Aimar ESNAOLA CUESTA

Jon Urutxurtu zeanuriztarrak «Arratia posta txartelean» liburua argitaratu du

Posta txartelek jatorriz zuten egitekoa galdu dutela esan daiteke. Horren ordez, iragana islatzen duten dokumentu ikonografiko bilakatu dira egun. Arratia zena erakutsi nahian, Jon Urutxurtu Bengoetxea zeanuriztarrak XX. mendeko lehen erdian argitaratutako 89 posta txartel bildu ditu liburu batean.

Gaur egun edonork du argazki kamera on bat, askok sakelako telefonoan bertan gainera. Horrenbestez, oporretara joan eta gure nondik norakoen berri sare sozialetan emateko joera izugarri zabaldu da. XXI. mendeko aurrerapenaren eta modernitatearen erakusle garbia da hori, ezbairik gabe. Baina, nola egiten zuten gure aurreko belaunalditako kideek euren bidaien berri emateko? Posta txartelak erabiliz, hain zuzen. Bada, Jon Urutxurtu Bengoetxea zeanuriztarrak posta txartel zaharrak batzeko zaletasuna du eta XX. mendeko lehen erdiko Arratiaren erakusle direnak elkartu ditu “Arratia posta txartelean” izeneko liburu interesgarrian.

Egilearen beraren hitzetan, «antzinako posta txartelei buruzko liburu bat argitaratzea anakronikotzat har daiteke». Orduan, zergatik plazaratu horrelako bilduma bat egun? Urutxurtuk garbi dauka: «sare sozialen aurrekari garbiak dira posta txartelak». Gainera, garai baten isla eta sinbolo diren objektuak direla uste du zeanuriztarrak.

Egileak azken hamabost urteak igaro ditu bere bilduma propioa eratzen, posta txartelak batzeko zaletasuna txartelok liburu batean elkartzearen ideia bera baino lehenagokoa baitu. Guztira 89 dira bilduman azaltzen diren posta txartelak, esan bezala, XX. mendeko lehen erdian argitaratutakoak guztiak ere. Data zehatzak jakitea zaila da oso, baina badaude bi 1906 baino zaharragoak direnak; «atzealdea banatu gabe dute», azaldu du Urutxurtuk. Ordura artekoetan atzealdean hartzailearen datuak (izen-abizenak, helbidea) eta zigilua jartzeko lekua soilik zegoen; ordutik aurrera, ordea, atzealdea erdibiturik agertzen hasi zen, horrela mezua idazteko lekua ere utziz.

Posta txartelak gutun-azalik gabe eta bertan idatzirik bidaltzeko sortu ziren XIX. mendean, Prusian. Heinrich von Stephen (1831-1897) jotzen da sortzailetzat. Jaulki zen lehena, baina, Austrian argitaratu zen, 1869ko urriaren 1ean hain zuzen. Pixkanaka zabaldu egin zen posta txartelak bidaltzeko joera, bilakaera handia emanez. Lehenengoak ofizialak ziren, eta zuria zuten aurrealdea. Denborak aurrera egin ahala, baina, enpresa pribatuak ere hasi ziren posta txartelak ekoizten, baita txartel ilustratuak egiten ere. Aurrerago, posta txarteletan argazkiak ipintzeko joera hasi zen, eta, pixkanaka-pixkanaka, oporren berri emateko erreminta bihurtu ziren. XX. mendeko 80ko hamarkadan, ordea, garrantzia galdu zuten. Egun, duten balio dokumentala eta ikonografikoa dela eta, bilduma objektu bihurtu dira.

Liburura itzuliz, Jon Urutxurtu berak aukeratu du bildumaren estiloa: «zahar itxura eman nahi izan diot, gaiarekin bat zetorren eta». Horrez gain, Arratiak dituen bederatzi udalerrietako posta txartelak herrika sailkatzea izan da bere aukera. Argazkiak, gainera, tamaina errealean jasoak izan dira bilduman.

Liburua euskaraz argitaratu du Urutxurtuk, «nahiz eta horrek ateak ixten dizkion ziurrenik». Gainera, ez da oso zabala liburuxka honek berez duen merkatua, izan ere, posta txartelen bilduma zaleak ez dira hainbeste. Hala ere, «uste baino gehiago dira oraindik posta txartelak batzeko ohitura dutenak». Hortaz jabetu da Jon Urutxurtu posta txartelak bilatzen ari zenean: «dendetan galdetuz oraindik asko saltzen direla esan zidaten». Kanpoko jendeak oraindik oporretatik bueltan posta txartel sorta bat gainean eramateko ohitura omen du, Urutxurtu berak egiten duen legez bidaian joatean.

“Arratia posta txartelean” liburua lortzeko hainbat lekutara jo daiteke: Arratiako herrietan egunkariak eta liburuak saltzen diren dendetan dago bilduma eskuragarri, baita argazki dendetan ere. Horrez gain, Bilbon Astarloa, Jakinbide, Kirikiño eta Urretxindorra liburu dendetan eros daiteke. Bilbotik kanpo, Elkarreko hainbat saltokitan aurki daiteke. Urutxurturen esanetan, «bildumazaleentzat opari bezala egokia» dela esan diote zaletuek.