Antton Izagirre

Behin betirako loa

Uste dugu egunero milaka heriotzaren berri ematen diguten albisteek heriotza gauza arrunt eta ohikotzat hartzera ohitu gaituztela. Batzuetan, heriotza krudelek, gizatasun gabeek, haurren heriotzek, babesik gabeenek, gerrak eta justiziarik ezak eragindakoek, halako ezerosotasun, sumindura, haserre bat eragiten digute geure begien aurrean igarotzen direnean, eta hor gordetzen ditugu nonbait, burmuinean, arrazoiaren kontrolpean.

Nahiz eta bizitza guztiek balio berbera dutela aitortzen erakutsi diguten, heriotza guztiak berdinak ez direla erakusten digu bizitzak. Izan ere, heriotza errealitate objektiboa izatetik haratago, norberaren eremuan kokatzen den errealitate subjektiboa ere bada, eta horrek egiten du heriotza pertsonala. Hala gertatzen zaigu gertuko esparru afektiboan duguna betirako gertuko espazio fisiko horretatik joaten zaigunean.

Gizakiok badugu betikotzeko joera, nahiz eta poetak gogoratu datorren negu hurbila. Behin betirako loak izutzen gaitu ustekabean kolpatzen gaituenean. Hala bizi izan dugu euskaltzale eta lagun askok orain egun gutxi Iñaxio Agirre gure artetik joan izana.

Heriotzari begira baino bizitakoa gogoan egiten dugu bat poetarekin azken agurrean: «Ez nau iluntzen baratzatikan/ azken loreak biltzeak/ muga guztien arrazoi bila/ arnas gabe ibiltzeak/Arratsaldeak argi betera/ zentzu denak umiltzea/ amets betezko loa baitakar/ behin betirako hiltzeak».

Heriotza omen dugu gauza ziur bakarra. Hala ere, heriotzaldira ez gara ohituko. Arrazoiari egingo dizkiogu mila galdera, baina emozioen baratzean bilatuko dugu erantzuna.

Iñaxiori gorazarre. •