Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Uda bateko kronika (II)

Argazkietako batean, leiho batetik kontzentrazio-esparru bati begira, kapelaren itxuragatik argi eta garbi frantsesa den polizia-gizona agertzen da. Gerra ostean, nazismoaren izugarrikeriak ukatzea ezinezko bihurtu zenean, gogortu egin zen zentsura Frantzian, eta erabat debekaturik zegoen herrialdearen kolaborazionismoaz hitz egitea, are gutxiago juduez. Halakorik ez zen inoiz gertatu. Frantzia bera nazien biktima izan zen. Horrela sortu zen erresistentziaren mitoa. Resnaisen dokumentalean agertzen den polizia-gizon frantsesaren argazkia ez zitzaien agintariei batere gustatu, herrialdearen izen ona zapuzten zuelako. Polizia-gizona ezabatzera behartu zuten, eta Resnaisek hala egin zuen. Duela urte gutxi batzuk, dokumentala berritzen ari zirela, jatorrizko argazkia berreskuratu zuten. Orain hasi dira onartzen frantsesak erregimen naziarekin izan zuten lotura, eta erresistentzian aritutakoen kopurua nabarmen jaitsi da.

Rouch eta Morin dokumentala osatzen ari zinenean, baina, kontzentrazio-esparruetan gertaturikoa bakar batzuen oroimena baino ez zen. Hots, holokaustoaren fenomenoa, memoria kolektibo moduan ulertuta, sortzeko zegoen. Zinemagileek norabide horretan urrats garrantzitsua egin zuten, Marcelineren testigantzari toki berezia emanez. Hain zuzen, Landryri besoan tatuaturik duen zenbakiaren esanahia azaldu ostean, hurrengo sekuentzian Marceline Concorde plazan ibiltzen azaltzen zaigu, bakarrik hizketan. Aitaz mintzo zaigu, nola Auschwitzera bidali zituzten biak eta banatu egin zituzten, nola azkenekoz ikusi zuenean kosta egin zitzaion alaba ezagutzea, nola nazi batek kolpe bat eman zion masailean elkar besarkatu zutenean.