Beñat Zarrabeitia Asensio

«Basquet Country»: Itzalpeko istorio mundialak gurean

Munduaren begiak Barakaldoko BECen jarrita daude, bertan arituko baitira egunotan NBAko hainbat izar. Saskibaloiak zale ugari ditu Euskal Herrian, baita publiko handiarentzat ezezagunak bilakatu diren hainbat istorio eta pertsonaia ere.

Gaur abiatuko da espainiar Estatuan Munduko Saskibaloi Txapelketa. Bilboko egoitzan Ameriketako Estatu Batuak, Ukraina, Turkia, Dominikar Errepublika, Zeelanda Berria eta Finlandiako taldeek elkarren aurka jokatzen ari dira Barakaldoko BECeko Bizkaia Arena pabiloian. Zaleen gozamenerako, izar handiak bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Tamalez, beste behin ere euskal selekzioak ezingo du txapelketan parte hartu, baina bertako saskibaloiak ere baditu kontatzeko modukoak diren istorio bitxi eta mundialak.

 

Erraldoia Seat 600 bat gidatzen

Donostiako Alde Zaharrean jaioa, pilotari baten semea eta euskaldun petoa. Ez dira aparteko datuak, baina dena aldatzen da Segun Azpiazuk 2,11 metroko luzera duela esatean. Are gehiago 60ko hamarkadaz ari bagara. Umezaroan eskuineko besoa apurtu zuen, eta, gaizki jarritako igeltsuaren ondorioz, betiko arazoak izan zituen. Saskibaloian aritzeko traba izan zitekeena, baina, bertute bilakatu zuen Joxean Gaskaren lanari esker.

Etxeko taldean maila eman ondoren, Bilboko Kas taldean eta Bartzelonan aritu zen. Katalunian Xabier Añua gasteiztarraren aginduetara egon zen eta Aito Garcia Reneses beraren taldekidea izan zen. Azpiazuren bizitokia Aitoren izeko batek Grazia pasealekuan zuen etxe bat izan zen. Biek elkarrekin lan saioetarako bidea modu bitxian egiten zuten: Lambretta batean. Txikia aurrean, erraldoia atzean. Arreta bereganatzeko moduko bidaiak.

Ondoren, Azpiazuk Seat 600 bat erosi zuen. Ibilgailua egokitu behar izan zuen ezinbestean, eta, hala, atzeko eserlekutik gidatzen zuen. Azpiazuk ez zituen sustraiak inoiz baztertu eta Markinako pilotari batek Bartzelonako Kale Nagusian zuen jatetxera bisita ugari egiten zituen. 70eko hamarkadan Donostiara itzuli eta Askatuak taldeko historiako ikur bilakatu zen. Joxean Gaskaren heriotzaren ondoren, taldeko entrenatzaile ere bilakatu zen.

Pisu handia izan du Azpiazuk jaiotzen ikusi zuen Donostiako Alde Zaharreko bizitza sozialean ere. Horren lekuko, inauterietan antolatzen zituenak. 1983ko prentsak jasotzen duen bezala, Orquesta Mondragon taldeko Popotxo Aiestaranekin batera ezkontza berezia egin zuen Fermin Calbeton kalean; Azpiazu emaztegaiz jantzita agertu zen. Beste behin, Txanogorritxuren mozorroa aukeratu zuen. “Egin” egunkarian egindako elkarrizketa batean honakoa zioen orduko Donostiako Aste Nagusiaz: «Ez da jai batere parte hartzailea. Donostiarrok hala antolatu ditugu jaiok, eta, ondorioz, merezi duguna dugu».

Markinako pilotariaren semea, Bartzelonako joko antolatzailea

Arestian aipatu bezala, Azpiazu maiz joaten zen Kataluniako hiriburuan pilotari bizkaitar batek zabaldutako jatetxera. Bertan, Xabier Añuak berarekin bazkaltzen zuen sarri. Janariaz gozatzeaz gain, beste helburu bat zuten: jabeen semea fitxatzea. 11 urte zituen Iñaki Solozabalek, aita Markinako pilotari ohia zen eta ama igorreztarra. Ez zieten erraz jarri, semea ikasketetan kontzentratzea nahi baitzuten.

Gurasoen lehentasunak lehentasun, Solozabalek hamahiru urte eman zituen Bartzelonako lehen taldean, sei Liga eta bederatzi Kopa irabaziz. Espainiako selekzioan 142 aldiz jokatu zuen, hiru Olinpiar Jokoetan parte hartuz. Juanma Lopez Iturriaga bilbotarrarekin batera, 1983ko Europako Txapelketan zein 1984 Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina eskuratu zuen.

Zaleek izugarri maite zuten, bereziki 1988ko Errege Kopako finalaren azken segundoan Real Madrili sartutako hiruko jaurtiketaren ostean. 1992an, Aito Garcia Reneses entrenatzaileak Solozabal taldetik at utzi zuenean, polemika handia izan zen. 2006tik, Bartzelonak berak jantzitako “7” zenbakia erretiratu egin zuen. Egun, Kataluniako Telebista publikoan dihardu.

 

Gaska eta Añua,aitzindariak

Apurtzaileak, euren garaiari aurrea hartu zioten pertsonak izan ziren Joxean Gaska eta Xabier Añua. Gaska donostiarrak Atletico San Sebastian taldea sortu zuen, bertako zuzendari eta entrenatzaile izanik. Espainiako Federazioarekin hainbat iskanbila izan zituen, jokalarien profesionalizazioa, babesleen beharra, liga berri baten sorrera eta atzerritarren parte hartzea defendatzen zituelako. Real Madrileko teknikaria zen Pedro Ferrandizekin ere polemika ugari izan zituen. Behinola, «Ferrandizek Sara Montielek baino antzerki gehiago egiten du» esan zuen, zalaparta handia sortuz.

1970ean frantses Estatuko txapelketara jauzi egin zuen. Jeanne D’Arc Vichy taldea zuzendu zuen, eta, ondoren, Le Mans ligako txapeldunorde egin zuen. Berriro etxean, Askatuaken sortzaileetako bat izan zen, Essie Hollis eta Nate Davis bezalako jokalari estatubatuar ikusgarriak fitxatuz. 1982an, soilik 45 urte zituela, garun isuri batek koman utzi zuen. Handik hilabete batzuetara hil egin zen.

Xabier Añua 1935ean jaio zen Gasteizen eta Kas taldeko entrenatzaile mitikoa izan zen. Knorr familiaren babes ekonomikoari esker, Kopa txapeldunorde izateraino. Baina, Kas txirrindulari taldeko zuzendaria zen Domingo Langarikarekin izandako polemika batek, Añua kargutik kentzea eragin zuen. Egoerak hainbat protesta sortu zituen Arabako hiriburuan, besteak beste freskagarri etxearen kontrako boikota. Haserre, Luis Knorrek saskibaloi taldea Bilbora eramatea erabaki zuen. 1968an, Bartzelonarekin akordioa lotu zuen Añuak, bertan lau urte igaroz. Ondoren, Bilboko Aguilas eta frantses Estatuko Ligan Antibes zuzendu zituen.

Ohikoak ziren AEBetara egiten zituen bisitak ere. NBAko New York Knicks taldeko teknikari batek “Liburu beltza” eman zion behin fitxatu behar ez zituen jokalarien zerrendarekin. Beste behin, Baskoniarentzat lanean ari zela, DePaul Unibertsitateko partida bat ikustera joan zen, Mark Aguirre izeneko jokalari batek estatistika bikainak zituelako. Erbesteratu baten semea izan zitekeela uste zuten, baina jokalaria aurrez aurre ikustean iritsi zen ezustekoa: beltza zen. Aguirreren abizenaren jatorria erabateko misterioa da. Hainbat forotan bere familia Dominikar Errepublikakoa dela diote. Bada bestelako teoriarik ere, abizena euskal lurjabe batek bere esklabo izandakoei emandakoa dela dioena.

Hego Ameriketako hainbat herritan bere jakinduria zabaldutakoa ere bada Añua. Saskibaloiaren jarraitzaile sutsua izaten jarraitzen du eta teknologia berriak erabiltzeari garrantzi handia ematen dio. Bestalde, politikoki ere gizon konprometitua izan da: HBko lehen Mahai Nazionaleko kidea eta Arabako Amnistiaren Aldeko Gestoretako presidentea izan zen 70eko hamarkadaren amaieran.

 

Helikopteroa eta sumendia

Joxean Gaskak begi klinikoa zuen talentuak identifikatzeko. Askatuak taldeko entrenatzaile gisa, joko erabat apurtzailea zuten estatubatuarrak kontratatu zituen. 1977an Essie Hollis iritsi zen Donostiara eta denak aho zabalik utzi zituen. Bizkarkako mateak, jauziak eta saskiratzeak lortzeko erraztasun handia zuen. Denboraldia 40 puntuko batez bestekoarekin bukatu zuen. Kurtsoa amaitzean, NBAko Detroit Pistonsera joan zen. 1983an Euskal Herrira itzuli zen Baskonian jokatzeko; bi urte geroago Askatuakek fitxatu zuen berriz.

Hollis Helikopteroa-ren ordezkoa Nate Davis izan zen. Jokalari indartsua eta ikusgarria. Real Madrili 55 puntu egin zizkion, baina Gaskarekin izandako ika-mika batek taldetik kanpo utzi zuen. Ondoren, Valladoliden eta Ferrolen aritu zen. 1985-1986 denboraldiaren erdian, lepauztaia hautsi ondoren, desagertu egin zen. Inork ez zuen bere berririk izan, “Informe Robinson” telebista saioak iaz berarekin kontaktatzea lortu zuen arte. Istorio tristea da Davisena. Arrazoia, bere emaztearen gaixotasuna: odol transfusio batean hiesa kutsatu zioten, eta, jokalariak, zuen diru guztia sendagaietan xahutu zuen, alferrik. Emaztea hil egin zen.

 

Lehen egunean, Deustuko Zubian botata

1986ko uda, Bilbo. Hiri industriala, ibaiak kolore marroia zuen eta Deustuko Zubiaren azpitik itsasontziak igarotzen ziren oraindik. Halako baten, kea zeriola, auto batek bide bazterrean geratu beharra izan zuen. Bertatik, 2,07 metroko luzera duen jokalari estatubatuar bat atera zen: Caja Bilbao taldeko lehen fitxaketa zen eta Darrell Lockhart zuen izena. Berandu iritsiko zen lehen lan saiora, Joxean Figueroa entrenatzailearen haserrerako!

Entrenamendura iritsi zenean, oihuak. Gasolina arrunta erabiltzen zuen auto bati gasolioa bota zion. Ondo hasi ez zen harremana, baina, bikain amaitu zen. Lockhartek bikote bikaina osatu zuen Joe Kopickirekin batera eta zaleek izugarri maite zuten. Bilbon, Errege Magoen kabalgatan Baltasarren papera egitera ere heldu zen. Berriki, ACB ligako webguneari eskainitako elkarrizketa batean, Lockhartek honakoa zioen: «Hasiera gogorra izan zen. Jendeak Bilbo bizitzeko leku arraroa zela zioen, jendea berandu altxatu eta oheratzen zela zioten. Baina bertara iristean, hori gezurra zela ikusi nuen. Lagunak egin nituenean bertako sentitu nintzen; lan egin gura duen edonorentzat leku perfektua da Bilbo. Oraindik faltan botatzen dut bertako jendearen gertutasuna, baita janaria ere. Izan ere, Bilboko haragia liluragarria da!».

 

Pinedo, botak jantzita

Primo de Riveraren diktadura garaiko Donostian jaio zen Ignacio Pinedo. Bere ibilbide gehiena Madrilen egin zuen, Real Madril eta Estudianteseko jokalari eta teknikari gisa. 1950ean Argentinan lehiatutako lehendabiziko Munduko Txapelketan aritu zen, eta, behin jokalari gisa erretiroa hartu ondoren, Espainiako selekzioko gazte mailetako entrenatzailea izan zen.

1991n, Real Madrilek deitu zuen berriro ere, talde zuriak pairatzen zuen krisi sakona iraultzeko asmoz. Wayne Brabenderren lekua hartuta, Clear Cantu talde italiarraren aurka Errekopako finala zuzendu behar zuen. Baina, joaneko partidan zehar, espero gabeko ezbeharra heldu zen: Pinedo gaizki sentitzen hasi zen eta bihotzekoa jasan zuen. Bost hilabete koma sakonean eman ostean, abuztuaren 16an hil egin zen. Botak jantzita, aulkian eserita joan zen donostiarra.

Argentinako hiriburua? Gasteiz

Joxean Kerejeta Baskoniako presidente izatera heldu zenean, taldea Europako onenen artean jartzea zuen helburu. Lehen pausuetako bat harrobia indartzea izanik, mundu osoko talentu gazteak fitxatzen hasi zen. 1991n Marcelo Nicola eta Walter Guiñazu argentinarrak fitxatu zituen eta aurrenekoak laster egin zuen debuta lehen taldearekin. 1996an, berak altxatu zuen Errekopako titulua gasteiztarren kapitain bezala.

Uda horretan kluba utzi eta bere ordez Juan Alberto Espil iritsi zen, baita Luis Scola izena zuen 16 urteko gaztetxoa ere. Geroztik, kate amaigabea, Gasteiz Argentinako saskibaloiaren hiriburu bilakatzeraino: Oberto, Nocioni, Schonochini, Gaby Fernandez, Gabini, Victoriano, Wolkowyski, Palladino, Prigioni, Eslava, Sandes, Hermann edota Mainoldik jantzi dute gorri-urdinen elastikoa. Uneren batean, bost jokalari argentinarrek bostekoa osatzeraino. Julio Lamas ere izan zen taldeko entrenatzailea. Horietako asko Baskoniaren historian urrezko hizkiekin idatzitako abizenak dira. Harrobian ere bada abizen ezagunik, 1999an jaiotako Markel Nicolak aitaren urratsak jarraitzen dituelako eta egun Baskoniako kadeteetan jokatzen baitu.

 

«Scooby-Doo» eta Jorge, NCAA konkistatu nahian

Ezagunak dira Euskal Herrian unibertsitate mailako ikasketak eta goi mailako kirola bateratzeko dauden zailtasunak. Horrenbestez, hainbat jokalari gaztek AEBetara joatea erabakitzen dute, bertan ikasketekin jarraitu eta saskibaloian aritzeko aukera dutelako. Bide hori jorratu zuen aurrenetarikoa Ricardo Alcaine bilbotarra izan zen. 1990ean Caja Bilbaon jokatu ondoren, Atlantikoa gurutzatu zuen NCAAn jokatzeko

Iker eta Antxon Iturbe anaiak, berriz, Clemson eta George Washington unibertsitateetara joan ziren Gasteizko Olabide ikastola utzita. Antzeko erabakiak hartu zituzten Eñaut Aranbarrik, Iker Lopezek, Xabi Zusperreguy lapurtarrak edo Oscar Garciak ere.

Azken urteotan, krisiak eraginda, lau dira AEBetako unibertsitateetan aritzen diren euskal jokalari gazteak. Nabarmenenak Aitor Zubizarreta azpeitiarra eta Jorge Bilbao bizkaitarra dira. Biek jantzi dute euskal selekzioaren elastiko berdea berriki Filipinak eta Angolaren aurka jokatutako partidetan. Zubizarreta Portlanden dabil, Iraurgi utzi ondoren. Oregonera iristean denek Xubi deitzen bazuten ere, berehala jarri zioten beste ezizen bat ere: Scooby-Doo. Bilbaok, aldiz, Indautxuko Loiola taldetik Texas Arlington unibertsitaterako bidea egin zuen iaz. Ez dira bakarrak: Alex Ramon gasteiztarrak Colgaten jokatzen du eta Javier Lacunza nafarrak Florida Atlantic unibertsitatean.

NCAAn aritu ondoren, jokalari gehienak Europara itzultzen dira, gutxiengo bat NBAko draft zozketa ezagunean sartzen da eta badira Udako Ligetan frankiziaren baten arreta bilatzen dutenak ere. Eta hori da Xavier Mendiburuk 2005ean egin zuena. Bartzelonan jaioa, 80ko hamarkadan Granollers taldeko pibota zen Xabier Mendiburu bizkaitarraren semea da. Milwaukee Bucks taldearekin jokatu zuen Udako Ligetan, aurretik Green Bay unibertsitatean ibili ondoren. Oraindik, baina, oso urruti ikusten da euskal jokalari batek NBAn debuta egiteko unea. Hori bai, nork daki Larrañaga abizeneko entrenatzaile bat ikusiko ez ote dugun Boston Celtics talde mitikoan...

Izan ere, Larrañaga prestigio handiko abizena da AEBetako saskibaloian. Jim Larrañagak bost unibertsitate ezberdinetako taldeak zuzendu ditu NCAAn; 2011tik, Miami Floridakoa zuzentzen du. Bertako hedabideei azaldutakoaren arabera, bere abizena euskal erara esateko eskatzen dio mundu guztiari, hau da, bere amama euskaldunak erakutsi zion gisara.

Larrañagaren birraitona Euskal Herritik Kubara joan zen eta haren seme-alabak uhartean jaio ziren; ostean, bere aita 40ko hamarkadan AEBetara joan zen bizitzera. Por Larrañaga Cigar enpresaren sortzailea izan zen sendia, sona handiko konpainia.

Tabakoarekin baino, saskibaloiarekin harreman estua dute egun Larrañaga sendiko kideek. Jimek bi seme izan zituen, Jay eta Jon, biak ere Europako taldeetan jokalari gisa arituak. Jayk Calabria, Villeurbanne, Milan, Paris, Real Madrid, Napoli edo Gran Canaria taldeen kamisetak defendatu zituen. Egun Boston Celtics taldeko bigarren entrenatzailea da eta talde berdea Udako Ligetan zuzendu berri du. Hainbat adituren arabera, “marea berdearen” hurrengo entrenatzailea izan daiteke.