Aimar Esnaola Cuesta

Eroskik bere markan sartu ditu jatorri izena duten Bizkaiko, Getariako eta Arabako txakolin bana

Lehen sektoreko elikagaiak bultzatzeko Lakuak eta Eroskik sinatutako akordioaren baitan sartu dira jatorri izena duten Bizkaiko, Getariako eta Arabako txakolinak. Ardo autoktono hau ezagutaraztea eta haren kontsumoa handitzea helburu, aurrerantzean Eroski dendetan egongo dira erosgai Zeruko, Mendigorri eta Bayarri txakolinak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txakolin bana aukeratu du Eroskik.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txakolin bana aukeratu du Eroskik.

Hemendik aurrera jatorri izena duten Bizkaiko, Getariako eta Arabako txakolinak Eroski kooperatibaren markarekin erosteko aukera egongo da. Izan ere, euskal supermerkatu kateak bere markan sartu ditu honako hiru txakolin hauek: Bizkaiko Talleri upategiak ekoizten duen Zeruko, Getariako Zudugarai upategiaren Mendigorri eta Arabako Artomaña upategiko Bayarri.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen sektoreko produktuak bultzatzeko Eroskik eta Lakuak sinatutako akordioarekin bat dator txakolin hauek kooperatibaren markan sartzeko erabakia. Halako elikagai autoktonoak kontsumitzea ezinbestekotzat jotzen dute bi aldeek lehen sektorearen iraupenerako. Gainera, kontsumitzaileek askatasun eta erraztasun handiagoa izan dezakete horrelako produktuak erosteko ohiko saltokietan topatuz gero. Horregatik, ardo autoktono hau ezagutaraztea eta haren kontsumoa handitu eta zabaltzea da akordioaren helburu nagusia. 2013an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Eroski saltokietan txakolin salmentak %15 egin zuen gora, eta, orain, jatorri izena duten hiru marka hauek bertan salduz salmentak gehiago hobetzea espero dute.

Jatorri izena duten hiru txakolin hauek tradizio handia dute gurean, baina akordio honek bultzada handia emango diela uste dute Artomaña upeltegiko arduradunek. Akordioak zer-nolako onurak ekarriko dizkieten esaten ez dakite momentuz, ekimena oraintxe hasi denez goizegi delako zenbaki zehatzak emateko, baina, upategiko arduradunek diotenez, «akordio honekin ditugun aurreikuspenak oso onak dira». Eroski dendetan soilik salduko den Bayarri txakolina hasiera batean Araba eta Nafarroako dendetan egongo da eskuragarri, baina «bezeroen erantzuna ona bada beste lurraldeetako dendetara zabaltzeko» intentzioa ere badagoela jakinarazi diete jada kooperatibatik.

Gertatzen denaren zain, akordioarekin oso pozik dira Bayorri txakolinaren arduradunak, ez soilik Eroski bezero potente eta garrantzitsua izan daitekeelako, kooperatibaren saltokietan eurek ekoitzitako txakolina salgai izateak «kontsumitzaileekin erlazio zuzena» izatea ekarriko dielako baizik. Orain arte euren bezero nagusienak enpresa banatzaileak ziren, baita taberna eta gourmet denda txikiak ere. Hemendik aurrera, ordea, bezeroek euren txakolina «zuzenean dendatik etxera eraman ahalko dute» eta horrek merkatua asko zabaltzeko aukera emango diela uste dute. Hala ere, goizegi da jakiteko zer-nolako arrakasta izango duten ekimen honi esker, baina ilusioz hasi dira lanean eta «ikusiko dugu hemendik hilabete batzuetara gauzak zertan diren».

Eroskik, bestalde, hainbat publizitate kanpaina bultzatuko ditu bere aldetik hiru txakolin hauen salmenta arrakastaz aurrera eraman ahal izateko. Eroskiko bezeroen artean etxeko produktuak kontsumitzeko joera zabaldu egin dela azaldu dute, eta horrelako ekimenekin eskaera horri erantzuteko prest daudela gaineratu dute. Txakolinaren kasuan, produktu honek duen balio gastronomiko eta kulturalaren garrantzia nabarmendu dute Eroskiko arduradunek, eta, ideia hori bultzatu nahian, txakolinaren kalitatea ikusgarri jarri nahi dute publizitate kanpaina bereziak erabiliz. Izan ere, Eroskiren helburuetako bat etxeko produktuak erosteko lehen aukera bihurtzea da.

Botilen aurkezpena

Txakolina merkaturatzeko erabiliko dituzten botilak herrialdez herrialde aurkeztu dituzte egunotan. Zeruko txakolina izan zen lehena, eta Abadiñoko hipermerkatuan aurkeztu zuten. Mendigorri txakolina, berriz, Zarautzen aurkeztu zuten, eta, Bayarri arabarra azkenik, Gasteizeko Boulevard merkataritza zentroan.

Asun Bastida tokiko produktuetarako Eroskiren zuzendari komertziala izan da kooperatibaren ordezkaria hiru aurkezpenetan. Bastidaren ustez, «inguruan ekoitzitako elikagaiak merkaturatzeko plataforma irekia da Eroskiren denda bakoitza». Izan ere, kooperatibak gero eta gehiago sustatu nahi ditu produktu autoktonoak. Hala, Eroskiren konpromisoa etxeko txakolinaren «kalitatea ezagutaraztea eta kontsumitzaileak haren balioaz ohartaraztea» da Bastidaren hitzetan.

Bizkaiko Zeruko txakolinaren aurkezpenean Anton Txapartegi Bizkaiko jatorri izenaren idazkari eta teknikariak adierazi zuenez, bertako txakolinak «aitorpenak jaso ditu estatuko eta nazioarteko hainbat topaketetan». Izan ere, Bizkaiko ingurune naturalak eta bertan landatutako aldaerek bertako txakolina berezi egiten dutela uste du Txapartegik.

Getariako Mendigorri txakolina aurkezteko, berriz, Ruth Mozo Getariako jatorri izeneko idazkari nagusia eta Mikel Errasti Zudugarai upeltegiaren zuzendari komertziala izan ziren Zarautzen. Bigarrenaren esanetan, gauzek horrela segituz gero aurtengo uzta «iazkoa baino hobea» izango da, eta Eroskik marka propioa izateak txakolinaren zabalkundean potentzial handia izan dezakeela uste du, «esparru komertzialean babes hau jasotzeak txakolinaren ezagutza zabalduko baitu ziur».

Arabako Bayarri txakolina aurkezten Jose Antonio Merino Arabako jatorri izeneko kudeatzailea eta Luis Mariano Alava Artomaña upeltegiaren arduraduna izan ziren. Merinoren esanetan, txakolina «gero eta fama gehiago hartzen ari da duen kalitate handiarengatik». Horrez gain, Arabako jatorri izenarekin ekoitzitako txakolinek jaso dituzten kalifikazioak «onak edo bikainak» izan direla nabarmendu zuen.