Aitziber Pz. De Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Martxoan...

Nire egutegian martxoaren hasierak bi data berezi ditu. 1976ko martxoaren 3an dena aldatu zen, eta hiru urte beranduago jaio arren, zeharo aldatutako Gasteiz horren alaba naiz. Martxoaren 3ko gertaerekin hazi eta hezi naiz eta nire historiaren parte diren hildako eta zauritutako langileen odol putzuekin egin nintzen ezkertzale.

Ezkertzale eta feminista. Martxoaren 8a egunerokoan darabiltzagun borroken erakusleiho bat baino askoz gehiago da, baina ez da txarra gure ikuspenerako erreferente gisa eta sarri sentimendu gazi-gozoak eragin dizkit egun horretako argazkiak, ez gaudenongatik, kale egin dutenengatik baizik.

Inoiz baino beharrezkoagoa da martxoaren 3a, eta ez justizia egin dadin eskatzeko soilik. Krisialdiak irentsi gaituen honetan, krisia ezin da ekonomikoki soilik neurtu; sistema patriarkalaren ondorio den krisiak sarri emakume izena duenean. Hargatik, ezin bi daten artean aukeratu, biak dira bateragarri eta ezinbestekoak, feminismoak transbersala izan behar duen moduan.

Martxoaren 3ak iraultzaren sinonimo behar du izan. Eraldaketarako grinen erakusgarri eta nahigabetu eta nazkatuta bezain armatuta gauden erakusgarri. Beti egonen naiz Martxoaren 3ko plazan, baina historiari huts egin nahi ez badiogu, erabatekoa behar du izan erreboltak, eta bestelako plazak ere bete behar ditugu. Gorriak eta moreak, martxoaren 3an eta 8an. Aldaketa feminista izango da edo ez da aldaketarik izango. Gioconda Bellik dioen bezala, «nola esan, Gizon, ez zaitudala behar. Ezin diot kantatu emakumearen askapenari, ez badizut zuri kantatzen, eta nirekin batera askapenak ezagutzera gonbidatzen zaitut».