Eleno Alkain eta Saioa Aginako

Amatasunaren labirintoa

Basajaun, Mari edo Olentzero aipatzerakoan burua irudiz eta kontakizunez betetzen zaigu. Pertsonaia horiek Euskal Herriko mitologia osatzen duten estimatuenetarikoak dira, eta bakoitza mito edo istorio baten protagonista da. Mitoak, noizbait, benetan, gertatutako istorio gisa hartuak dira eta mitoen multzoa, mitologia alegia, herri baten mundu ikuskeraren euskarria da. Hala ere, mitoak ez dira izaki fantastiko eta gertakizun harrigarrietara bakarrik mugatzen; giza harremanak egituratu eta antolatzen dituzte mitoek eta talde sozial edo kultura baten sinesmen kolektibotik jaio eta indartzen dira. «Horrela izan da beti», «gauza naturala da» edo «horrela izan behar du» bezalako esaldien azpian mitoen indarra ezkutatzen da, sinesmenok “egia unibertsal” gisa hartuz eta urteen poderioz helaraziz. Hala nola, gure kulturako mitoetako bat “Emakume=Ama” binomioa dugu. Inkontzienteki emakumearen helburu txit gorena ama izatea da, eta, emakume batek, bere burua emakume gisa kontsideratua izan dadin, ama izan behar du.

Historian zehar, inkontzienteki, sozializazioaren bitartez emakumearen subjektibitatea baldintzatzen duten edukiak helarazten dira, “ama izatearen” arrazoi ideologikoa osatzen doalarik. Eduki horietako bat ondorengo baieztapena da: «Naturala da ama izatea, emakumea biologikoki bere barnean bizitza garatzeko eta ondoren hazteko prestatuta dagoelako». Horren arabera, emakumearen etorkizuna bere anatomiak baldintzatzen du; emakumeak ez dauka bere etorkizuna imajinatzerik haurrak hazi eta hezi gabe. 10 urteko zenbat neskatila aritzen dira bata besteari zenbat haur izan nahi dituzten galdetzen? Adin berdineko mutikoek, galdera bera egiten al diote elkarri? Amatasunaren ikuspuntu tradizional horrek, emakumeari haurrak izan ala ez bezalako erabakiak hartzea eragotzi dio. Emakumea ez dago haurrak izateko prestatuta, baizik eta horretarako ahalmena dauka; berak erabaki behar du amatasuna bere bizitzaren proiektu bihurtu nahi ote duen. Ugalketaren kontzeptua biologikoa da –beraz, naturala–, baina amatasunarena kulturala da.

Beste eduki batek horrela dio: «Amatasuna naturala denez, beti izan da eta izango da horrela, denboran zehar ez da aldatuko». Baieztapenari kontra eginez, haurtzaroaren kontzeptua bezala amatasunaren kontzeptua bera ere historian zehar aldatzen joan dela nabarmendu behar da. XVIII. mendean ama izatea erditzera mugatuta zegoen, garai hartan seme-alaba kopurua goraipatzen zelako, ez ordea edoskitze eta hazkuntza prozesua, inudeei egokitutako funtzioa. «Ama on bat bere seme-alaben behar guztiak hornitzeko gai da». Nondik sortzen da ideia hori? Amaren papera goraipatzen da, aitaren paperaren kalterako. Edukiok “Emakumea=Ama” mito sozialaren sarea ehuntzen joan dira, inkontzienteki gure pentsamenduan kokatuz.

Azken hamarkadotan emakume eta gizonen sozializazioan ondorio zuzenak izan dituzten aldaketa sozialak gertatu dira. Emakumea bizitza publikoan, ikasketetan eta saritutako lan merkatuan sartu izanaren ondorioz –aldi berean baita emakumeak nolabaiteko lidergoa lortzearen eraginez–, ohiko sexu rolak aldatzen joan dira. Hala ere, oztopoz beterik garatzen doan eredu sozial berria oraindik definitu gabe eta kontraesanez beterik dago. Gaur egun ere emakumeei ama izatea eskatzen zaie, beste hainbat funtzio gehiago betetzea exijitzeaz gain. Ondorioz, emakumeek aldaketotara egokitu beharra izaten dute, barne behar subjektiboen eta agindu sozial eta ideologikoen arteko gatazkarik sor ez dadin.

Laburtuz, “Emakume=Ama” mitoak indarkeria sinboliko bezala jarduten du erabiltzen dituen berdintze mekanismoak baliatuta. “Emakume=Ama” baieztapena indartu eta mantentzeaz gain, emakumeek amatasun kontzeptuarekiko duten ideia aniztasuna ukatu eta ikusezin bihurtzen du, existitzen diren baina mitoarekin bat egiten ez duten jardute eta iritzi subjektiboak ezkutatuz.

Mito ugarik pertsonaien botere eta abileziekin txunditu edo maitasun eta zorigaiztoz betetako gertakizunek sortutako sentimendu biziekin harrapatzen gaituzte. Mitoak azalean erakusten digunarekin geldi gaitezke, baina mito guztiek gordetzen dute ezkutuzko ikasbide sakona. Ikasbide hori aurkitzeak, ordea, lan gehiago dauka. •