2017/11/10

Albisuk etxean ospatuko du 2022ra arte Asegarcerekin sinatu duen kontratua

Ataungo atzelariak bost urterako luzatu duBilboko enpresarekin duen harremana eta gaurbere herriko Auzoeta pilotalekuan jokatuko du.

Asier AIESTARAN
1110_kir_albisu

Albiste onak Jon Ander Albisu atzelari ataundarrarentzat. Asegarcek atzo jakinarazi zuenez, pilotariak bost urterako luzatu du bere kontratua eta Bilboko enpresarekin jokatzen jarraituko du 2022. urtera arte. Albistea, gainera, ez da edozein egunetan zabaldu, juxtu bere herriko Auzoeta frontoian jokatu bezperan. Albisuk Axier Artegarekin osatuko du bikotea partida nagusian Iñaki Artolari eta Mikel Larunberi aurre egiteko. Jaialdia 22.00etan hasiko da eta ETB1ek eskainiko du zuzenean.

Albisuren kontratu berritzeak ez du inor ezustean harrapatu, lehendik ere koadro profesionaleko atzelari onentsuena izateaz gain, gipuzkoarrak uda bikaina egin duelako 2017 honetan. Donostiako Torneoa –Artolarekin– eta Zarauzkoa –Bengoetxea VI.arekin– irabazi ditu, eta beste bi final ere jokatu ditu: Gasteizen 21ean geratu zen Urrutikoetxearekin eta Logroñon 19an Ezkurdiarekin. Zarautzen pilotari onenaren saria ere eman zioten.

Jon Ander Albisuk 27 urte ditu eta 2010eko uztailean egin zuen debuta, 20 urte zituela. Horrek esan nahi du sinatu berri duen kontratua amaitzerako 32 urte izango dituela eta hamabi beteko dituela Asegarceko pilotari modura. Zenbaki oso aipagarriak duen adinerako.

Binakakoa Beran hasiko da

Aurtengo Binakako Txapelketa Berako Eztegara pilotalekuan hasiko da datorren azaroaren 24an. Halaxe jakinarazi zuen atzo Aspek. Kontua da Berako frontoiak 75 urte betetzen dituela aurten eta urtemuga hori ospatzeko jaialdi berezia antolatu nahi izan dutela herrian. Oraindik ez dakigu zein bi bikotek jokatuko duten estreinako partida hori, baina bai sarrera erosten duen zale bakoitzak postal bana jasoko duela, pilotalekuaren antzinako argazki batekin apaindua.

Bestalde, Eibarko enpresak adierazi zuen jada 30 sarrera bakarrik geratzen zaizkiola Lau eta Erdiko finalerako, denak 80 euroko salneurria dutenak.