ENEEK-ELB

Nekazaritza ekologikoa udalerri mailan sustatzeko aukerak

Laborantza biologikoaren ziurtapena daukaten elikagaiek baldintza jakin batzuen arabera ekoitziak izatearen bermea dute: ingurumena eta osasuna errespetatuz ekoitziak izatearena, alegia. Hortaz, bere lurraldearen garapenean erabakigarritasunez engaiatu nahi den hautetsi batentzat, nekazaritza ekologikoa bultzatzeko hautua konfiantza osoz har dezakeen erabakia da. Hona hemen Iparraldeko Biharko Lurraren Elkarteak gai honen inguruan prestatu txostenaren laburpena. Borondatea dagoenean, bidea topatzea erraza da.

Etxalde biologikoak

Lurraldearen antolaketan eraginez. Plangintza Orokorretan nekazaritzako lurrak babesteko neurriak har daitezke, edota lur komunaletan nahi eta nahi ez laborantza biologikoa egin dadin ezarri. Laborari biologikoen instalazioak paisaia eta ingurumena babesten du, aldi berean landa eremuetan lanpostuak sortuz. Laborariak merkaturatze zirkuitu laburrak lehenesten baditu, gainera, jardueraren etekinak tokian bertan berrinbertitzen dira.

Uraren kalitatean eraginez. Uraren kutsadura eragile nagusietako bat nekazaritzatik eratorritako nitrato isuriak dira. Udalerriek, ur partzuergoekin eta nekazaritza elkarteekin batera, proiektuak gara ditzakete, adibidez, laborarien jardueraren diagnosia egiteko, konbertsiorako laguntzak ezartzeko, aholkularitza teknikoa emateko... Era horretan, ur edangarriaren, ibaien zein hondartzen kalitatea hobetzen da, aldi berean tratamendu kostuak (desnitrifikazioa) txikituz.

Gertutasuneko zirkuitu laburrak garatu

Udalaren eskumenekoak diren sukaldaritza zerbitzuetan eraginez. Janari zerbitzu munizipalen kudeaketan (ikastetxe, nagusien etxe…) irizpide argiak eta helburu konkretuak ezar ditzakete udalek, tokiko laborantza biologikoa antolaketaren erdian jarriz, eta garapenerako bidea markatuz. Arlo honetan aurrera egiteko har daitezkeen neurriak asko dira:

–Jantokien kudeaketarako egiten diren lehiaketa publikoetan, bertoko laborantza biologikoaren aldeko irizpideak txertatu.

–Sukaldeko pertsonalaren zein jantokia zaintzen duenaren formakuntza beharrei erantzun, elikagai biologikoak zer diren irakatsiz, produktu freskoen manipulazioari buruzko formazioa emanez, sasoitasunean oinarritutako menuen diseinuan lagunduz...

–Elikadura osasuntsu baten garrantzia zerbitzuaren erabiltzaileei (haurrei, gurasoei, adindutako pertsonei...) azaldu, beraien kabuz elikatze ohitura egokiak hartzeko gaitasuna izan dezaten.

–Zentroetan otorduak prestatu ahal izateko azpiegitura ezarri (sukalderik ez dagoen kasuetan sukaldea jarriz, eta, sukaldea badago, egon daitezkeen gabeziak –hozkailuak, mahai beroak, barazkiak zuritzeko makinak...– asebetez).

“Tokian tokiko laborantza biologikoa-jantoki zerbitzu publikoak” binomioa indartzearen garrantzia agerikoa da, dauzkan eragin positibo guztiei (ingurumen, osasun, tokiko ekonomia zein herritarren hezkuntzaren arloan nabarmenki) erreparatuz gero.

Gertutasuneko zirkuituak sortzeko erraztasunak emanez. Herritarrei elikagai biologikoak eskuratzeko aukera ematea da kontua, bertokotasuna, kalitatea eta ekoizpen eredua lehen lerroan jarriz. Herrian bertan bertoko produktu biologikoak kontsumitzeko dauden aukerak erakustea (azokak antolatuz, herrian topa daitezkeen laborari eta produktuei buruzko informazioa zabalduz...), edota laborariek zein kontsumo taldeek izan ditzaketen azpiegitura beharrak asebetetzea izan daitezke bide batzuk.

Nekazaritza ereduari buruzko debatea

Aurrez aipatu ildoetan neurriak hartuta, ekoizpen ereduari buruzko debatean lehenesten diren irizpideak zeintzuk diren aditzera ematen du udal batek, baina, horrez gain, eztabaida aktiboki sustatzeko jarduerak eta neurriak har daitezke:

–Laborantza biologikoaren inguruko ekitaldiak antolatuz (feriak, jardunaldiak, mahai inguruak...).

–Udaleko lorezaintza zerbitzuan, fitosanitarioen erabilerarako irizpideetan ingurumen eta osasun baldintzak lehenetsiz. Fitosanitarioen erabilera (plagizida, pestizida eta herbizidak) murriztu eta erabat eliminatzeko erabakia hartzerakoan, udala eredugarri bilakatzen da herriko biztanleentzat.