programazio osoa egin nahi dugulako egiten dugu, behar dela uste dugulako. Lan handia da, agian handiegia gu biontzat, baina garbi dugu aurrera egingo dugula. Noski, badakigu hemendik bost urtera berdin bagaude ezin izango dugula, baina aurrera jarraitzen badugu da ikusten dugulako arloko jende asko oso positiboki hartzen ari dela gure protesta eta, beraz, horrek animatu egiten gaitu».

Gasteizek hiri bezala, ez sortzaileei soilik dagokienez, artea eta kultura sustatu, garatu eta indartzeko guneak behar direla uste dute Lekuek zein Lopez de Armentiak. Eta argi dute Udalaren «utzikeriaren» aurrean ez direla besoak gurutzaturik geratuko. «Haiek egiten ez badute, guk egingo dugu», ziurtatu du Lopez de Armentiak.