Aimar ESNAOLA CUESTA

Volcom Bowl-A-Rama nazioarteko zirkuituko proba ospatuko da Algortan

Munduko skater onenak Euskal Herrian; hori topatuko du irailaren 6an Algortara hurbiltzea erabakitzen duen orok. Tradizio handia duen La Kantera skateparke ezagunean egingo da Getxo nazioarteko mapan New York, Sydney eta Wellington hirien pare jarriko duen Volcom Bowl-A-Rama mundu mailako skateboarding zirkuituko proba.

Egia esan, ez dira gehiegi gurean skateboarding munduaren inguruan biltzen direnak, ezta? Ez da kirol masibo horietako bat, behintzat. Are eta gutxiago dira, gainera, skateboardinga ogibide dutenak. Hala ere, gurpildun ohol hauen gainean ibiltzen direnek ez dute profesional bihurtzea buruan izaten, ez behintzat hasiera batean, jende gehienarentzat zaletasun soila izaten baita patinatzea.

Horrez gain, ezin da esan Euskal Herrian indar handia duen kirola denik, ez al da hala? Futbola edo esku pilota bezalako kirolak, adibidez, askoz errotuago daude. Baina, hala ere, gurean bertan ere uste duguna baino sakonago sartuta daude skateboardingaren sustraiak eta horren isla garbia hiri, herri eta auzo ugaritan topatzen ditugun skateparkeak dira, hau da, diziplina hau praktikatzeko guneak. Bestalde, bada gurean skate tradizio handia duen herri bat ere: Getxo. Arrigunagan La Kantera izeneko skateparke famatua dago; 80ko hamarkadan eraiki zuten eta mundu mailan ezagutzen dute jada, tradizio handiko gunea baita.

Orain, hainbeste urtetan landutako hazien fruituak jasotzeko garaia heldu da Getxora. Horren erakusle da Volcom Bowl-A-Rama mundu mailako zirkuituko proba bat gurera etorri izana; erantzule nagusiak, gainera, Getxo bertako skater, rider edo patinatzaileak dira –norberak erabaki dezala nola deitu nahi dituen–. Proiektu hau bultzatu dutenen artean Alain Goikoetxea eta Kako daude, herrikoak biak eta 25 urte baino gehiago patinatzen daramatzatenak; «bizitza osoa oholaren gainean», diote. Era batean edo bestean, maite duten kirola, euren zaletasun nagusia, ogibide bihurtzea lortu dute biek.

Kako skateboarding denda baten jabe da, Kako Skate Shop, eta txapelketetan ere parte hartzen du. Alain Goikoetxea, berriz, zirkuitu profesionaleko lehiakidea da eta Getxon egingo den probako partaideetako bat izango da. Bien lana ezinbestekoa izan da proba hau La Kanterara ekartzerako orduan. «Bowl-A-Rama mundu mailako zirkuitua da eta lehen aldiz egingo da proba bat Getxon», azaldu du Goikoetxeak. Orain arte Bondi (Sydney, Australia), Wellington (Zeelanda Berria) eta New York ziren egoitzak, eta, horrenbestez, Getxok mundu mailan sona duten hiri handien ondoan bere txokoa lortu duela esan daiteke. «Beti egon da, baina, proba honekin, skateboardingaren nazioarteko mapan are indar handiagoarekin kokatuko da Getxo, merezi duen lekuan», diosku Kakok.

Munduko zirkuitua gurera ekartzeko lanak duela pare bat urte hasi zituzten. Chad Ford australiarrak, munduko zirkuituaren zuzendariak, La Kantera skateparkea ezagutzen zuen, bera ere patinatzailea baita, eta, esan bezala, «La Kantera mundu mailan ezaguna delako». Aurrez bertan patinatzen izandakoa zen eta Getxoko skateparkeak lehiaketa bat antolatzeko ezaugarriak «guztiz betetzen» zituela uste zuen. Hala, Chad Ford bera, Alain, Kako eta Getxoko beste hainbat patinatzaile eta erakunderekin kontaktuan jarri zen ideia hau martxan jartzen hasteko. Chad Fordek Getxo bisitatu zuen lehenik eta behin, skateparkeaz harago hiria horrelako ekitaldi handi bat antolatzeko prest zegoen jakiteko, eta, etxeko patinatzaileen zorionerako, baietz iruditu zitzaion. Gainera, horrelako kirol ekitaldi bat antolatzeko egungoa Getxorentzako unerik onena dela esan daiteke, 2014ko Europako Kirol Hiria baita Bizkaiko udalerria. Azkenean, gauzak nola antolatu diren ikusita, Chad Ford zirkuituko zuzendariak «probaren lehen edizioa bikaina» izango dela iragarri zuen hedabideen aurrean egindako agerraldian.

«Modalitate honetako rider onenak etorriko dira gurera», nabarmendu du Kakok. Ohore handia dela dio, «Michael Jordan gure kantxetara saskibaloian jokatzera etortzearen pare». Partaideen zerrenda izugarria da: zirkuituko hamar onenak La Kanteran egongo dira, besteak beste, munduko txapelduna den Pedro Barros brasildarra. Berarekin lehiatuko direnen artean Alex Sorgente, Murilo Peres, Felipe Foguinho, Cory Juneau, Nilo Peçanha, Otavio Neto, Sky Siljeg, Vi Kakinho eta Rune Glifberg ere izango dira, noski, herriko Alain Goikoetxea bera ahaztu gabe.

Horrez gain, skateboardingaren mito diren hainbatek ere erakustaldiak emango dituzte, txapelketatik kanpo egingo diren saioetan. Zerrenda benetan ikaragarria da: Brad Bowman, Eddie El Gato Elguera, Lester Kasai, Nick Couscouris, Nicky Guerrero, Pat Ngoho, Peter Hewitt, Sean Goff eta Steve Alba arituko dira. Gainera, mito hauekin guztiekin batera Txus Dominguez ere arituko da; hau da, La Kantera skateparkearen diseinatzailea.

Era honetako proba bat etxera ekartzea Getxoko patinatzaileentzako «sekulakoa» da. Algortara horrelako ezaugarriak dituen txapelketa bat ekarri ahal izatea «mundu txiki honen parte garenok egindako urte askoko lanaren fruitua» dela uste du Kakok, eta, txapelketaz harago, «sari polit bat» bezala ikusten dutela nabarmendu du. Hori baita benetan honen guztiaren xedea: «gozatzea». Horregatik, Goikoetxeak ere argi dio txapelketa bera baino «garrantzitsuagoa eta pozgarriagoa» dela beretzat herrian bertan betiko lagunek «kirol honen mitoak ikusteko aukera» izatea.

«Getxo eta La Kantera beti izan dira mundu mailan ezagunak, urtero kanpotik skater ugari etortzen baitzaizkigu bisitan, baina orain, proba honekin, parkea nazioarteko mapan kokatuta dagoela esan dezakegu», uste du Kakok. Iritzi berekoa da Goikoetxea ere: «La Kanterak historia luzea du atzean eta hasiera-hasieratik oso errespetatua izan da skaterren artean. Ospe handia izan du beti parkeak».

Tradizioa, hori izan da proba gurera ekartzeko giltzarria. «La Kanterak 25 urte baino gehiago ditu dagoeneko, duen kokapena paregabea da eta inguruotan ez dago gure skateparkeak duen historiaren parekorik duen besterik», diosku Kakok.

Skate egitarau zabala

Txapelketaren parte den proba nagusia irailak 6an izango da, larunbata. Ez da ekitaldi bakarra izango, ordea, horrelako ekitaldi garrantzitsua aprobetxatuz hainbat ekitaldi desberdin antolatu baitituzte, skate kulturaren ingurukoak denak, noski. Asteartetik igandera arte luzatuko da skatearen festa erraldoia, irailaren 2tik 7ra.

Patinaketak berak garrantzi handia izango du, noski, eta horregatik antolatu dute aurrez aipatutako master sesioa, skateboardingaren mitoek egingo dutena. Horrez gain, La Kantera bertan saio libreak ere egingo dira, edonork parte hartu ahal izango duelarik. Bestalde, patinatzaile profesionalek egindako erakustaldiak ere izango dira, besteak beste, Kakok Areetako skateparkean antolatuko duena bere dendaren izenean.

«Skateboarding mundua osatzen dugun guztiontzako festa handia izango da, eta kultura honen inguruan mugitzen den guztiak izango du garrantzia aste osoan zehar», azaldu du Kakok. Horregatik, patinatzea ez da dena izango. Herriko eta kanpoko patinatzaileen eskutik arte erakusketak egingo dituzte La Kanteraren inguruetan. Horrekin batera, bertako tabernetan kontzertuak ere egingo dira, mundu honen erakusle diren hainbat talderen eskutik. «Gure artean, skaterren artean dugun anaitasunaren erakusle izateko prestatu dugu guztia. Horregatik, hurbildu nahi duten guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera», azaldu du Kakok. Beraz, mundu honen partaide den, patinatzea gustuko duen edo besterik gabe kultura hau ezagutu nahi duen orok mahai gainean dauka La Kanterara hurbiltzeko gonbidapena.