Amalur Artola
Kazetaria
IKUSMIRA

Urak, haserreak bezala, beti aurkitzen du bere bidea

Hernaniko errugbi zelaia urak hartzen duen bakoitzean gauza bera errepikatzen diegu jokalariei: hobe luketela waterpolora pasa. Inoiz, arroz landaketa kolektiboak edota Landare piraguen aparkaleku bilakatzea ere proposatu izan da. Ez dugu maliziaz egiten; uholdeek eragiten duten egonezina eta etsipena arintzeko bitarteko bat besterik ez da.

Gertutik ezagutzen dugu Karabel eta Portu auzoetako lagunen egoera, baita Martutene eta Ergobiko bizilagunena ere. Haien ahotik ezagutu ditugu etxean edo lokaletan urak eragin ditzakeen kalteak, baita leihatila eta aseguru etxeetara egindako joan-etorrien ondotik nagusitzen den sentipena ere: etsipena.

Uholdeek eragindako kalte materialak zenbatzen gabiltzan honetan -kalte moralak ez ditu oraindik inork zenbatzen-, ezintasunak sortutako adierazpenak entzun ditugu kaltetuen ahotan. Haserre daude, eta normala da, baina zalantzak ditut haserrearen norabidearekin. Ulertzen ditut urte luzez bizi duten egoera dela eta arazoak aspaldi konpondua beharko lukeela esaten dutenean. Zilegi da instituzioei ardurak exijitzea ere, zertarako daude herriaren ongizatea ziurtatzeko ez bada?

Baina, haserreak bezala, urak ere beti aurkitzen du bere bidea. Agian, arazoa ez da ibaiek gainezka egin izana. Nik ulertzen ez dudana etxeak erreka bazterrean eraikiz aurretik ez zegoen arazoa sortu izana da.

Karabeleko zubi berriaren lanak orain gutxi amaitu zituzten. Uholdeak ekiditeko lehen neurria da. Haren aldamenean etxebizitzak eraikitzen hasi dira eta, noski, egunotan urpean egon da gerora etxeak egongo diren gunea. Berriro ere, etxebizitzak eraikitzen ari gara, non eta ibai bazterrean, uholde arriskua duen eremu batean. Gero, neurri gehiago hartuko ditugu uholdeak ekiditeko eta agian Karabelen hankak lehor mantentzea lortuko dugu, baina urak bere bidea aurkitzen du, eta beste punturen batean irtengo da, aurrerago edo atzerago. Eta guk erreka bazterrean eraikitzen eta uholdeak ekiditeko neurriak hartzen jarraituko dugu. Eta, naturak, berea den lurra erreklamatzen.