Nagore Amondarain

Baserritarrez mozorrotzea

Kafea egitean txikoria botatzea bezalako ekintza «vintage»-a iruditzen zait festa batzuk ospatzeko baserritarrez janztea. Amamaren garaiko kafeak datozkit gogora, kafea belztearen ahalegin hura, berezko kafea mozorrotzearen ekintza. Zer dira San Tomas eguneko baserritar jantziak berez?

Urruti antzera daude santomasak baina egunotako Iruñeko San Fermin jaiek eman didate gaia berrartzeko aukera. Argi ikusi baitut zuriz eta gorriz janztearena festan murgiltzeko beste modu bat baino ez dela. Santomasetan baserritarrez janztea lakoa. Hala ere, bada erresistentzia bat oraindik, neure baitan diot. Oroitzapen lausoa dut, txikitan, baserritarrez mozorrotu nintzenekoa eta sanferminak ere kaleko jantziz egin ditut; barka, saiatu saiatu naiz kamiseta gutxienez zuria eramaten.

Baina baserritarrez mozorrotzea bestelako zerbait ari da bilakatzen, eta, zelan ez, hedatzen ari da. Gero eta ugariagoak dira baita jantzi horien inguruko hitzaldiak ere. Gogoan dut San Tomas egunaren buelta horretan, Azkoitian iragarri zuten hitzaldia: “Baserritar jantzien historia eta aurrera begirako proposamenak”. Aurrera begirako proposamen horiek ezagutzea gustatuko litzaidake, ez baitakit moda honek zein bide hartuko duen. Esango nuke, gainera, moda hau hiritik herri txikietara eraman dela eta ez aldrebes. Hirietan Euskal Jaiak antolatzearen sukar hori, herrietan ere hasi da isla izaten. Eta edozein festa baserritar jantziz dekoratu beharra arau bihurtu dugu. Agian, soinetik baserritar jantziak kentzen azkena izan denari sortzen zaizkio zalantzarik gehien, eta, agian, hor behar da formaziorik gehien?

Adibidez, duela hogei urte santa eskean soilik janzten zen baserritarrez nire eskualdean eta egun Olentzero egunez, ikasturte bukaerako festetan edo derrigorrean programatu beharreko Euskal Jaietan. Ama izan berri den lagun batek, kezkatuta galdegiten zidan, ea orain haurra duela, hurrengo urteko Olentzero egunean umea zein bera norbaitek edo zerbaitek derrigortuko dituen baserritarrez janztera. Eta zelan ez, gurdiaren atzean kalejiran joan behar izatera. Agian baserri giroa gertuen dutenen guneetan ematen dira inkongruentzia hauek. Barregarri geratzearen langa gainditzea deritzot nik neuk. Baina ikusten dudanez bada besterik ere.

Ekintzari berari ere hainbat izen jartzen zaizkio, nago tokiaren arabera mozorrotzea bera desberdin ikusten dela; Beran Olentzeroz janztea esaten zaio, Arratian baserritarrez, Ataunen artzainez janztea, gero eta hirigune handiagoetara hurbildu ahala caserito-z janztea eta Radio Euskadiko “Boulevard” saioan ez dakite oso ondo nola esan, ezta nola idatzi ere. Hauxe San Tomas egunez txiokatu zutena: «Nos hemos puesto el traje de arrantzal o de kaxero y hemos conocido a la ‘ama’ de Jaxinta, la txerri prota de la Consti #SantoTomás» (sic.).

Agian baserritarrez mozorrotzeak ez du bestelako zentzurik, ez du txikoriaren ukitu vintage hori eta soilik festarako uniforme bat baino ez da. Hobe horrelako ulertuko balitz. Ez dadila izan kafea belzteko eta indartzeko txikoriaren antzekoa, mesedez. •