2014/04/14

In Fraganti: Maite Larburu

Biolina izan du bidaide. Txikitatik eskutik joan dira Maite Larburu eta bere musika tresna kutuna. Amsterdamen bizi da, baina maleta eginda du beti. Musikak bizi du eta pribilegiatua sentitzen da, nahiz nomada izateak bere ajeak ere badituen. Neighbor taldea sortu du orain, bere hitzei Josh Cheathamen melodiak josiz.

Xole Aramendi
Pd28_f01
Maite Larburu biolin jotzaile eta kantaria bere jaioterrian, Hernanin, udaletxeko plazan. Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Munduan zehar batetik bestera dabil Maite Larburu. Ez du askotan izaten Euskal Herrira etortzeko aukerarik eta gustura hartu du bidaia. Erdi opor, erdi lanean –hiru kontzertu eskaini dituzte– harrapatu genuen Hernanin.

Josh Cheathamen (Seattle, 1974) eta Maite Larbururen (Hernani, 1979) batura da Neighbor taldea. Bizilagunak dira Amsterdamen –hortik taldearen izena– eta antzinako musika jotzen dute hainbat orkestra eta ganbera taldetan. Hori tarte batez alboratu, eta, elkarri eskua emanda, abentura berrian murgildu dira. Amets egin dute, jolaserako denbora ere hartu dute; etxetik urruti egotearen gazi-gozoa kontatu dute, eta, beste ezeren gainetik, gozatu egin dute. Eta nabari zaie hau bien abestiei.  

Baina bidea ez da erraza izan. Hainbat langaren gainetik salto egin behar izan du Larburuk. Batetik, biolina utzi eta ahotsa du erreminta nagusia Neighbor taldean. Urte luzez tiraderan gordeta geratu diren testuek ez bezala, azken abestiek argia ikusi dute. Eta gainera, publikoaren aurrean kantuak defendatu ditu. Txikitatik idatzi du, beretzat edo lagunentzat, baina proiektu honekin bertigorik sentitu al duen galdetuta, erantzuna baiezkoa da. «Orain gainditu dut, baina oso gogorra egin zitzaidan», aitortu du.

Ez da lehen aldia foku-argia gainean sentitzen duena. Izan ere, Asier Altunak “Zela Trovke” film laburraren protagonista bihurtu zuen. Amsterdam Baroque Society taldeko beste kideekin batera Varsoviako Irratirako grabazio batean gertatutakoa dakar gogora zinema zuzendariak.

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia irabazi berri duen lana tarteko, hainbat galdera sortu zitzaizkion hernaniarrari. «‘Jada gertatu den zerbait grabatzeak zein zentzu du?’, pentsatu nuen. Egin aurretik pentsatu nuen gure ganbera taldea izango zuela ardatz, baina ni nintzen istorioaren lokarria. Behin eginda zegoela, nire kezkei buelta eman nien. ‘Ni naiz, baina ez naiz ni’, pentsatu nuen. Hor agertzen dena Asierrek nigan ikusi duen pertsonaia da, ez naiz ni. Kantuekin ere gauza bera. Letretan bereziki ni naiz, baina ez naiz ni... Gainera, entzuleek beren interpretazio propioa egitea oso ondo dago», azaldu du.

Ondo gogoan du “Ura patrikan” (Gaztelupeko Hotsak) diskoa grabatu ez grabatu, zalantzati zebilela, bizitako une berezia. «Oso lagun ona dudan Txekiako biolin jotzaile eta kantari bati nire zalantzak kontatu nizkion. Kantu bat entzuten uzteko eskatu zidan. ‘Nun zare’ entzun eta negarrez hasi zen. ‘Hau argitaratu egin behar duzu. Zu musikaria zara. Lehenengo zuregatik egin behar duzu, eta, horrez gain, zuk egiten duzunaz gozatzeko aukera eskaini behar diozulako entzuleari’, esan zidan».  

Orkestra eta ganbera taldeetako lan tresnak utzi –Chethamek viola da gamba eta Larburuk biolina– eta atzera egin dute salto. Estatubatuarrak aspaldiko lagunari, gitarrari, heldu dio, Ekialdeko beste hainbat tresnekin batera, eta hernaniarra kantari hasi da. Haurtzarora joan da, larburutarren etxean ohikoa izan baita beti abestea.

Erronka eta jolasa, biak da Neighbor. «Ateratzen zitzaiguna egin genuen, pentsatu gabe... Urte asko eman ditugu geure buruak kritikatzen eta juzgatzen. ‘Hau ondo egin dut, beste hau gaizki’... Musika klasikoan beharrezkoa da kritika puntu bat ikasteko eta kanon batzuetara iristeko, baina di-da, ateratzen zena egin genuen. ‘Elkarri ipurdia erakusten ara gara’.. esaten genuen geure artean», dio.

Pribilegiatua sentitzen da musikatik eta musikarako bizitzeagatik. Konplize berezia aurkitu du gainera bidean, Josh Cheatham. «Nik beste norbait behar nuen, bakarrik ezin nuen. Gu ere harritu egin ginen hasieran, kantuak sortzen hasi ginenean. Konexioa bazegoen, elkar ondo ulertzen dugu jotzen ari garenean, baina hortik bide hau egitera...», aitortu du, irribarretsu.

Sormenerako grina barru-barruan darama Larburuk. «Etxean ez daukat telebistarik eta zaila egiten zait geldirik egotea. Idazten, marrazten edo biolina jotzen aritzen naiz», esan du.

Hamar urte daramatza etxetik kanpo. Herbeheretako egonaldia uste baino gehiago luzatu da. «Ez nuen sekula pentsatuko hainbeste urtez egongo nintzenik, bizpahiru asko jota».

Herrimina islatzen da Maite Larbururen hitzetan. “Harria, papera, guraizea” kantuan atzerriaren gazi-gozoa ageri dira. «Gozoa da; bazoaz eta hor geratu dena ez dut ikusten. Baina baita gazia ere, ikusten ez duzuna batzuetan faltan duzu. Gainera, gogorra da eguneroko errutina bat ez edukitzea, beti batetik bestera ibiltzea».

Amsterdamen izadia ere faltan duela igartzen zaio kantuetan. «Natura badago baina dena oso artifiziala da, itsasoari kendutako lurra da. Basoak ere oso zainduta daude».

Euskal Herrian arnasten zuen musika giroarekin nekatuta, beste irakasle batzuk eta beste musika giro baten bila abiatu zen Amsterdamera. Gustura dela bistan den arren, ez du etxera itzultzea baztertu. «Nik nire lana hemen egin ahal izatea nahiko nuke, hango kultur baliabideak hemen edukitzea. Baina  ikasi du dena ezin dudala eduki; han hangoa, eta hemen hemengoa», dio.

Amak eskusoinua jotzea nahi zuen, baina, azkenean, ez daki nola, biolinarekin hasi zen. «Vivaldiren ‘Lau urtaroak’ kasetea zegoen etxean eta ez dakit hark eraginik izan zuen...».

Musikaren iragankortasuna

Zerk lotzen ote du musikara? «Zerbait dauka beste ezerk ez daukana. Musika, idaztea eta margotzea, denak dira espresiobideak. Baina musikak badu zerbait berezia. Etorri bezain pronto joan egin da, ja ez da bueltatuko. Iragankortasunak,  zentzumen guztiekin hor egon behar horrek, berezi egiten du. Noski, musika grabatu eta ondoren entzun dezakezu, baina musikariaren ikuspuntutik, musika eginda gelditzen da. Musika idatz dezakezu, baina, jotzen ez baduzu, ez da existitzen; jo egin behar duzu uneren batean», argitu du.

Gogoan du amarekin haserretu eta gehiago ez jotzea erabakitzen zuela. «Baina orduak pasa eta azkenean kaxa ireki eta jo egiten nuen. Haserre hura, jotzen, pasa egiten zitzaidan. Ezin nuen esplikatu... ‘Zer da sentitzen dudan hau?’, nioen nirekiko. Ume batek nola esplikatu... Zerbait bazegoen azkenean, beti, horretara bueltarazten ninduena», adierazi du.

Bere musika ibilbidean bi irakasle izan dira erabakigarriak. «Nire lehenengo irakaslea, Eduardo Lasaleta, aingerua izan zen niretzat. Asko lagundu ninduen. Iaz hil zen. Madrilgoa zen, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoan jotzen zuen eta Hernanin klaseak ematen zituen. Amari esan zion erraztasuna neukala».

Musika klasikoa ikasi zuten bere ezagun gehienek orkestraren batean jotzen zuten eta berak ere hori pentsatzen zuen. Baina hori aldatuz joan zen. Herbeheretan beste leiho bat ireki zitzaion. Han Kees Koelmans ezagutu zuen, Larbururen musika ibilbidean bigarren irakasle erabakigarria. «Hara animoz nahiko makal iritsi nintzen, negatibo. ‘Jo’, esan zidan, ‘jo, jo... gaizki edo ondo ari zaren pentsatu gabe’. Bigarren aingerua izan zen niretzat».

Hark hurbildu zuen antzinako musikara. «Herbeheretan nengoenez –han sortu zen antzinako musikaren mugimendua– probatzea pentsatu nuen. Berak beti esaten zidan: ‘Zu ez zara orkestrako musikaria. Ez zaitut ikusten egunero orkestra batean, jende berarekin urtea joan eta urtea etorri, entseatzen. Freelance moduan hobeto moldatuko zara’. Nik ez nekien zer zen ere, ez nuen inor ezagutzen. Agian sortzaileegia naiz orkestrari lotua egoteko», esan du.  

Bidea malkartsua izan da. «Lehenengo irakaslea eta azkena oso onak izan ziren, baina tartean oso esperientzia txarrak izan nituen Donostiako Kontserbatorioan. Lagun asko egin nituen eta asko ikasi nuen, baina irakasleekin oso gaizki pasa nuen. Gogorra izan zen», aitortu du.

«Niretzat irakasle ona da pertsona batengan bere berezitasuna ikusteko gaitasuna duena eta pertsona horrek hori gara dezan lan egiten duena. Eta hori oso zaila da. Irakasle askorekin beraiek nahi dutena egin behar duzu, baina zu beste pertsona bat zara...», jarraitu du Larburuk.

Antzinako musikaren bidea musika klasikoa erabat utzi gabe hartu zuen. «Ez nekien zer gertatuko zen, baina horrela etorri dira gauzak. Proiektu batek bestea ekarri zuen», dio.

Herbeheretan eta Belgikan aritzen da gehienbat lanean. Tarteka, Alemanian eta Frantzian. Agendak bateratu ezinda ibiltzen da. «Aurretik zaila da lanez nola ibiliko naizen jakitea baiezkoa edo ezezkoa esaterakoan», azaldu du hernaniarrak.

Atzerrian, errenka

Hiru pisuko etxe handi batean bizi da Amsterdamen, beste sei lagunekin. «Ez da etxea partekatzea, komunitate baten parte gara. 80ko hamarkadan emakume talde batek okupatu zuen eta aurretik polizia etxea izan zen. Herbeheretan hamarkada hartan mugimendu handia egon zen eta iazko urtea arte okupatzea legala zen. Etxe huts batera sartuz gero ezin zintuzten bidali. Alokairua ordaintzen dugu, baina guk geuk erabakitzen dugu nor datorren bertara bizitzera. Gu gara etxearen ‘jabeak’, nolabait».

Atzerrian bizitzea errenka ibiltzearekin alderatzen du. «Hanka lurrean non jarri jakin ezinda zabiltza. Zure burua zalantzan jartzen duzu. Zergatik egin ditut orain arte gauzak beti horrela? Azkenean ohiturak direla konturatzen zara», dio.

Etxetik urrun, ezezagunen artean egoteak badu abantailarik, hala ere. «Zerotik hasten zara. Inork ez daki zein zaren... ez zaitu juzgatzen zarenagatik. Bat-batean hiri batean zaude eta ordura arte janzkeragatik egiten duzun sailkapenean ez du enkajatzen jendeak. Ondo dago».

Idazten jarraitzen du. «Orain ere jolasa, baina desberdina. Besteek agian bai, baina nik ez dut espektatibarik eduki nahi; ez dut presiorik sentitzen».

Japonian izan ondoren orain biran dabil Amsterdam Baroque Orchestrako kideekin Amsterdam, Oviedo, Valentzia, Paris, Lyon eta Budapesten zehar.

Norbaitek pentsa lezake maleta egiten ohituko zela, baina ez.  «Maleta egitea ez zait batere gustatzen», kontatu digu. Ez da aitorpen bakarra. «Bitxia da, asko kostatzen zait leku berrietara moldatzea. Egun pare bat behar ditut», esan du. Baina ordurako maleta berriz egin behar. Beste hiri bat izaten du zain, beste entzule batzuk. •