Mikel GOÑI

Oraindik definitu gabeko etorkizuneko erronka da nagusien ikasketa sistema

Kalapita artean bukatu da ikasturtea Helduen Hezkuntza Iraunkorrean, Eusko Jaurlaritzak lantaldea txikitzea ekarriko duten erabakiak hartu dituelako. Hezkuntza arduradunen, sindikatuen eta langileen eztabaidak argi utzi du helduen ikasketa sistemak behar-beharrezkoa duela definizioa.

Berrikuntzei helduta hasiko da ikasturtea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan. Izan ere, Lakuako Hezkuntza Sailak maiatzaren 15ean onartu zuen ebazpenaren ondorioz, irakaskuntza sistemaren parte honetan 70 irakasle gutxiago jardungo dira 2014-2015 ikasturtean. Sindikatuek eta zentroetako zuzendaritzetako kideek mozketa «basatitzat» jo dute erabakia. Hezkuntza Saileko arduradunek, berriz, honakoa esan dute: helduen hezkuntzan «soberan» dauden baliabideak behar handiagoa duten tokietara bideratuko dituzte. Ikasleek ere beren iritzia plazaratu dute, eta, hala, tamalgarritzat jo dute «Eusko Jaurlaritzak oinarrizko eskubideak murriztea».

Maiatzeko ebazpenaren kontra irakaskuntza alorreko STEE-EILAS, LAB, CCOO, eta UGT sindikatuak bildu ziren, eta ohar bateratua kaleratu zuten elkarrekin. Taldeak eratzeko irizpideak ezartzen dituen dokumentua bertan behera uztea eskatu zuten, ikastetxe hauek «berebiziko garrantzia dutelako bi gizarte talderentzat»: gaztetatik ikasketak utzita langabezian gelditu eta ikasketak berreskuratzen ari direnentzat; eta bertako hizkuntzak eta kultura barneratu nahi duten atzerritarrentzat. Idazki hori Lakuako Ikastetxeen zuzendari Jesus Fernandez Ibañezi bideratu zioten.

Ibañezek dioenez, Gasteizko Gobernuak «garrantzi osoa» ematen dio Helduen Hezkuntza Iraunkorrari. «Gazteek zein hain gazte ez direnek beraien ikasketak aurrera ateratzea oso garrantzitsua da, ez bakarrik beraientzat, baizik eta gizarte osoarentzat». Azken batean, bere iritziz, alorreko beste eragileen antzeko helburuak dituzte Hezkuntza Saileko arduradunek. «Inportantzia handikoa da jende horrek Bigarren Hezkuntzako ikasketak ateratzea, gainera, guk geuk Bizialdi Osoko Ikaskuntza Legea onartu genuen, baina legea garatu egin behar da, eta hor dago koska».

Sindikatuak eta Lakua Helduen Hezkuntza Iraunkorraren garrantzia onartzeko garaian bat etorri arren, ezadostasun handia dago ebazpena atzera botatzearen ondorioen inguruan. Fernandezek dioenez, ebazpena indargabetuz gero, «argazki bera izango genuke, irizpideak ez ditugulako aldatu, aurreko irizpide berak dira-eta bertan jaso ditugunak».

Irizpide kontua baino gehiago?

Hezkuntza alorrekoa da STEE-EILAS sindikatua, eta Iñaki Izagirre kideak onartu egiten du irizpide berak indarrean zeudela aurretik ere. Hala ere, «orain estu» aplikatzen ari direla dio. «Esaterako, irizpide horietako bat da hau: zentro berean ez-araututako taldeak ezin dira gehiago izan araututakoak baino. Irizpide hori existitzen zen, baina lehen ez zen aplikatzen, Helduen Hezkuntza Iraunkorrera ikasleen bolumen oso handia heltzen delako hezkuntza ez-araututik». Fenomeno hori azaltzeko krisia aipatu du Izagirrek; hain zuzen ere, ikasle asko ez doaz titulu bila, baizik eta lanerako baliagarriak izango zaizkien gai zehatzak ikastera, besteak beste, hizkuntzak, teknologia beharrak eta antzekoak.

Irizpide berriak izan edo ez, alde guztiek onartzen dute lantaldearen osaera aldatu egin dela. Sindikatuek murrizketatzat jo dituzte egokitze horiek. Izagirrek dioenez, «murrizketa latzak dira, eta, zenbait kasutan, basatiak». 2013-2014 ikasturtean, 646 irakasleko taldea zegoen. Irailean hasiko den ikasturtean, berriz, 70,5 irakasle gutxiago ariko dira, hau da, %10 baino gehiagoko murrizketa. Izagirrek berak zehaztu duenez, «zentro batzuetan murrizketa %20tik gorakoa izan da. 23 laguneko lantalde batean bospasei lagun gutxiago aritzea oso larria da, nahiz eta beste zentro batzuetan aldea txikiagoa izan».

Oarsoaldeko Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroak Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteriari ematen die zerbitzua. Ekainera arte 23 irakasle zituen hiru egoitzetan, hara eta hona. Irailetik aurrera, berriz, ia zortzi irakasle gutxiago izango dira. Nekane Arratibel da zentroko zuzendaria, eta berak azaldu du egoera. «Azkenean hamabost irakasle eta erdi gelditu gara. Baina hasiera batean are handiagoa zen murrizketa, hamar irakasle eta erdikoa. Nik berehala ikusi nuen: orain sekulako jipoia eman eta gero pixka bat igoko dute». Datu horiek guztiak eman ditu iazko eta aurtengo irakasleen zerrendak eskuetan dituela. Fernandezek bi proposamenen egin zituztela onartu du, eta malgutasunez jokatu dutela dio. «Lehenengo erabakia oso gogorra izan zen, eta jarrera bigundu genuen». Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Saileko arduradunek ez dute inolaz ere murrizketak izan direnik onartu nahi.

Ratioak eztabaidagai

Hain zuzen ere, azken puntu horrek asaldatu ditu zentroetako arduradun eta ikasleak. Hezkuntza Saileko arduradunek hainbatetan esan dute Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan talde txikiegiak zeudela. Besteak beste, ekainaren 13an, Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi zuen gizarteak ez zuela onartuko «hiru, lau edo bost ikasle besterik ez dituen irakaslerik». Nekane Arratibelek erantzun du izan litekeela zentro jakin batean, une zehatz batean, horrelako talde bat izatea, baina honakoa gaineratu du: «Guk gure ebaluazioak egiten ditugu, eta talde batek porrot egin badu utzi egiten dugu. Gainera, funtzionamendu arrunta hori balitz, zer demontre aritu dira begiratzen?». Oarsoaldeko zentroko ikasleak Mikel Irastorza ikasle elkartean biltzen dira. Bertako kideak ere haserre dira sailburuak esandakoekin: «Uriarteren hitzek sumindu egin gaituzte, demagogiaz beteriko hitz horiek ez baitute errealitatea islatzen, ezta gela eta taldeen masifikazioa ere».

Irakasleen eta ikasleen arteko kopuru harremana definitzeko erabiltzen da “ratio” hitza. Horri dagokionez, Lakuako Ikastetxeen zuzendariak Uriartek esandakoari eutsi dio, eta orain arteko egoera mantentzea ezinezkotzat jo du. «Guk ezin dugu lau, bost, sei ikaslerentzat irakasle bat eduki». Fernandezen esanetan, errealitateak erakusten du «baliabide ugari ez, baizik eta baliabideak soberan daudela». Egoera azaltzen jarraitu du: «Ikusi dugunez, ikuskariek egindako txostenek gauza bera esaten dute». Ikuskaritzaren datuak baliatuta, arduradun honek adierazi du iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako talde guztien heren batean, hau da, 126 taldetan hamar ikasle baino gutxiago zeudela. «Eta taldea osatzeko kopuru muga hamazazpi lagunetan zegoen jarrita», ekarri du gogora Hezkuntza Saileko arduradunak.

Sindikatuek ere ez dute ukatzen kasuren batean edo bestean hiruzpalau laguneko talderen bat egon izana. «Baina horrela behar bada, zergatik ez? Gainera hori ez da ohikoa, ezta normala ere». Horri guztiari beste ñabardura bat egin dio Izagirrek; hain zuzen, ikasle atzerritarrek hizkuntza ikasteko taldeen ratioa bi urteetan bikoiztu egin dela salatu du. «Lehen, taldea osatzeko zortzi ikasle behar ziren; orain, berriz, hamabost ikasle behar dira». Orain arte ikasle kopuruak kontatzeko tresna informatiko bateraturik ez zegoela adierazi du Hezkuntza Saileko Fernandezek, eta, ondorioz, zentro bakoitzak Lurralde Ordezkaritzako arduradunekin adosten zituen irakasle eta ikasle kopuruak. «Orain, berriz, irizpide berak jarri ditugu denentzako, eta horiek maiatzak 15eko ebazpenean daude jasota». Arduradun honen arabera, irizpideak ezartzean zentroen arteko desorekak saihestea eta baliabideak zentzuz erabiltzea lortu dute.

Bateratzeko beharra

Datuak datu, Fernandezek uste du Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroen irizpideek beste zentroetako irizpideekin bat etorri behar dutela: «Azken batean, lantalde bereko kideak gara denok, eta sistema bakarra da». Sindikatuen jarrerarekiko aldea dago horretan ere. Sindikatuen ustez, Lakuak ez ditu helduen hezkuntzak dituen berezitasunak kontuan hartzen. Sindikalisten irudiko, egokitze hauek guztiak ez dira Helduen Hezkuntza Iraunkorraren beharren ikuspegitik egin, baizik eta baliabideen ikuspegitik. «Baliabideak edonondik ateratzea da abiapuntua, baina helduen hezkuntzak gero eta garrantzi handiagoa dauka, eta bultzada behar du». Hori dela eta, planteamendu sakona egitea eskatu du Izagirrek. «Beraiek ere formazioa aipatzen dute krisitik ateratzeko tresna gisa, baina helduen hezkuntzaz arduratzen den atala murriztu dute».

Beraz, sindikatuek eta Lakuak ezberdin ikusten dute egoera. Lehengoen esanetan, Hezkuntza Sailak aurrekontua ez handitzean datza sakoneko arazoa. STEE-EILAS sindikatuko kideak horrela laburbildu du arazoa: «Behar berriak sortzen direnean aurrekontua ez handitzea da arazoa, eta urtero sortzen dira behar berriak, matrikulak etengabe egin duelako gora azkenengo urteetan». Erantzun gisa, Hezkuntza Saileko arduradunek matrikulazioak egiteko modu berriak emandako datuak aipatzen dituzte. Gainera, Fernandezek egoera orokorraren gogortasuna jarri du mahai gainean: «Zer egin behar dugu? Ezer ez ukitu? Hezkuntza sistema orokorra lanez lepo dugu, eta, aldiz, Helduen Hezkuntza Iraunkorrean lasaitasun handiagoa dago».

Lakuako arduradunak Helduen Hezkuntza Iraunkorra eta hezkuntza sistemaren gainontzeko osagaiak lotu ditu aldaketak ezin direla murrizketatzat hartu argudiatzeko.«Ez dago murrizketarik, guk ez dugu lanposturik kenduko: hemen soberan diren lanpostuak hezkuntza publikoa indartzeko erabiliko ditugu». Horri ere ñabardura egin dio: «Ez gara ari Helduen Hezkuntza Iraunkorretik baliabideak kentzen beste arloetan beharra dagoelako, baizik eta, bertan soberakina dagoenez, beste arloak indartzen ari gara».

Auzian Hezkuntza Sailak izandako jokaera ere salatu du Izagirrek. «Alegazioak egiteko egutegia, esaterako, maiatzaren 23ra arte jarria zegoen, baina behin betiko ebazpena maiatzaren 15ean eman zuten jakitera». Ebazpenak berak ezarri zuen sindikatuekin eta zentroekin eztabaida egiteko epea. Hala ere, sindikatuek salatu dute hezkuntza arduradunek bilerarik ez dutela deitu. Administrazioak eta sindikatuek osatzen duten Planifikazio Batzorde Teknikoan jorratzen dira gaiok. Izagirrek dioenez, formalki gaia mahai gainean behin egon da. «Baina gaia jorratzeko eskaera egin genuenekoa da hitz egin dugun une bakarra». Formen inguruko kexari garrantzia kendu dio Fernandezek: «Hori askotan esaten da, eta horren inguruan hainbat alegazio jaso eta aztertu genituen».

Eztabaidak eztabaida, Helduen Hezkuntza Iraunkorraren eredua bera dago auzitan. Batzuen eta besteen adierazpenetan argi gelditu da datozen hilabeteetan heldu beharko diotela helduen hezkuntzaren gaiari, hain zuzen ere, LOMCE legea bezalako faktoreak ere badaudelako tartean. Espainiako Gobernuak bultzaturiko lege polemikoak ez du 2014-2015 ikasturtean helduen hezkuntzan eragingo, baina nahitaez egin beharko diote kasu. STEE-EILAS sindikatuko kideak dioenez, «zaila da zer gertatuko den jakitea, baina tituluak lortzeko garaian eragingo du». Gogoratu behar da Helduen Hezkuntza Iraunkorraren helburuetako bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua eskuratzea dela. Izagirrek dioenez, Jaurlaritza berria osatzean sindikatuek diagnostiko partekatua egiteko deia egin zuten, baina, salatu duenez, eskaintza horri kasurik ez diote egin.

Etorkizuna, mahai gainean

Hala, helduen hezkuntzaren etorkizunaren gaiari ekin beharko diotela onartzen dute eragile guztiek. Lakuaren jarrera Fernandezek argitu du. Lege bat egon badagoela ekarri du gogora, baina horrek Helduen Hezkuntza Iraunkorra aipatu besterik ez duela egiten zehaztu du. «Eredu berri bat nahi dugu, eta denbora beharko dugu dekretua garatzeko. Egun, Helduen Hezkuntza Iraunkorraren helburua ez da Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea bakarrik; hor daude, esaterako, etorkinek hizkuntzak ikasteko nahia, pertsonek bizitza osoan ikastekoa...».

Sistema berriaren diseinuan beste eragileek parte hartzea ere nahi du Fernandezek, eta dekretua legegintzaldia bukatu baino lehen prest egotea espero du. «Zerbait modernoa, errealitatearen beharretara lotua eta, noski, ditugun baliabideekin garatutakoa egin nahi dugu», amaitu du.

Ikasle engaiatuak eta irakasleen inplikazio beharra

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroek 30.000 ikasle ingururi ematen diete zerbitzua. Helduen hezkuntza arautzen duen legea 2008an onartu zuen Gasteizko Legebiltzarrak. Legeak horrela definitu zituen sistemaren eginbeharrak: «Oinarrizko hezkuntza honen helburua gaitasun orokorrak eta oinarrizko hezkuntzaren gaitasunak pertsona helduen testuinguruan garatzea da». Ikasleek eskuratu beharreko eduki eta gaitasun nagusiak ere biltzen dira legean. Horiek guztiak hiru alorretan batzen dira: komunikazioa, gizartea, eta zientzia eta teknologia. Sistemaren helburu akademiko nagusia ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzea da.

Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroek, ordea, helburu akademiko horretatik kanpo ere lan asko egiten dute. Izan ere, araututako hezkuntza eskaintzeaz gain, hezkuntza ez-arautua deitutakoa ere ematen dute. Askotarikoa da ikasleen profila. Batetik, duela ez asko eskola inolako titulurik gabe utzi zuten gazteak daude. Ikasle horien kopuruak gora egin du azken urteotan, Oarsoaldeko zentroko zuzendari Nekane Arratibelen arabera: «Guregana gehiago jotzen dute orain, lan txikiak hartzea zailagoa delako; lehenago pizzak banatzea eta horrelako lanak egitea errazago zuten». Baina, krisiaren ondorioz, lanpostu horiek eskuratzeko ere zailtasun handiagoak dituzte egun. Hori dela eta, zentroetara joaten dira titulu bila. «Batzuetan graduatua lortzea da helburua, eta, beste batzuetan, Lan Heziketako moduluren bat egin ahal izatea».

Zentroetako ikasketak hiru gradutan biltzen dira, eta baxuenean oinarri-oinarrizko gaiak jorratzen dituzte. «Lehen graduan analfabetoak daude, asko etorkinak dira, eta ez dakite irakurtzen, ez euskaraz ez gazteleraz ez euren hizkuntzan ere». Idazten eta irakurtzen jakinda ere, hizkuntza beharrak dituzten etorkinei gaztelera eta euskara eskolak ematen dizkiete. Bestetik, oinarrizko ikasketen titulua izanik, teknologia berrien inguruko gaitasunak edo atzerriko hizkuntzaren bat ikasi nahi duten pertsonak ere izaten dira zentrootako erabiltzaile. Baina, horien beharrei erantzuteko gero eta zailtasun gehiago dituztela salatu du Arratibelek: «Aldaketa iaz hasi zen, hezkuntza ez-arautuko kopuruak murriztu zituztenean; esaterako, lehen ingeles eskola batean hezkuntza arautuko ikasleak eta ez-arautukoak nahasten genituen, baina iaz hori ezin genuela egin esan ziguten».

Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroek beste hainbat berezitasun dituzte. Besteak beste, helduen ikastetxe hauetan, zuzendaritza taldeetako irakasleek egiten dituzte langintza administratiboak. «Hemen atezainik ere ez daukagu», gehitu du Arratibelek. Hori dela eta, zuzendariak nabarmendu du sistema honetan dabiltzan irakasleen inplikazioa behar-beharrezkoa dela. Engaiatzeko garaian, ordea, badituzte bidelagunak. Oarsoaldeko zentroko ikasleek diotenez, Mikel Irastorza elkarteak diru ekarpena egin du administrazioari dagozkion eginbeharrak betetzeko. «Guk geuk erosi ditugu ordenagailu gehiago informatika klasean ikasle gehiagok parte hartzeko aukera izateko, liburutegia osatzeko liburuak eskuratu ditugu...». Lokalaren mantentze lanetarako ere jarri dute dirua ikasleek beraiek.