2014/05/16

Legeetan zein gizartean duen lekua aldarrikatzen duen familia eredua

Guraso izatea bizitzako erabaki zailenetarikoa da, eta bada abentura horretan bakarrik barneratzen denik ere. Estatu mailan, Madres Solteras Por Elección (MSPE) elkartea dute topagune eta, hilaren 24an, Bilbon batuko dira familia eredu honen aldeko hautua egin duten hainbat pertsona.

amalur.artola@gaur8.info
Ama
Guraso bakarreko familiak

Zure kabuz ama izatearen erabakia hartzea ez da batere erraza. Agian zure bizitzako erabaki zailenetarikoa da, denaren kargu zu bakarrik egongo zaren familia bat osatzea erabakitzen ari zarelako. Ez da soilik haurra jaiotzea eta ze eskolara eramango duzun erabakitzea; autoa apurtzen bazaizu ordutegiak berdin bete behar dituzu, ziurrenik ezingo duzu lanordu murrizketa eskatu soldata bakarrarekin bizi beharko duzulako, haurra gaixotzen bada berdin joan behar duzu lanera eta nork zaindu bilatu behar duzu... Kontziliazioa ez da batere erraza. Baina, behin erabakia hartu duzunean, geldiezina da. Errealitatea beste era batera ikusten hasten zara». Norbere kabuz ama izateak dakarren bertigoa eta ziurtasuna, biak aldi berean islatzen dira Pilar Castellanosen hitzotan.


Madres Solteras Por Elección (MSPE) elkarteko presidentea da Pilar, orain zazpi urte euren kabuz guraso izatea erabakitzen zuten pertsonen topagune izateko sortu zen elkartea. Interneteko foro batean euren bizipenak eta zalantzak partekatzen hasi ziren emakume talde baten ekimenez sortu zen eta, egun, 500 kidetik gora ditu Estatu espainolean. Hego Euskal Herrian 22 dira elkartera batu diren pertsonak, batez ere euren familia eratzeko modu hau hautatzen dutenentzat bidea ez delako erraza izaten eta dituzten beharrak aldarrikatzeko euren errealitatea gorpuztuko duen erakunde baten beharra sentitzen dutelako.


«Familia eratzeko era berritzailea da. Ez da utzi zaituztela edo nahi ez zenuen haurdunaldia izan duzula; zuk erabaki duzu libreki haurdun geratzea edo haur bat adopzioan hartzea, eta biak ala biak izan daitezke prozesu luze, gogor eta ekonomikoki garestiak. Elkar ezagutu eta hitz egiteko beharra dugu, bakarrik ez gaudela sentitu, gure zalantzak argituko dituen gune bat sortu eta, batez ere, hitzak izan dezakeen zentzurik ederr

enean, erabaki hau hartu duten ‘ero’ bakarrak ez garela jakin», ziurtatu du Pilarrek.
Egun, MSPE elkartea da topagune hori, baina, kideak penintsulako geografiatik sakabanatuta daudenez, batez ere euren webgunea (www.madressolterasporeleccion.org) eta bertako foroa (sartu ahal izateko kide izan behar da) erabiltzen dituzte harremantzeko. «Hor biltzen gara haurrak edukitzea pentsatzen ari direnak zein haur koxkortuagoak ditugunak, hor biluzten gara, eta hor egiten dizkiogu kontsultak elkarri. Babes sare handi bat gara». Harremanak horren birtualak izan ez daitezen, kideak elkarren artean ezagutu eta harremantzeko topaketak ere egiten dituzte. Hurrengoa, datorren larunbatean, hilak 24, izango da, Bilbon. «Han elkartzeko gogoa aspalditik genuen, badakigulako hango amak maiz geratzen direla kafe bat hartu edota haurrekin parkera joateko, eta foroko izenei aurpegia jartzeko gogoa dugu».


Topaketak irekiak direla nabarmendu du Pilarrek, baina joan nahi duenari posta bidez (asociacionmspe@gmail.com) haiekin harremanetan jartzeko eskatu diote. «Diskrezioa mantendu nahi izaten dugu, horregatik ez dugu publikoki topaketen hitzordurik agertzen», azaldu du, interesa duen oro beso zabalik hartuko dutela ziurtatzeaz batera.


Oztopoak eta trabak nonahi


Norbere kabuz guraso izatea erabaki orduko hasten dira buruhausteak. «Osasungintzaren alorrean, erkidego gehienetan bikoterik ez duten emakumeek ez dute lagunduriko ugalketarako sarbiderik eta osasungintza pribatura joan eta salneurri oso altuak ordaindu behar izaten dituzte. Tratamenduak oso garestiak dira, baita medikamentuak ere». Oinarrizkoenak, emaile anonimoaren bidezko intseminazioak, bataz beste 900 eta 1.300 euro bitarteko kostua izaten duela dio Pilarrek, eta in vitro ernalketaren edota obodonazioaren (obulua ere emaile bidez jasotzea) kostuak 6.000 eurotik gorakoak dira. Adopzioen kasuan, norbanakoei «traba asko» jartzen dizkietela baieztatu du Pilarrek: «Beti gara bigarren aukera».


Baina, norbere kabuz guraso izatea erabakitzen dutenen arazo nagusia edozein instituziotako leihatiletan egikaritzen da, legearen arabera, euren familia mota ez dela existitzen esaten dietenean. «Linbo legal batean gaudela esaten dugu, edozein laguntza eskatzerako orduan ez gaituztelako familiatzat hartzen, dena gurasoek lan egiten duten edo ez kontuan izanik dago antolatuta. Beken kasuan, esaterako, ez dira guraso bakarreko familiak aintzat hartzen, lanean ari garela hartzen dute kontuan soilik, gure kasuan etxean diru-sarrera bakarra dugula eta gehienei lanordu murrizketa eskatzea ezinezkoa zaigula kontuan hartu gabe. Haur eskola baterako beka eskuratzeko, adibidez, puntu berak dituzte bi gurasoko familiek zein guraso bakarrekoek».


Errenta aitorpena egiteko orduan ere bi gurasoko familiek 3.150 euroko murriztapena izaten dutela dio eta, guraso bakarrekoek, 2.500 euro ingurukoa. «Alargunen kasuan ere, bi haur badituzte familia ugari gisa hartzen dituzte, eta, gure kasuan, ez. Alderdi politiko batek azaroan kongresuan eskatu zuen hori, gainera, eta errefusatu egin dute. Beti gaude linbo horretan sartuta, eta hortik sortzen diren konplikazioen zerrenda amaiezina da», ziurtatu du.


Guraso bakarreko familien legea


Euren familia mota “berezia” dela onartzen dute MSPE elkarteko kideek eta, zentzu horretan, familia ugariek lege propioa duten bezala eurek ere guraso bakarreko familien legea eduki beharko luketela aldarrikatzen dute. Hori da, Pilarren hitzetan, elkartearen aldarrikapen nagusia: «Bil daitezela hor gure berezitasunak eta izan ditzakegun behar guztiak, gehienetan behar horiek kontziliazio laboral eta familiarretik datozela aintzat hartuta. Guretzat oso zaila da lanean egon eta aldi berean eskolaren ordutegiekin bat egitea. Ezinezkoa da laguntza pribatura joan gabe, eta haurtzainak garestiak dira. Gauzak hala, diru asko gastatzera edo lan murrizketa eskatzera behartuta gaude, eta askok murrizketa ez diogu gure buruari planteatu ere egiten. Lanpostua asko zaindu behar izaten dugu, etxeko diru-sarrera bakarra delako. Orduan, haurra gaixo badago zainduko duen norbait lortu eta gu lanera joaten gara».


Guraso bakarreko familien legearekin batera euren familia eredua onartua eta aintzat hartua izatea eskatzen dute elkartetik, «ez besterik. Gainerakoan, gu gaude elkarren artean harremanetan jartzeko eta sozialki horren bisibilitate gutxi duen familia eredu hau bistaratzeko».
Elkarteko kide izateko norbere kabuz ama edo aita (egun gizonezko bazkiderik ez badago ere berdin hartzen dituzte) izateko nahiarekin aski dela azaldu du Pilarrek. Elkartean, euren kabuz ama direnak, horretarako tratamenduan edo adopzioko tramiteetan daudenak zein bikote barruan ama izan eta bigarrenaren bila euren kabuz joatea erabaki dutenak daudela azaldu du. Elkartearen funtzioa horiek guztiak harremanetan jarri eta sare bat osatzea da, horregatik antolatzen dituzte hurrengo larunbatean Bilbon egingo duten topaketaren tankerako ekimenak.
Zehazki, MSPE elkarteak bosgarren aldiz antolatu ditu “Ponle cara a tu asociación” topaketak. «Badakigu euskaldunak maiz biltzen direla euren artean eta haien izenei aurpegia jartzeko gogoa dugu», azaldu du Pilarrek, hilero ekintza bat antolatzen saiatu eta urtero bi bidaia egiten dituztela gaineratzeaz batera. Bat udan, Levante aldeko apartamentu batzuetara, eta bigarrena udazkenean, urtero leku ezberdin batera. Baina, batez ere, elkartetik erkidego ezberdinetako kideak euren artean harremanetan jar daitezen egiten dute lan, «gertutasun eta babes sozial hori izan dezaten. Batzuetan, dentistarengana joan behar duzulako eta haurrarekin geratzeko lagun bat behar duzulako, eta, besteetan, haurra izateko bidean egon eta emaitza negatiboa izan duzunean, ulertuko zaituen norbaitekin kafe bat hartzeko beharra duzulako».


Sara eta Pipi:Bi kasu erreal


Aipatutako guztiaz badakite zertxobait Sara eta Pipik. Donostiako Ulia mendiko atsedenlekuan egin dugu hitzordua. Sarak urtebeteko alaba du. Pipik, hiru urteko semea. Ez dituzte euren benetako izenak eman nahi, baina ez da euren kabuz ama izateak lotsatzen dituelako; alderantziz, harrotasunez eta normaltasunez daramate euren familia eredua, «eta normaltasun horretan jarraitu nahi dugu. Nik ez dut nire bizilagunen bizitza goitik behera ezagutzen, beraz, zergatik ezagutu behar dute eurek nirea?», galdetzen dute. Euren esperientzia eta eredua ezagutzea, aldiz, garrantzitsutzat dute: «Inportantea da jendeak gurea bezalako kasuak ezagutzea, guretzat normala den hau gizartean normala izan dadin».


«Nere eskaera da bakarrik gure familia mota ezagutaraztea. Familia gisa onartuak izatea», aldarrikatu du Pipik, eta berari gertatutako pasarte bat jarri du adibide gisa: «Ohiko familia batek kirol txarteleko harpidetza egiten badu, bi pertsonarena baino merkeagoa da, eta euren haurrak ere hor barnean daude. Nik urtebeterekin semea igeriketa ikastaro batean apuntatu nahi nuen. Ni bazkide naiz, baina ez naute familia-mota gisa onartzen eta haurraren kuota ez-bazkide bezala hartzen dute. Eta horrek 80 eurotik gorako gastua esan nahi du. Nik esan nien ez daukala zentzurik, ez diedala ni laguntzeko edo beherapen berezirik egiteko eskatzen; soilik, ez nazatela diskriminatu eskatzen diet. Ohiko familiak, familia ugariak, langabezian dauden pertsonak, ikasleak, ezinduak, erretiroa hartua dutenak... Kategoria mordoa daude, eta gurea ez da existitzen», azaldu du. Halako adibideak “dozenaka” jar ditzakeela baieztatu du.


Pipik 40 urterekin erabaki zuen ama izango zela. “Orain ez da garaia” eta “lanpostua egonkortu arte itxarongo dut” tankerako esaldien artean urteek aurrera egin eta «aukera zoragarri honekin» egin zuen topo. «Zoragarria, orain mutilekin egon naitekeelako eta jada badaukat haurra; bestela badakit hor barruan betiko zerbait geratuko zitzaidala, bihotzean, halako hutsune bat». Sara beti bizi izan da bakarrik: «Oso independentea izan naiz, bidaiak eta kirolak gustatu izan zaizkit, astakeria eta tontakeria mordoa egin ditut, baina, adin batera iritsita, ‘jada honek ez nau lehen bezala betetzen’, pentsatu nuen. Modu naturalean haurdun geratu nintzen eta bi hilabete eta erdirekin haurra galdu egin nuen, jada nire bizimodu berria bisualizatzen hasi nintzenean. Oso garbi ikusi nuen esperientzia hori bizi behar nuela, eta, bikoterik ez nuenez, zientziaren aurrerapenekin ze aukera nituen galdetzera joan nintzen», kontatu du.


Biek ala biek onartzen dute «erraietatik» atera zitzaien zerbait izan zela ama izatea, ez zela guztiz hausnartutako erabakia izan. «Ez dakit sena, hormonak... zer izango zen, baina ez zen arrazionalki erabakitako zerbait izan. Nik sekulako hipotekatzarra nuen, lanean istiluak, nire inguruan laguntza gehiegi ez nuela izango ere aurreikusten nuen... Baina orduan zen aukera», azaldu du Pipik. Sarak ama eta aita, biak falta ditu eta jaioterri ez duen herri batera joan zen bizitzera: «Haurra izanez gero dena nik ordaindu beharko nuela banekien, ez zegoen alderdi ekonomikotik lagunduko ninduen inor. Ez dakit nola, baina indarra ateratzen duzu, eta, egunean-egunean, egin egiten duzu».


Sarak 45 urterekin eduki zuen alaba. Intseminazioarekin saiakerak egin bazituen ere, azkenean obodonazioa behar izan zuen, horrek dakarren kostuarekin. «Pribatutik joatera derrigortuta gaude, eta, azken tratamendu horretan soilik, 7.000 eurotik gora utzi nituen. Oso garestia da. Saio bakarra egin nezakeen eta, legez, bat, bi edo hiru obulu sar ditzakezu. Haurdun geratzeko %60ko aukera nuen eta hiru sartzea erabaki nuen. Haurdun geratu nintzela esan zidatenean baino poz handiagoa hartu nuen bakarra nuela esan zidatenean. Zer egin behar nuen nik hiru haurrekin?».


Erabakia hartzea erraza egin zitzaiela diote eta euren ingurunean ere ondo jaso zutela erabakia, baina gizartean «oraindik ere normalizatzeko asko» dagoela uste dute. «Senide batekin egin nuen topo. Elizkoia da oso, Ama Birjinaren txapa paparrean daramaten horietakoa. Triparekin ikusita, ‘ez nekien ezkondu zinenik’, bota zidan. Nik ezetz, ez nintzela ezkondu esan nion, eta azaltzen hasi nintzen. Hark bazekien nik amarekin lotura handia nuela, eta ‘jakingo balu zure amak disgustu ederra hartuko zukeen... Haur gizarajoa’, esan zidan. Baina gutxiengoa da; askoz gehiago dira mirespenez datozenak», dio Sarak. Gauza bera dio Pipik: «Normalean, burutik sano dagoen jendeak ondo hartzen ditu halakoak. Bizitzarekin haserretuta daudenak, horiek dira gehiago arazoak izan ditzaketenak. Baina, izatekotan, beraien arazoa da».


Alde horretatik, eurenak bezalako kasuak ezagutarazteko zein “arduragabekeria” etiketa gainetik kentzeko beharra jarri du mahaigaineanSarak. «Erabakia hartzerako momentuan gauza asko baloratzen dituzu. Lehenengoa zuk duzun desio bat betetzera zoazela da. Baina, hala sortu izanak ume honi etorkizunean arazoak ekarriko dizkio? Hori ere baloratzen duzu. Gizartean hipokresia handia dago, sozialki gauza batzuk onartuta daude, eta aita eta ama dituen umea zoriontsua dela irudikatzen da. Gurea bezalako egoeretan, aldiz, haur horrek gabeziak izango dituela ziurtzat jotzen da, baina ni konbentzitua nago nire haurra milaka bikoteren haurrak baino askoz zoriontsuagoa eta maitatuagoa izango dela. Garrasiak, gurasoen artean diskusioak, banaketak… Haur honek behintzat ez du sekula hori biziko; jakingo du bere ama zein den, maitatua izango da bere ingurunean eta, ez dakit arazoak izango dituen ulertzeko edo ez, baina azalduko zaio nola sortu zen». «Nik ere banuen kezka hori», jarraitu du Pipik, «baina lehengo astean lagun batzuekin geundela hiru urteko haur batek galdetu zidan, semearen aurrean, ea non zegoen bere aita. Aitarik ez zuela esan nion eta unean bertan, aurpegira begira, nire semeak ‘zu zara nire ama eta nire aita’ esan, besarkatu eta musu eman zidan. Berak ez du aitaren faltarik sentitzen».


Amatasunaren barnetegian


Dena ez da, ordea, dirudien bezain polita. Hori ere onartzen dute. «Aske hartutako erabaki bat da, kontzientzia eta ardura guztiz hartzen dena, baina... master baten parekoa da: ni bi urtez desagertua egon naiz», dio Pipik, barre artean. «Niri kontziliazioa konplikatua egiten ari zait. Ardura postu bat daukat eta murrizketa eskatu behar izan dut, ez naizelako iristen. Lehen ez neukan ordutegirik, orduak eman nitzakeen lanean nire lana oso gustuko dudalako, eta orain ez naizela nire lana ondo betetzen ari sentitzen dut. Nire lanaren zati bat mutil bat ari da egiten, haurrak bere emazteak zaintzen dituenez aukera hori baduelako». Hala ere, Sarak «pribilegiatua» dela sentitzen du, berak murrizketa eskatzeko aukera izan duelako. Baina ez da ohikoena. «Nik ezin dut murrizketa eskatu, ez zaidalako iristen. Bikoteen kasuan, normalean emakumeek eskatzen dute murrizketa eta bi soldatetatik bati zati bat kentzen diote. Horren portzentaje bat Jaurlaritzak ematen dizu bueltan. Gu amak soilik garenez, soldataren herena kentzen digute miseria bat emateko», dio Pipik.


Lanordua murriztu ala ez, lanean dauden artean haurra norekin utzi izatea ere buruhauste handia dela diote. «Oro har, dirutza uzten dugu haurtzainetan. Nik, hilean 600 euro inguru bai», dio Sarak. Lehengo urteko uda oroitu du Pipik: «Sei astetan 1.300 euro utzi nituen gazteleku eta haurtzain artean. Pasada bat da. Diru asko edo laguntza handia behar duzu, eta, biak badira, hobe».


Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunez gainera, amatasun eredu honek egunerokotasunean lotura handiak dakartzala ere onartzen dute. «Deeeeena egiten duzu umearekin», dio Pipik. «Ginekologoarekin errebisioa dagoela? Ba zurekin eraman eta ea erizainak entretenitzen duen...», Sarak. «Nik bi urte daramatzat ginekologora joan gabe eta ile-apaindegia... Zer da hori?Neronek mozten diot ilea neure buruari», Pipik, barrez. «Lanagatik haurra norbaitekin utzi behar badut topatzen dut jendea, baina, adibidez, zinemara joan nahi dudalako haurra inorekin uztea... Beharra duzunean jendeak erantzun egiten du, baina askotan ez dute ulertzen bakarrik egoteko beharra ere badugula. Normalean bik egiten dutena bakarka egitea hautatu dugu.Bai, gure hautua izan da, baina gogorra da», dio. Hala ere, Sarak eta Pipik barre artean oroitzen dituzte une txarrenak ere. «Urte eta erdian ez dut sekula bi ordu baino gehiago lo egin. Inoiz. Badakizu zer den lanera joatea garuna saturatua eta egitekoak bueltaka daramatzazula?Horrela urte eta erdi. Noski negar egiten dugula. Badituzu amore emango zenukeen uneak, baina, ez dakit nola, indarra ere ateratzen duzu», ziurtatu du Pipik.


Elkartea esperientziak trukatu eta euren kabuz guraso izatea erabaki dutenen errealitatea ezagutzeko garrantzizkoa dela diote, baina, batez ere, instituzioetan eragin eta “linbo legal” horretatik ateratzeko bitarteko baliagarria dela uste dute. «Udalekuak, zaintzarekin lotutako lekuak, polikiroldegiak, garraioak... Horietan guztietan familia ugarien txartela dagoen bezala guraso bakarreko familiena ere egon beharko litzatekeela uste dugu. Behar horiek onar daitezela eta batez ere gertuko instituzioen kasuan, udal eta diputazioetan, kontuan hartuak izan gaitezela. Horiek direlako egunerokotasunean eragiten digutenak», ziurtatu du Pipik.


Sararentzat, bisibilitatea da gakoa. Gisa honetako elkarte zein errealitateak ezagutarazteko baliabideak jarri behar direla uste du, hortik etorriko baita normalizazioa. «Gero eta handiagoa da bakarka guraso izateko hautua hartzen dutenen kopurua eta ziur nago hemendik hamar urtera oso ohikoa izango dela. Egun askok meritu handia dugula errepikatzen digute. Nik ez dut uste horrela denik. Nire kasuan lan ona daukat, ekonomikoki justu nabil baina moldatzen naiz... Hori ez da meritua. Meritua du ez dakit zenbat haurrekin alargun geratu eta aurrera egitea lortu duen horrek. Hori drama bat da, eta hortik ateratzeak du meritua. Hau ez da drama bat; hau aukera pertsonal bat da».

«Ohiko familiak, familia ugariak, langabezian dauden pertsonak, ikasleak, ezinduak, erretiroa hartua dutenak... Kategoria mordoa daude, eta gurea ez da existitzen», dio Pipik