Iker Barandiaran

Denbora ezin da gelditu

Urte batzuk daramatzat bertan idazten, zenbat ez dakit, baina GAUR8ko arduradunak helarazi beharreko idatziaren txandaz ohartarazten nauenean nire “hilerokoa” dela esaten diot. Beste hilabete bat gehiago. Egutegiko orriak jausten… Dena dela, emakumezkoa ez banaiz ere, hilerokoak ere hainbat adiera ditu niretzat: denborak aurrera egiteaz gain, minetik ere izan dezake, baina baita sasoietik eta bizitzatik zein bizitza ematetik ere.

Gaur egungo gizartean denboraren eta urteen igarotzearen beldur gara, ez dugu inola ere zahartu nahi. Gorputza, itxura eta sasoia gazteena nahi ditugu betirako. Hortik kirurgia, esteticiene, gimnasio eta viagraren arrakastak; era berean janzkera eta ohitura jakin batzuei nola hala eusten diegu. Baina ahalegindu arren, denbora ezin da inoiz gelditu eta beharbada itxuran ez bada ere, bizipenetan arrasto nabaria uzten du guzti-guztiongan. Gurasook, esaterako, seme-alabetan daukagu norberak ere adinean aurrera egiten duenaren ispilu argiena. Zahartuz goazela onartu beharra daukagu gure txikiak –zelako aguro!– hazten doazela ikusita. Zenbat obsesionatzen gaituen denborak aurrera egiteak, nahiz eta urteak bete ezean, ezereza, akabo bizipenak.

Denboraren ustezko gelditze edo izoztean pentsatzen dudanean, akordatzen naiz mutikotxoak ginela ikaskide batek urtebete pasa zuela ohean altxa ezinik gaixorik. Ondo sendatu zen, baina jolasteko eta kalean egoteko zen adinean ez zuen ez bata ez bestea egin, eta jolastu ezinean ohean etengabe irakurtzen egon izanak “desberdin” egin zuen gure begietara. Loditu izanaz gain, hainbeste irakurtzearen ondorioz guk baino gehiago zekien –gehiegi– eta horrek gainontzeko neska-mutikoen aurrean ez zion onik egin. Ze krudelak garen umetan!

Oraintxu esan dit lagun batek, lan faltaz larrituta, itsasora joko duela laster. Itsasontzi batean pasako du urtebete sukaldari lanak egiten. Apenas ikusiko du lurra, itsasontzitik at dagoena eta zer esanik ez bere familia eta lagunak. Halakoetan badirudi mundua edo behintzat haien mundua gelditu egiten dela, baina kanpokoa ez. Antzera irudikatzen dut Isabel Coixetek erretratatutako petroleo-plataformatako bakardadea eta egunen geldotasuna. Mundua biran eta zu bitartean hor geldi. Eta hala bizi (izan) dira kostaldeko herrietako hainbat eta hainbat behargin. Horregatik, ez da harritzekoa horietako askok itsasotik lurreratu ostean ontzi batean igarotako edo galdutako denbora eta bizipenak ziztu batean, arrapaladan, berreskuratzeko premia edo nahi itsua, baina ia alferrik, horiek atzamarretatik aspaldi daude-eta ihes eginda.

Denborak etenik egiten ez duenez eta horri kontra ezin zaionez egin, denbora hori nola igaro, nola gozatu da gakoa. Aproposena norberak nahi duen konpainiarekin eta berak aukeratutako zereginetan ahalik eta denbora gehien ematea. Eta hori guk geuk sinatutako bizitza osoko kredituen erruz bankuei eta ezinbestez lanari –daukanak– estuki lotuta bizi garen honetan, oso zaila da. Nola eman buelta horri? Gutxiagorekin bizitzen ikasita; bizi izateko lan eginez, ez alderantzizkoa.

Halakoetan, ezinbestez, kartzela zigorrak bizi izan dituztenetaz akordatzen naiz. Egunerokoan eta luzaroan beraien borondatearen kontra eskubide guztiak zanpatuta. Hori baino bizitza eta bizipen izozte handiagorik ezin dut irudikatu. Azken urtean, batez ere, luzaroan barruan egon diren zenbait preso askatu dituzte, legezkoak ez diren legeak zein praktikak agerian gelditu direlako kasu askotan. Eta beharko luke epe laburrean beste asko askatzea. Horietako askok berrikasi beharko dituzte gauza ugari, beraien ingurune sozial eta naturalak aldaketa ugari jasan dituelako. Eta marinel haien antzera, erabat ukatuta izan dituzten bizipenak berreskuratu nahi dituzte orain. Nahikoa lan, denbora (bizia) eman ostean, orain birgizarteratzen –edo gizarte aldakor honi berriro egokitzen– eta erlojuaren kontrako lasterketari ahalik eta etekin handiena ateratzen. •