Iosu Iturrioz Dorronsoro

DuaLIBREman duatloiak Sevilla-I kartzelako hormak zeharkatu ditu

Pasa den larunbatean, Sevilla-I espetxean DuaLIBREman proba egin zen. Jon Karro abadiñarrak antolatutako duatloiaren xedea presondegian giltzapetuta daudenek parte hartu ahal izango zuten kirol ekintza bat antolatzea izan zen. Guztira berrogei preso eta lau atleta profesional elkartu ziren.

Gernikako plaza. 1998. urtea. Gau giro ederra eta minutu gutxi batzuk besterik ez Rosendo abeslari famatuak Carabanchel espetxean zuzenean grabatutako albuma aurkezteko. Ikusleen artean, Jon Karro abadiñarra. Kontzertua hasi bezain pronto, kimera hutsa zirudien zerbait bururatu zitzaion Karrori: berari ere kartzela batean kontzertu bat antolatzeko gogoa piztu zitzaion. Horretarako, lagunak dituen Reincidentes taldeko partaideengan pentsatu zuen berehala.

Duela hamasei urte sortutako ideia horrek indarra hartu zuen denbora pasa ahala, eta, 2010etik aurrera, proiektu zehatz ere bihurtu zen. Azken urteetan, horrenbestez, Karro bere ideiak zehazten eta moldatzen aritu da. Besteak beste, hasiera batean musikariak zituen protagonista egitasmoak, baina, denborarekin, pertsonaia nagusien lekukoa espetxeratuei pasatzea erabaki zuen. Gainera, musika kontzertua egin beharrean, hasiera batean trialoi bat eta ondoren duatloi bat antolatzea erabaki zuen. Pixkanaka guztia zehazten joan zen, jardunaldiaren data, aurtengo uztailaren 12a, erabakitzera iritsi arte. Dagoeneko ez zegoen atzera bueltarik: azkenengo erabakiak hartu eta guztia antolatzeko unea zen.

Horiek horrela, aurreko larunbatean egun handia iritsi zen azkenean, eta, Andaluziako Pilas udalerriko Sevilla-I espetxean DuaLIBREman deituriko ekimena egin zen. Presoen eskubideen aldeko lasterketa horrek, funtsean, kartzelatuak une batez bederen askeago bihurtzea zuen helburu.

Horretarako, duatloia espetxeko patioraino bertaraino eraman zuen Karrok. Hiru parteko lasterketa izan zen. Lehenik eta behin, bost kilometro korrika. Ostean, hamar kilometro bizikletaz, eta, amaitzeko, beste hiru kilometro korrika. Korrikaldiak eta bizikleta saioak uztartzen zituen proban, berrogei presok eta lau atleta profesionalek hartu zuten parte. Antolatzailearen hitzetan, guztien artean «zoriontasuna» hautematen zen.

Laguntza sarea

Ekitaldiaren ideia Jon Karrorena izan arren, guztia antolatzeko 30 adiskide ingururen laguntza izan du. Den-denen esanetan, egun osoa «izugarria» izan zen. «Hemendik bizipen ezin hobeak daramazkigu», onartu zuten. Laburbilduz, preso eta antolatzaileek eguna paregabea izan zela nabarmendu dute, eta Jon Karrok berak dagoeneko etorkizunean gisa honetako ekitaldi gehiago antolatzeko aukera du buruan.

Egia da, hala ere, proiektua aurrera eramatea ez dela batere erraza izan. Bidean milaka oztopo gainditu behar izan dituela aitortu du Karrok. Esaterako, Abadiñokoak Euskal Herriko kartzeletan aurkeztu zuen lehenik eta behin egitasmoa, hori zuen-eta lehen asmoa. Baina ezezko erantzuna jaso ostean, irtenbide berrien bila hasi behar izan zuen. Hartara, Lola Fuentes abokatuaren eta Utopia elkartearen laguntzarekin, Sevilla-I kartzelarekin harremanetan jarri eta proiektua bertan gauzatzea hitzartu zuten. Ostean, espetxearekin eta Andaluziako Triatloi Federazioarekin tratuan hasi eta elkarlanean jardun dute geroztik.

Hala eta guztiz ere, Abadiñoko atletak aditzera eman duenez, baldintzak hitzartzeko garaian espetxearekin tirabirak izan ditu. Bere asmoa triatloi bat burutzea zen, baina, arrazoi ezberdinak tarteko, igerilekua erabiltzerik ez dute izan eta azkenean duatloia egin behar izan dute. Bestetik, lasterketaren ostean espetxean bertan kontzertu akustikoak eskaintzea zegoen Karroren asmoen artean, baina, asmoak asmo, ideia bertan behera gelditu zen azkenean.

Larunbateko eguna grabatu eta film labur bat kaleratzeko desira ere bazuen Karrok, baina espetxeko arauek bere nahia betetzea eragotzi diote. Traba horiek denak gorabehera, baina, Jon Karrok Pilaseko kartzelarekiko esker ona adierazi nahi izan du.

Erronkaz erronka

Jon Karroren bizitza erronkaz josita dago. Txikitatik txirrindularitzan eta atletismoan ibili izan da eta 24 urte bete arte guztia ederto zihoakion. Adin horrekin, baina, diabetesa hauteman zioten eta medikuaren hitz gogor hauek entzun behar izan zituen: «Zaintzen ez bazara, hanka bat moztuko dizugu, inpotentzia pairatu beharko duzu eta itsu bihurtuko zara». Orduan bertan erabaki zuen bere buruari gogor egin eta aurrera jarraitzea.

Ordutik hona, kirola izan da Karroren sendagai nagusia. Behin baino gehiagotan aditzera eman duenez, honakoa da bere bizitzako leloa: «Gaixotasun bat dut, baina ez naiz gaixoa». Azken finean, bere egoeran daudenei diabetesarekin bizi daitekeela helaraztea da bere xedeetako bat. Oztopoak oztopo, abadiñar gaztea punta-puntako atletekin lehiatzeko moduan da eta poliki-poliki bere erronkak betetzen ari da.