GARA LANGRAIZ OKA

Arabak finalean izango du begia, Nafarroak finalaurrekoetan

Aurrera doaz Araba eta Nafarroako bertsolari txapelketak eta asteburu honetan hiru saio jokatuko dira. Gaur Berriozar eta Langraiz Okan eta, bihar, Lesakan. Gaur bertan jakingo da ze bertsolarik hartuko duten parte Gasteizen jokatuko den Arabako Txapelketako finalean.

Bertsozaleek gozatu ederra hartuko dute asteburu honetan. Gaur Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketetako saio bana jokatuko da Langraiz Okan eta Berriozarren, eta, bihar, Lesakak hartuko du lekukoa.

Arabako Bertsolari Txapelketa amaierara iristen ari da eta, hain justu, Langraiz Okako saioan jakingo da zeintzuk izango diren martxoaren 21ean Gasteizen jokatuko den finalean parte hartuko duten sei bertsolariak. Gainera, txapelketako historian zehar Añanak lehen aldiz hartuko du saio bat. Bertan parte hartuko duten bertsolariak Paula Amilburu, Jagoba Apaolaza, Ander Solozabal, Iker Pastor, Xabi Igoa eta Zigor Enbeita izango dira eta gai-jartzaile lanetan Veronica Domingo gasteiztarra ariko da.

Saioari 17.30ean ekingo zaio Arabako herriko Gizarte Etxean eta sarrerak bertan eskuratzeko aukera izango da, ordu erdi lehenago.

Nafarroa finalaurrekoetan da

Nafarroako Bertsolari Txapelketak, bestalde, finalaurrekoei ekingo die asteburu honetan. Gaur sei bertsolari ariko dira kantuan Berriozarreko oholtzan: Jon Barberena, Julio Soto, Eneko Fernandez, Iñigo Olaetxea, Alazne Untxalo eta Sarai Robles. Aurkezle lanetan, berriz, Fernando Anbustegi arituko da.

Lehen finalaurreko honekin batera, lehen finalistaren izena ere ezagutuko da, saioa irabazten duenak zuzeneko sailkapena lortuko baitu. Gainerako bertsolariek puntuazio orokorren zain egon beharko dute.

Herriko Entzunaretoan izango da hitzordua, 17.30ean. Sarrerak gaur bertan lortzeko aukera dago, 16.00etatik aurrera.

Bihar, aldiz, Lesakara egingo du jauzi Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Harriondoa Kultur Etxean, 17.30ean, honako sei bertsolariak arituko dira kantuan: Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Julen Zelaieta, Xabier Terreros, Amaia Elizagoien eta Kotte Plaza. Saioa Alaitz Rekondok aurkeztuko du.

Berriozarren bezala, Lesakan ere saioa irabazten duenak finalera zuzenean sailkatzea lortuko du, eta gainontzeko bost bertsolariek martxoaren 15ean Burlatan jokatuko den hirugarren eta azken finalaurrekora arte itxaron beharko dute puntuazioz finalistak diren jakiteko.

Lesakako sarrerak ere egunean bertan eskuratu ahalko dira, 16.00etatik aurrera lekuan bertan.

Nafarroako Txapelketarako sarrerak 10 euroan eskura daitezke (6 euro Bertsozaleko bazkideek). Arabako sarrerak, aldiz, 8 euroan daude (6 bazkideek). Bi txapelketen kasuan, 16 urtetik beherakoek doan ikusi ahalko dituzte saioak.