Nerea GOTI

BURDIN HESIAREN AZTARNAK BILTZEN HASI DA LARRABETZUKO HERRIA

Burdin Hesiaren inguruetan mendi lasterketa baten ibilbidea antolatzen ari zirela, gerrako aztarnak agertzen hasi ziren. Aurkitutakoaren dimentsioa ikusita, Aranzadirengana jo zuen Karraderan elkarteak. Egun, lanean jarraitzen dute Udala eta zientzia elkartearekin hitzarmen baten baitan, oroimena «herriari itzultzeko».

A rrazoi askogatik xarma berezia du Larrabetzuko herriak hartu duen erronkak. Oroimen historikoa berreskuratu nahi dute, 1936ko gerran giltzarri izan zen inguru batean. Gertatu zenaren oroimena gordetzearekin batera, egia, aitortza... ere nabarmendu nahi dute, hamarkadetan isilean baina ahantzi gabe gorde dena azaleratzeko. Beste ezaugarri garrantzitsu eta berezi bat du proiektuak. Bultzatzaileek diotenez, «herriak herriari» itzultzea da asmoa, eta bide horretan hitzarmen bat sinatu dute Aranzadi eta Udalarekin, «1936-1945 urteen artean Larrabetzun gertatutako giza eskubideen urraketa ikertu eta oroimen historikoa lantzeko».

Ekimenaren abiapuntua ere bitxia da. Kontatzen dute orain bi urte inguru, mendi martxa bat antolatzen ari zirela, sortu zela asmoa. Gerora ideia hori gorpuzten joan da egun martxan duten egitasmoa biribildu arte. Pentsatu zuten Euskal Herrian mendi martxa ugari antolatzen zirela eta Larrabetzu inguruko mendiek altxor handi bat gordetzen zutela, hots, Burdin Hesiaren aztarnak. Bi elementu horiek nolabait bat egin behar zutela pentsatu zuten; kirol proba bat bai, baina historia gordetzen duen ibilbide batetik. «Goazen zeozer ezberdina egitera, ez dadila izan kirol proba huts bat, lehiaketa hutsa, aprobetxa dezagun Larrabetzun daukagun hau», komentatu zuten Karraderan elkartean. Abiapuntua eta filosofia finkatuta, ibilbidea zehazten ari zirela aztarna berriak agertzen hasi ziren. «Ikusita gero eta gehiago agertzen ari zirela, Aranzadira jo genuen, ez baikenekien oso ondo hura guztia zelan kudeatu», azaldu dio Gaur8ri Ainhoa Larrabe Karraderan elkarteko kideak.

Jakin-minak erreta, Gaur8ren hurrengo galdera zer aurkitu zuten izan zen halabeharrez. Esan zigutenaren arabera, defentsarako harresiaren egitura ezagunaren ondoan, basoan, lubaki eta galeria ugari dago, eta egitura horiez gain, beste aztarna batzuk agertu dira inguru horietan azken hilabeteetan.

«Gauza da, sasi-garbitzeko makina hartuta sastraka artean sartu zela lagun bat eta lubaki bat aurkitu zuela; apur bat aurrerago begiratu eta zulo baten aho handiago bat eta, behin horretan sartuta, konturatu zen horman balak ikus zitezkeela oraindik, plater bat ere aurkitu zen...», kontatu zuen Larrabek. Dioenaren arabera, gehienak ez daude begi bistan, asko estalita daude, «lurrek janda» eta ondotik pasatzean ondo arretaz begiratzen ez baduzu, animalia baten gordelekua izan daitekeela pentsa dezakezu».

Lubakien arteko lurpeko pasabide horiek ‘T’ forma dute eta kasu batzuetan mendiaren beste alboan dute irteera. Antza, lubakien artean egokitzen zituzten egiturak dira, gordetzeko, ihes egiteko. Urteetan lurrak eta sastrakak estalita egon zena irudikatu zitzaien berehala, bunkerren arteko lotura eta pasabidez beteriko lurpeko egitura handi bat. Imajinatzekoa da horrelako aurkikuntza batek sortuko zuen zirrara, eta Larrabek baieztatu zuenez, egitasmoa lotzeko eta gehiago bilatzeko pizgarri bat izan zen Karraderan elkarteko kideen artean.

Paraje estrategikoa 36ko gerran

Kontua da asko aurkitu dutela eta beste aurkikuntza asko egitea espero dutela orain arte atzemandakoa ikusita. Tokiak berez informazio ugari eman dezake, Larrabetzu inguratzen duten mendiak elementu estrategiko baten zati garrantzitsu bat izan zirelako. «Hemen kokatzen zen defentsa lerroa eta hemen egon zen bataila bortitzenetako bat», esan du Larrabek.

Bilboko Artxanda mendiak, Galdakaoko Gangurenek eta Larrabetzuko Bizkargik eta Gaztelumendik osatzen zuten hiriburuaren inguruko Burdin Hesia defentsa-lerroa, baina askoz zabalagoa ere izan zen. Euskal Herriko historian zehar hainbatetan gertatu bezala, basoak elementu estrategikoak izan ziren eta, ondorioz, iragan horren lekuko bilakatuta, informazio zabala gordetzen dute, Larrabetzun baieztatzen ari direnez.

Larrabek azaldu duenez, garaiko mapetan, Eusko Gudarostearenetan, lubakiak agertzen dira baina ez galeriak eta kobazulo antzeko horiek. Horregatik lehendabiziko lanen artean Karraderan elkarteak eta Larrabetzuko herritarrek sortutako boluntario taldeek aurkitzen duten hori katalogatzea dago. Lehen pausoa, beraz, azterketa sakon bat egitea da, zehazteko «zer aurkitu dugun, lubakiak eta bunkerrak non dauden... eta mapa baten gainean pentsatu, zeren balioa agerian jarri oraingoz, epe ertain eta epe luzera begira».

Bolunburuko inguruak garbitzen ibili dira orain arte, hasteko errazen duten gunea delako, «eskuragarriagoa». Baina, Gaztelumendin sartuko dira gero, eta zonaka egin beharko dute inguru hori. Mendi horren inguruan, bertan oraindik oso begi bistan dagoen monolitoa aipatu du larrabetzuarrak. Erresistentziaren ikur den nido de ametralladoras izenekoaren ondoan, «justu horri begira, Bizkargira begira, sartu ziren tokitik frankisten garaipenari gorazarre egiten dion monolitoa dago oraindik».

Historia kontatzea tokatzen zaigu

«Erreferentzia izan dugu, baina historia kontatzea tokatzen zaigu», esan du Larrabek esku artean duten erronkaz. «Argi dagoena da Gaztelumendikoa hormigoia dela, ikusten dena, baina lubakiak eta lurpean dagoena atera nahi dugu», zehaztu zuen.

Inguruko basoetan gertatu zena urteetan gogoan gorde dute herritarrek; herriko elkarte batek bultzatuta, hainbat ekimen egin izan dute orain arte memoria bizirik mantentzeko, eta etxeetan oraindik bildu ez den informazio zabala egon daitekeela uste du Larrabek. «Herritarrek esaten dizute ez dakit non fosa edo hobi bat dagoela», baina beste lan bat falta da: adineko jendearen artean egon daitezkeen testigantza horiek guztiak biltzea.

«Ez gara adinduengana joan galdetzera ea zer bizi izan zuten, zer dakiten edo etxean zer entzun zuten, eta hori da egin beharko genukeen lehen gauza, zeren gero eta gutxiago dira bizirik daudenak, tamalez».

Ohartu dira, bestalde, jendeak «beldurragatik eta musturrak itxi dituelako» istorio batzuk etxean gorde dituela eta familiek askotan izan dutela informazio hori baina ez dutela transmititu. Horregatik garrantzitsua da horiei «mikrofonoa ipintzea». Hori lehentasunezkoa dela nabarmendu du.

Elkarrizketaren puntu horretara helduta eta jakinda aurkikuntzen artean gorpuzkiak ere izan direla, Mendatako kasua aipatu du Karraderaneko ordezkariak. Larrabetzuko auzokide bati esker identifikatu zituzten Marmiz auzoan topatutako gorpuzkiak. Hildakoaren familiak bazekien gorpua inguru hartan zegoela eta «gurutze bat zuten ipinita». Hara joaten ziren maiz, etxekoa oroitzera. Garai hartan bertan bizi zen baserritarrak gogoratzen zuenez, Pedro Uriguen izeneko gudari zornotzarra zaurituta hara heldu eta frankistek bertan akabatu zuten. Beldurrak jota, baserritarrak berak lurperatu zuen eta han egon da hamarkadetan.

Mendatako emozioak

Joan den abuztuan bertan atera zuten lurpetik arkeologoek Otxandio batailoiko gudariaren gorpua, familiaren aurrean, herritarren eta instituzioen ordezkarien parte hartzea izan zuen ekitaldi batean. «Joan ginen eta, benetan, hantxe zegoen, bere balinak, zorroarekin... ez zuen txaparik eta orain Aranzadik frogak egin behar ditu identifikatzeko», kontatu du Larrabek, eta ez du ezkutatzen momentuan bizitako emozioa, senideak aurrean zituela, jakinda urteetan hara joaten zirela omentzera. «Zelako esker ona erakutsi zuen familiak... esperientzia itzela izan zen niretzat», aitortu du.

Bestalde, gizartean «sekulako ezjakintasuna» ikusten du gorpuen berreskurapen prozesuei dagokienez. Esan zuenez, kasu batzuetan jakin bazekiten gorpuzkiak toki zehatz batean egon zitezkeela baina prozesu guztia familiaren kargu gera daitekeela pentsatuta, erantzukizuna etxekoen bizkar gera daitekeela, istorioa etxe barruan geratzen zen; «egia janda, han daude eta listo». Horregatik, argi utzi nahi izan du larrabetzuar gazteak «erantzukizuna guztiz kolektiboa» dela eta Jaurlaritza eta Aranzadiren babesa dagoela.

Hegazkinaren arrastoaren atzetik

Bilaketak aurrera jarraitzen du, eta asteburu honetan eguraldi ona egingo duela-eta, segur asko, Whatsapp bidez geratuko dira basora itzultzeko. Ekimenak piztu duen interesa, jakin-mina... emozio askoren iturri bilakatu da eta ez litzateke harritzekoa inguruko bizilagun askok Karraderan elkarteko kideengana jotzea etxean hau edo bestea entzun dutela aipatzera, aitite-amamek ez dakit non gertatu zela ez dakit zer kontatzen zutela... eta horretaz galdetuta, Larrabek «ahoz ahokoan oso ezaguna» den gertaera ekarri du gogora, Bolunburu inguruan jazo zena. Ezaguna da «asturianoen fosa» izenez ezagutzen den bat hantxe dagoela; urtero omenaldia egiten da, baina «ez dugu topatzen».

«Beti entzun dugu eta esaten digute inguru horretan egon behar dela, baina oraingoz ezin izan dugu tokia identifikatu», esan du Larrabek. Garrantzizko aurkikuntza izango zen hori. Frontea apurtuta, faxisten erasoari aurre egin zioten hildakoak dira miliziano asturiarrak, eta Bolunburu inguruko lubaki batean lurperatu zituzten.

Duela bi urte, Larrabetzuko Udalbatzak «ohorezko herritarrak» izendatu zituen miliziano asturiarrak eta beraien omenezko monolitoa inauguratu zuten.

Bada beste testigantza bitxi bat herrian, Heinkel hegazkin alemaniar bat jausi omen zelako Larrabetzun. «Garbitzen genbiltzala, hara non agertzen zaigun baserritar bat esanez badakiela hegazkin horren hegalak non dauden, horrelako gauzak egun batean bai eta bestean ere sortzen dira», azaldu du Larrabek. Hori lokalizatzen ere saiatu beharko dute hurrengo hilabeteetan.

«Hegazkina badakigu non dagoen, baina horretarako georradar bat erabili beharko dugu, ziurtatzeko hegazkinaren aztarnak hor daudela, eta horrek aurrekontua igotzen du». Dioenaren arabera, metalak lokalizatzeko tresnarekin ibili dira «ea balinek edo txapek pitatzen zuten», baina oraingoz ez dute ezer lortu.

Herriari informatu

Aurreko astean bertan herri batzar bat egin zuten Larrabetzun ekimen honen inguruan. Herrian ezaguna da egitasmoa eta Aranzadiren, Udalaren eta Karraderanen arteko hitzarmenaz ere informatu zen, helburuak plazaratzeko, ikerketaren nondik norakoak... Akordioa udaberri aldean sinatu zen, baina ondorengo hilabeteetako lanek jakin-min handia piztu dute herrian. Larrabek dioenez, ikusita plazan biltzen zirela aitzurra eta gainontzeko makineriarekin ... beharrezko ikusten zuten informazio gehiago ematea.

Gauzak horrela, orain arte egindako lan guztia azaldu zieten herritarrei, zelan ibili diren basoan bazterrak garbitzen eta konturatu ziren dimentsioari dagokionez, herritarrek ez zutela uste hain proiektu mardulean murgilduta zeudenik.

Oso harrera ona izan zuten azalpenek. Batzarrean 80 lagun inguruk hartu zuten parte, eta deialdi berriak izango dira laster helburu zehatzagoekin. Proiektuan parte hartzeko ateak zabaldu nahi dituzte eta informazio praktikoagoa eman, baina tarte bat zabaldu dute herritarrek honen guztiaren gainean hausnartzeko astia izan dezaten.

«Aurkezpen batera deitzen zaituzte, kristoren proiektu potoloarekin eta horren digestioa egin behar da», esan zuen Larrabek. Horregatik, hurrengo batzarretan lan egin nahi dutenei «ekarpena zelan egin azaldu, basolanak sistematizatu egin behar dira...» eta aseguruak egin behar dira, izango duten lanean ez dakitelako zer aurkituko duten, eta kontu handiz ibili beharko dute jakinda granadak, obusak eta gisakoak egon daitezkeela basoan. Kontu horietan heziko dituzte basora abiatu aurretik.

Abuztuan bertan jardunaldi teorikopraktikoak antolatu zituzten herrian Aranzadiren zientzialarien laguntzarekin, auzolanean basoan dabiltzan boluntarioentzat. Pako Etxebarria forentse ospetsuak berak zuzendu zuen boluntarioen lana basoan. Dauden haztarnak behatu zituzten eta proiektua definitzeko balio izan zuen asteburuko egonaldiak, lehentasunak zehaztu eta proiektuaren koordinazioa antolatzeko. Orduan erabaki zuten irailean herritarrekin batzar informatiboa egitea, egindako lana zehaztu eta hurrengo urrats berriak denon artean erabakitzeko.

Erakunde publikoen babesa

Badago, bestalde, kontuan hartu beharreko beste errealitate bat. Basoan egiten ari diren lanetan ez dabiltza beti lursail publikoetan eta hori batzuetan arazo iturri izaten da. Larrabetzun, aldiz, Larrabek azaldutakoaren arabera, «oso harrera ona» izan dute eta laguntzeko prest zeuden jabeekin topo egin dute orain arte. «Ez digute oztoporik ipini», dioenez, baina kontua da epe luzera begira kultura ibilbideak zehazteko orduan, panelak ipintzeko... horrek beste dimentsio bat hartuko duela, eta jabego pribatuekin elkarlanean aztertu eta landu beharreko gai bat izango da.

Egitasmo honetan herritarrek lana eta dedikazioa jartzen dute, Aranzadi elkarteak ekarpen zientifikoa egiteko orduan egiten duen bezala, baina badago hirugarren zutabe bat, Udala, eta alde horri dagokionez babesa «itzela» izan dela nabarmendu du Larrabek: «Inplikazioa %100ekoa izan da».

Aipatu du, halaber, Lakuako Gobernuaren laguntza ekonomikoa izan dutela, egindako eskaera onartu eta horri erantzunez. Karraderan elkarteko kideak esan duenez, azken batzarrean argi utzi zuten «hau herriaren proiektu bat» dela. Nabarmendu duenez, «Larrabetzu herriaren egitasmoa da eta babestu beharko lukete herritarren zerbitzupean, ez proiektua hipotekatu dirua lortu ahal izateko».

Udalak parte hartze zuzena du egitasmoan, baina protagonismo osoa herritarrengan utzi nahi du Bilduren gobernu taldeak. Iñigo Gaztelu alkateak nabarmendu duenez, Udalaren ikuspuntutik, epe luzera begira «proiektu estrategiko bat da herriarentzat» eta Udalaren laguntza guztia dauka».

«Argi daukagu bultzatu beharreko ekimena» dela adierazi du Gazteluk, eta «herritarrek erakutsitako inplikazioa» laudatu zuen. Bide horretan, azaldu du Udalak «laguntza guztia» emango duela ekonomikoki eta bestelako baliabideak herri ekimenaren eskuetan jarriz. Gaztelu ere basoko lanetara hurbildu zen abuztuan, Aranzadiko adituek jardunaldi bereziak eskaini zituzten asteburu batean, bilaketa lanak sistematizatu eta herritarrei egin beharrekoaren inguruko prestakuntza emateko jardunaldietan.

Aranzadi: «potentzialitate handiko gunea da larrabetzu»

Aranzadi elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirre Mauleonen esanetan, Larrabetzuko egitasmoa «potentzialitate handienetako bat» da Euskal Herrian oroimenaren berreskurapenari dagokionez. «Hasierako bi baldintza oso onak ditu: Udalaren borondate politikoa eta oso aktibo eta gogotsu dabilen giza talde bat Karraderan elkartearen aurrean», azaldu du. Gaineratu du «bi oinarri horiekin» posible dela beste herrietan lantzen ari dena lantzea: «Idatzizko dokumentazioa eta ahozko testigantzak jaso eta bildu, monografiko bat atera eta dokumentazio hori herritarren esku jartzea, hori guztia metodologiarekin egina». Izan ere, hitzarmen esparru bat sinatu dute, eta horren barruan lan egiten ari dira Udala, Aranzadi eta Karraderan elkartea.

«Hiru hanka horiekin, ikuspegi anitz horrekin, Larrabetzu erreferente bihurtu behar dugu, oroimena berreskuratzeko zientziaren begitik eta herriaren parte hartzearekin», nabarmendu du.

Larrabetzun ager daitekeena, gainera, ez da edonolakoa eta hori ere oso presente du Aranzadik. Agirre Mauleonek dioenez, «oso aparteko aztarnak» daude inguru honetan beste herri batzuekin alderatuta. Altxamendu frankistaren aurkako erresistentziaren gune bat izanik, lubakiak, bunkerrak, gatazkaren aztarnak kontserbatu dira, baita horrekin lotutako metalezko objektuak ere, «baina potentzialitate handiarekin» agertuko dira «erresistentzia horretan desagertutako pertsonen gorpuak» eta «horiek aztertu, identifikatu eta herriari bueltatu» behar zaizkio. Txorierriko udalerriaren ondoan, Lemoatx inguruan, egiten ari diren lanak aipatu zituen, han ere aztarna ugari dagoelako.

Aranzadiko arkeologoak bereziki aipatu du «sekula» ez dutela ikusi ez Euskal Herrian, ezta nazioartean ere, kirol proba baten bitartez oroimena berreskuratzen duen hau bezalako ekimenik. «Adierazgarria da» erakusten duelako «zer nolako gogoa eta iniziatiba dagoen», azaldu du.