Ander Izagirre-Kazetaria

Beste futbola

Baloia, gutxi edo gehiago, berdina da denontzat. Futbola, ordea, ez.
Baloia, gutxi edo gehiago, berdina da denontzat. Futbola, ordea, ez.

Baloia, gutxi gorabehera, berdina da denontzat: Brasilgo estadioetan mila milioika ikusleren begiradak erakarri dituena ala ama guaraniek, aurrelari miope saharar batek eta gazte inuitek jaurtitzen dutena. Baina, agian, kameretatik kanpo sartutako golek dute garrantzirik handiena. Urundaiti-Boyuibe partidan, entrenatzaileak aldaketa eskatu du presaka. Ez da arrazoi taktikoengatik: umetxo bat negarrez ari da zelaiaren ertzean eta ama futbolariak zelaia utzi behar du titia emateko. Baina ez dago umea lasaitzeko modurik. «Titia berotu egin zait horrenbeste korrika egiteagatik eta ez dit hartzen», esan du amak oihuka. «Andreak, mesedez, norbaitek titia hotz al dauka?». Ikusleak barrez lehertu dira eta futbolariak ere bai, baloiaren lehian area barruan pilatuta dabiltzala. «Begira nola dauden, denak elkarrekin, inurriak ematen dute!», esan du beste ikusle batek. Algarak berriz.

Boliviako Chaco eskualdeko ama guaraniak dira, sei, zortzi eta hamar ume hazten dituztenak, urik eta argindarrik gabeko txaboletan, gosea eta gaixotasunak pairatzen. Etxe horietako askotan ez dago senarraren berririk, auskalo non dabilen; emakumeek eusten diote familiari, lurra lantzen dute, hirian lanak bilatzen dituzte, eta oraindik ere kemena dute futbol talde bat antolatzeko, gauetan entrenatzeko, igandetan partidak jokatzeko eta aurreiritzi matxistak baloikadaka txikitzeko.

 

Hasieran, hainbat senarrek debekatu egiten zieten futbolean aritzea, edo jipoitu egiten zituzten entrenamenduetatik bueltan. «Baina igande batean ama futbolarietako bat ikusi nuen umeari titia ematen, gero senarraren besoetan uzten eta zelaira jokatzera irteten», dio Margoth Segoviak, emakume guaranien txapelketen bultzatzaile nagusia. «Gure herrian ez nuen sekula gizon bat ikusi umetxo bat besoetan zaintzen. Orduan konturatu nintzen iraultza egin genuela».

Hamuda Txej aurrelariak ere amets egiten du iraultza futbolzale txiki batekin: Saharako selekzioa txapelketa ofizialetan ikusi nahiko luke, lurralde okupatuan eta basamortuko kanpamentuetan 38 urte daramatzatenen egoera futbol zelaian ere salatzeko.

 

Saharako kanpamentuetako biztanleek Hamuda miresten dute, hondarretan asmatzen dituen jokaldi trebeengatik, area batetik besteraino egiten dituen korrikaldi sutsuengatik eta, batez ere, esparatrapuz jositako betaurreko lodi eta zaharrengatik. Miopia larria dauka, 12 edo 13 dioptriatakoa, eta 9ko betaurrekoak besterik ez ditu lortu. Gaztetan Aljeriako ligan jokatzeko itxaropena izan zuen baina ikusmen arazo honek galarazi zion basamortutik ateratzeko aukera. «Berdin zait», dio. «Umetan hasi nintzenean, kanpamentuetan ez geneukan ez kamisetarik, ez botarik, ez entrenatzailerik, ezta txapelketarik ere. Orain liga propioa antolatu dugu eta pozik nago. Futbola laster utzi beharko dut, miopiarengatik, baina gazteak entrenatzen hasiko naiz. Askok ez daukate inolako etorkizunik, inolako itxaropenik kanpamentuetan, eta kirola egiten lagundu nahi diet, gaztaroan gutxienez ilusioren bat izan dezaten».

Futbolean ilusioak bilatzen dituzten beste batzuk Groenlandia ekialdeko gazteak dira. Euren aitona-amonak historiaurreko ehiztarien modura bizi ziren, eta, orain, bi belaunaldi geroago, gazteak globalizazioaren aroan bizi dira, Mendebaldeko bizimodu baten irrikaz baina izotzezko mundu isolatu batean harrapatuta. Bilakaera garesti atera zaie: gazte inuiten artean suizidio tasa ikaragarria da. Ikasketak edo lan erakargarriak aurkitzeko inolako modurik gabe, batzuek futbolari heltzen diote. Eta udaberrian izotzak urtu bitartean, Kulusuk herrixkako TM-62 taldeko jokalariak herriko dantza aretoan entrenatzen dira. Duela urte batzuk Groenlandiako Kopako finalerdietara iritsi ziren, Nuuk hiriburura joan ziren partida jokatzera, harro kontatzen dutenez. Baina kanporatuak izan ziren, arraioa, penalti bidegabe batekin. •

www.anderiza.com