GARA
BAIONA

Baionako meskitari eginiko erasoari «kutsu erlijiosoa» kendu dio fiskalordeak

Eraikinari molotov koktelak jaurti zizkioten eta kalte material arinak eragin. 2015eko urtarrilean pintada arrazistak egin zituzten otoizlekuan, «Charlie Hebdo» astekariaren aurkako atentatuaren ostean.

Igandetik astelehenerako gauean eraso egin zioten Baiona iparraldean dagoen meskitari, molotov koktelak jaurtita. Atzo FranceBleu irratiak jakitera eman zuenez, erasoaren ondorioz aire-girogailua kaltetu zen eta horma bat belztu zen. Baionako fiskalorde Marie Hirigoyenek baieztatu duenez, meskita kudeatzen duen elkarteak salaketa jarri ondoren ikerketa zabaldu dute. Bide batez, erasoari «kutsu erlijiosoa» kendu zion, horren ordez «alkohol kontsumoarekin» lotuz, inguruan whiski botilak atzeman zituztelako.

Bestalde, gertatukoaren berri izan ondoren hainbat hautetsik beren arrangura adierazi zuten, sare sozialen bitartez.

«Deitoratzen ditut irmoki Baionako meskitari eragindako kalte onartezinak», adierazi zuen Frederique Espagnac senatari sozialistak, Twitterren bidez. Alderdi bereko Colette Capdevielle diputatu ohiak, bere aldetik, «otoizlekua jomugan hartu duten ekimen bortitzak» gaitzetsi zituen ondoren «euskal musulman guztiei» bere elkartasuna adierazteko.