amagoia.mujika@gaur8.info
Elkarrizketa
Lander Garro
Idazlea eta argazkilaria

«Liburuko tesietako bat da zer gaizki kabitzen den iraultza bizitzan eta zer sakrifizio den»

Inguratzen duen gerrak haur baten bizitza hankaz gora nola jartzen duen kontatzen du errenteriarrak bere bigarren nobelan. «Gerra txikia» hausnarketarako akuilu da.

Bere bigarren eleberria, “Gerra txikia”, mahaiaren gainean jarrita egin dugu hizketan. Tarteka arnasa sakon hartu eta isildu egiten da, ideiak oso barrutik ekartzen dituelako. Liburuko protagonistak 9 urte dauzka, eta asko omen dauka beretik, Lander Garro ere errefuxiatuen semea baita. Sabelean iltzatzen diren irudiz jositako kontakizuna da, gerraren bando bati hitza eman nahi diona. Eta guztia ume baten hizkeratik, hitzak faltan eta sentimenduak gainezka.

«Gerra txikia» nobelak haur baten begietatik kontatzen du gerra. Zergatik ikuskera hori?

Haurraren begirada aukeratu izanaren atzean bi kontu daudela uste dut. Batetik, haurtzaroa bera. Niretzat oso eremu ederra da, eta bereziki orain aita naizela eta erabat liluratuta nagoela haurrekin. Eta, bestetik, haurraren begirada interesgarria egiten zitzaidan gure betiko gerra beste eremu batera eramateko. Gure lubakitik atera eta kontakizuna lur neutralago batera eramateko, denok konpartitzeko moduko tokira. Zentzu batean bada mundu guztiarentzako izan nahi duen liburua, edonork irakur dezakeena, eta, dagoen posizio politikoan egonda ere, uler dezakeena. Edonork egin dezake bat haur horren eta familia horren sentimenduarekin.

Xabi Ugarte da pertsonaia nagusia. Xabik 9 urte ditu eta bere aita errefuxiatua da. Haur baten azalean sartzeko helduek normalean eutsita bezala dituzten sentimenduak askatu behar izan dituzu.

Nik asko hitz egiten dut haurtzaroaz, asko gustatzen zait. Egia da pertsonaia eraikitzen hasi nintzenean izoztuta bezala nituen sentimendu batzuk urtzen hasi zitzaizkidala, eta horri esker gero eta hobeto ulertzen hasi nintzen sentimendu horiek, nahiz eta lehendik ere ezagunak nituen emozioak izan. Liburua idazten ari nintzela dezentetan hasi naiz negarrez.

Pasarte batzuetan suma daiteke sufritu egin duzula.

Gertatu zait buruan neuzkan kontuak, normalak zirenak, naturaltasunez hitz egiten nituenak idazten hasi eta uste baino askoz ere mingarriagoak egiten zitzaizkidala. Eta ez gertakari handiak derrigor. Asmaren kontua, barnetegiko kontuak... Azken horiek, adibidez, oso mingarriak eta tristeak egiten zitzaizkidan.

Zenbat dauka Xabiren pertsonaiak zuretik?

Xabi Ugartek eta nik antzekotasun izugarriak dauzkagu. Nire familia 1983an erbestera joan zen, eta Xabi Ugarterena ere bai. Liburua hortik abiatzen da. Baina ez nuen nire bizitza kontatu nahi. Bizi izandakotik abiatu naiz fikzio bat sortzeko eta nobelaren beharrizanek agindu dute etengabe. Eta beharrizan horiek ez dira derrigor benetan gertatutako gauzak. Kontakizuna ahalik eta interesgarriena eta hunkigarriena egiteko idazleak aukeratu egiten du bizi izandakotik, asmatutakotik, entzundakotik... Alegia, Xabik asko dauka nirea, baina baditu nireak ez diren gauza asko ere.

Aitortu duzu, hala ere, uste baino gehiago ote daukan zurea.

Bai, konturatu naiz nigandik asko aldenduta ere, Xabik nirekin nik neuk daukadana baino antz handiagoa daukala. Xabi bada, beharbada, ni neu nola sentitzen naizen benetan. Gauza bat da nola sentitzen garen eta, bestea, nola agertzen garen. Nik badaukat joera nabarmena oso harro agertzeko munduaren aurrean, baina ni ez naiz batere harro sentitzen. Eta askotan harrituta geratzen naiz esaten didatenean batzuetan harroputza naizela, nire buruarekin segurua naizela, lotsagabea naizela... Askotan esaten didate, eta, beraz, ja barneratuta daukat horrelakoa naizela, baina ez naiz batere horrela sentitzen. Nire baitan ez dago batere harropuzkeriarik. Eta Xabiren pertsonaia horrela eraiki dut: guztiz umila da, oso herabea, uzkurra, hauskorra... Eta hauskortasun horri aurre egin behar dio munduak eskaini dion paisaia batetik. Eta paisaia hori gerra da.

Eta zuk bere ikuskera hori kontatu duzu, haurraren begirada xaloa eta gardena.

Ume baten buruan jartzea ariketa konplikatua da oso. Lehenik eta behin idazkuntzaren teknikatik. Idazleak hitzak behar ditu eta ume bati hain juxtu hitzak falta zaizkio. Umearen gramatika sinple hori sekulako oztopoa da idazteko orduan, liburua asko sinpletzen duelako eta oso naif bilaka dezake, eta hori ez nuen nahi. Eta, bestetik, niretzat lagungarria izan da haurrak egunero gertutik ikustea, beren hauskortasun hori behatzea... Haurrek badute gauza bat oso polita: intentsitatea. Umearen pozaren intentsitatea, minaren intentsitatea, barre eta negar egiteko askatasuna... Iruditzen zait helduon emozioak oso sordinarekin gertatzen direla bizitzan. Bai zorion momentuak eta bai etsipen uneak kontu ikaragarri batekin bizi ditugu. Alde horretatik ni banaiz pertsona bat beti ari dena besteei eskatzen sordina kentzeko. Hiperemozionala naiz, beti ari naiz munduari eskatzen benetakotasun hori, bizi ditzagun gauzak intentsitatez. Eta niretzako umeak erromanizatu gabeko gizaki pagano libreak dira.

«Gerra txikia» deitu diozu. Akaso azkenaldian gerra txikiez inoiz baino gehiago ari gara hizketan?

Uste dut oro har guk, euskaldunok, tabu asko hautsi ditugula gure kontakizunean, gure iraganeko pertzepzioan. Bai iruditzen zait dagoeneko ez garela horren dogmatikoak edo horren “aparatukoak”. Garai batean irizpide bat genuen argi eta garbi eta horri jarraitzen genion, eta gaur egun bagaude posizio emozionalago batean, barrura begiratu nahi duen posizio batean. Baina, berriro diot, hori gu gara. Etsaia ez. Etsaiak bere dogmekin jarraitzen du. Are gehiago, emozioez hitz egiten duenean dogmez ari da.

Gauza asko kontatzen dituzu liburuan. Esaterako, errefuxiatuen bizitza.

Ulertu behar da 1983. urtean euskaldunok zein perspektiba genuen etorkizunarekiko. Uste dut garai hartan errefuxiatuen kolektiboa konbentzituta zegoela Euskal Herria berandu baino lehen herri independente eta sozialista izango zela. Ospakizun handirako ari ginen prestatzen. Eta ilusio neurrigabe horren baitan bizi zen errefuxiatuen kolektiboa, dena zen ospakizun eta dena zen dolu. Albisteek zioten gerra oso gogorra zela, baina airean zegoen gogortasun hori gutxienekoa zen, askatasuna hortxe zain zegoelako. Ez dakit hori islatzea lortu dudan, baina hori kontatu nahi nuen. 1983an kartzelan gehien egondako presoak zenbat urte zeramatzan? Bost bat urte. Testuinguru horretan egon izan balitz presoren bat kartzelan 30 urte zeramatzana, segur aski ez zuten horrela biziko bizitza. GALen ekintza bat izango zen desastre totala, eta denek hanka egingo zuten. Baina garai hartan kohesio erabatekoa zegoen, elkartasun ikaragarria kolektibo horren baitan eta ez zegoen hor pitzadurarik eragiteko modurik. Eta pitzadurak eragiteko, hain juxtu, espainolak ekintzak egitera ausartu ziren. Ez zegoen beste modurik kolektibo hori pitzatzeko. Eta horrela ulertzen da jendea hiltzen egotea eta une berean jendea ilusioarekin egotea, bizitzeko grinez, aurrera egiteko gogoz.

Xabi Ugarteren aitaren pertsonaia indartsua da. Aitatasun klase bat marrazten duzu nobelan.

Nire herriaren kontakizun politikoa ikuspegi nobleago batetik egin nahi nuen. Eta iruditu zitzaidan interesgarria zela liburuan dagoen militantea, militanteetan militanteena, ez izatea heroi bat. Heroia desmuntatu nahi nuen, eta desmuntatzearekin batera humanizatu. Eta horrekin batera garai bateko jendeaz hitz egin nahi nuen. Xabi Ugarteren aitaren eredua dago, eta, beste puntan, Txominena; alabengana joan eta musukatzen dituena, haiekin jolasten dena... Baina aitatasun eredu hori erabat exotikoa zen, oso gutxitan ikusten zen. Aita gehienak Xabi Ugarterenaren antzekoak ziren, haurrak etxeko katuak bezala tratatzen zituztenak kasik.

Xabi Ugarteren amak ere pisu handia dauka kontakizunean.

Niri asko gustatzen zait amaren pertsonaia. Alde batetik, ez diot uko egin ama mendeko hori azaltzeari. Kolektibo horretan amak besteetan bezalakoak ziren; mendekoak, morroiak... Baina gerraren testuinguruan paper horretara kondenatuta dagoen ama batek ere bideak aurkitzen ditu, ia modu klandestinoan, bere ekarpenak egiteko. Aitaren begietatik urrun dagoenean badauka diskurtso propioa eta ekintza zenbait ere egiten ditu. Alde batetik bere aberriaren aldeko askatasunaren alde ari da, eta, bestetik, bere askatasun pertsonalaren alde. Euskal Herrian emakume horiek askatasun pertsonalaren aldeko borrokan lan handia egin zutela iruditzen zait.

Heriotzak ere presentzia dauka kontakizunean. Zuretik asko dauka parte horrek.

Liburuaren hasieran aipatzen dudan Beltza nire buruan Txapela zen, erabat. Nik badaukat Txapela hil zutenean bere argazkiaren oroitzapena. Gogoan dut argazki horri begira egon nintzela harrituta, jakin nahian hil zuten hura benetan pertsona bat zela, egiaztatu nahian bezala. Gogoan dut argazkiari begira egon nintzela luze, sentsazio oso bereziarekin.

Oso irudi indartsuak dauzka nobelak. Esaterako, Beltzaren erailketa ondorengo ekitaldia amaituta, lurra bere argazkiz papereztatuta. Bera irribarretsu eta jendea argazkien gainetik oinez.

Batetik horrela gertatu zen paisaia bat kontatu nahi nuen. Era berean, modu sinboliko batean, gerra baten testuinguruan heriotza zer den azaldu nahi nuen. Heriotza gertatzen da, une horretan badago dolu liturgia bat, heriotza salatzeko liturgia bat, eta berehala badago aurrera egin behar bat. Oinek hori irudikatzen dute, beren egunerokotasunera bueltatzeko premia.

Heriotza salatzeko liturgian Xabik harrituta begiratzen die ukabila altxatuta eta lepoko zaina lehertu beharrean daudenei. Eta minutu batzuk geroago tabernan trago bat hartzen ari direla pertsona diferenteak diruditela pentsatzen du.

Idazle txekiar bati irakurri nion behin antzeko zerbait; gizaki kolektiboaren mozorroa nola janzten dugun, oihuka eta besoak altxatuta. Eta behin ekintza kolektiboa bukatuta, nola erantzi behar dugun gizaki kolektiboaren jantzia eta berriz gurea jantzi behar dugun, gure betiko keinuak eta jarrerak berreskuratu behar ditugun. Horregatik ez dauka zentzurik plazaren erdian pertsona bakarra egotea ukabila altxatuta, baina, hamabost pertsona baldin badaude, bai.

Beste irudi bat. Ikastolaren aldeko protesta batean Xabi konturatzen da bere komunitatea akaso ez dela berak uste bezain handia.

Umea gutxika-gutxika konturatzen da mundua ez dagoela bere neurrira eginda. Pertsona heldu batentzat guztiz bistakoa da mundua zein zabala den eta gu zein txikiak garen. Baina ume baten begietatik desberdina da; Xabik uste du munduko haur guztiak ikastolara doazela, eta ez du pentsatzen batzuk ez doazela ikastolara kulturalki aurkakoak direlako. Poliziak bere irakasleei nola oldartzen zaizkien ikustean ohartzen da benetan Xabi bere tribuaren txikitasunaz. Izan ere, beretzat zerbait sakratua baldin bada, bere gurasoen gainetik dagoena eta ukiezina, hori irakasleen figura da. Eta bat-batean ikusten ditu irakasleak pankarta baten atzean eta poliziak irakasleen kontra. Zeintzuk dira polizia horiek? Zeintzuk gara gu? Zergatik da udaletxean zintzilik dagoen bandera frantsesa gure pankarta baino handiagoa?

Xabi Ugartek behin jertse berri bat estreinatzeko aukera izan zuen eta bere aitak eskutatik kendu egin zion, benetan behar zutenei bidaltzeko.

Liburuaren tesietako bat da zer gaizki kabitzen den iraultza bizitzan; zer zaila den iraultza eta eguneroko bizitza bat etortzea eta zer sakrifizio den. Garai hartan iraultzaren sehaskan zegoen jendearentzat dena zen dogma bat, denaren inguruan egiten zen irakurketa politikoa. Aitaren begietara ekintza hori militantzia akatsgabea da, eta, umearen begietara, tragedia izugarria.

Xabiren osaba enpresaria eta aita militantea ere parean jartzen dituzu. Familia berean bi kolore oso desberdin. Ohikoa gure herrian.

Liburuaren asmo errealistaren baitan kokatzen da. Euskal gatazkak sortutako ehunka paradoxen arteko pare bat kontatzen ditu. Batetik familia berean zein ezberdin ikusten diren borroka, askatasuna, konpromisoa... Eta nola batzuetan ideologia gauza guztien gainetik egon daitekeen. Eta kontatzen du gatazka gertatu den bitartean batzuek zer trebezia izan duten batere zikindu gabe ateratzeko bertatik. Batzuek zer abilezia izan duten hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeko.

Bada egoera bat barregura ematen duena: Xabik gorroto du kartzelara bisitan joaten direnean aitak jantzita daraman txandala. Ongietorrira txandal horrekin azaltzen da berriz.

Niretzako nobela bat eraikitzeko orduan, irakurlearengana iristeko orduan, gauzarik garrantzitsuena sinesgarritasuna da. Irakurleak eta idazleak tratu bat egiten dute. Idazleak esaten du: istorio bat kontatuko dut eta demagun egia dela. Eta, irakurleak: demagun nik sinetsi egiten dudala. Kontratu horretan badago klausula bat, eta, horren arabera, istorioa gezurra dela sentitzen hasten denean, irakurleak altxa eta joateko eskubidea dauka. Horregatik idazleak gauzak ahalik eta modu sinesgarrienean kontatu behar ditu. Eta bitxia da, baina horretarako fikzioa, gezurra, oso garrantzitsua da. Izan ere, pertsonaia bakoitzak bere ezaugarriak, bere bitxikeriak, bere xelebrekeriak behar ditu. Azken finean, berez, jendea oso xelebrea delako. Nobela batean hori gero eta hobeto islatu, gero eta sinesgarriagoa da, eta idazle-irakurle lotura estutu egiten da. Eta asmoa da liburua bukatzean irakurleak galdetzea: «Baina hau egia da, ezta? Hau autobiografikoa da, ezta?».

Bazenuen Xabi Ugarteren istorioa kontatzeko beharra.

Beti iruditu zait istorioak kontatzea eta istorioen bidez besteengan emozioak sortzea oso gauza ederra dela eta liburuaren oinarrian badago besteekiko zubi bat eraiki eta joan-etorri horretan lasaitasuna edo sosegua topatzeko premia. Bestetik, beste arrazoi bat izan da gure herriaren kontakizuna deitzen dugun horretan aletxo bat jartzea. Iruditzen zait kontakizun hori oso menderatzaileen ikuspegitik kontatuta dagoela. Horregatik guk, menderatuok, kontatu dezagun nola izan diren gauzak.

Eta inpultso estetikoa ere badago, hori beti dauka idazleak. Aldez aurretik idatzi diren eta guk irakurri ditugun liburuekin dialektika batean sartzen gara. Joko literarioa ere oso garrantzitsua da, eta niretzako joko literario izugarria dago liburu honetan. Niri grazia egiten dit pentsatzeak nik irakurri izan ditudan idazle estatubatuar, burges, arraza zurikoen oihartzuna dagoela liburu honetan.

Liburua amaituta galdera sortu zait. Nolako bizitza izan ote du Xabi Ugartek heldu bihurtu denean?

Ba horretan ari naiz orain: hamar urte geroago Xabi Ugarteren bizitza zertan den idazten! Hiruzpalau urteko proiektua izango dela pentsatzen dut.

 

«Gehiago irabaziko nuke kalean txirula jotzen»

Euskal idazleen lan prekarietateak kezkatzen zaitu.

Uste dut Mendebaldeko gizartean egoera prekarioena duena dela. Nik diru gehiago irabaziko nuke kalean txirula jotzen idazten baino.

Horrek zein irtenbide dauka?

Kultura politikaren aldaketa bat behar da, idazleak bekatu egin behar dira. Hartu Euskal Herriko edozein herri txiki eta ikusiko duzu herri horrek kaleetan galtzada-harria jartzen inbertitzen duen dirua Euskal Herri osoan literaturan inbertitzen denaren berdina dela.

Norbaitek esan lezake galtzada-harria beharrezkoa dela kaleetan eta literaturak zertarako balio duen ez dagoela garbi.

Kultura da pertsonak pertsona egiten gaituena. Bere horretan da garrantzitsua, ez zerbitzu bat ematen duelako. Gizakiok zerbait nabarmentzekoa baldin badugu txarra ez dena –beste animalietatik bereizten gaituen beste guztia txarra baita– hori sortzeko gaitasuna da. Ezerezetik gauzak kontatzeko eta besteak hunkitzeko daukagun gaitasuna da. Jakina garrantzitsua dela. Ia mundu guztian ulertzen da, hemen izan ezik. Euskal Herria da mundu mailan kultura gutxien maite duen herrietako bat.

Baieztapen zuzena da hori.

Hala da, eta niretzat horren frogarik argienetakoa Guggenheim da. Niretzat Guggenheim da kultura alderantziz ulertzeko joeraren hezur-haragitzea. Kulturaren edukiontziari erreparatzea eta ez edukiari. «Egin dezagun edukiontzi eder bat kulturarentzat, eta gero barruan zer sartzen den bost axola». Hori da Euskal Herrian kultura babesteko dugun modua. Tira, Guggenheim esan dut, baina esan dezaket Baluarte, Kursaal... edo Euskal Herrian egin diren mila eraikin lotsagarri horietako edozein. Niretzat lotsagarriak dira ez eraikinak hala direlako, gero barruan sartu beharreko kultura oso gaizki tratatzen delako baizik. Eraikin horiek euskal kulturarekin hornitzeko joera koherente eta zintzoa balego, eraikin horiek zoragarriak izango lirateke. Baina tamalez ez da horrela gertatzen, eta bitartean euskal artistak gosez hiltzen ari dira.

Euskal sortzaileen panorama ez da batere ona.

Ez. Euskal sortzaileok lan egin behar dugu: kazetari, igeltsero, udaltzain... Gero, gure seme-alabez arduratu behar dugu. Eta, gero, gerlariaren deskantsuaren tenorea ailegatzen denean eta jendeak futbola ikusten duen bitartean, guk ordenagailu aurrean jarri eta idatzi egin behar dugu. Hori da guk aukeratu dugun bidea.

Niri gero ez zait egokia iruditzen euskal idazleak esatea. Politikariak horrekin ahoa betetzen hasten direnean sekulako amorrua ematen dit. Euskal idazlerik ez da existitzen Euskal Herrian. Existitzen dira liburuak, baina idaztea ez da ofizio bat inorentzat. Esaten denean Euskal Herrian bizpahiru idazle bizi direla idazteaz gezurra da, ze ez da inor bizi idazteaz bakarrik. Bizitzeko bestelako lanak egin behar dituzte; hitzaldiak eman, vedette baten moduan paseatu hara eta hona... hori ez baduzu egiten ezin duzu idaztetik bizi. Beraz, idazteaz ez da inor bizi.