Mikel Zubimendi Berastegi

Ormaiztegiko zubiaren eraisketa: soplete bidez egindako ekintza gogoangarria

1936ko irailaren 15ean eta 16an sopletista talde batek Irun-Madril trenbideko Ormaiztegiko zubia eraitsi zuen. Euskal erresistentziaren ekintza neurtu eta estrategikoa izan zen, tropa frankisten bidean estropezu handia ekarri zuena eta egileek larrutik ordaindu zutena.

Ormaiztegiko zubia eraitsi zuteneko irudia
Ormaiztegiko zubia eraitsi zuteneko irudia

Etzi 78 urte beteko dira “Union Cerrajera de Altos Hornos de Bergara”-ko langile sopletistek Irun-Madril trenbideko Ormaiztegiko zubia eraitsi zutenetik. Tarteka soketatik zintzilik, sopleteak eskutan, tropa frankistak oso bertan zituztela, tiro hotsen artean, tirokatuak izateko arrisku bizian, leherkaririk gabe, zubiaren egitura korapilatsua moztuz... ekintza ikusgarria egin zuten benetan. Garrantzi estrategikoa izan zuen ekintza. Emilio Mola Vidal jeneral frankistaren planak hankaz gora jarri zituena.
Eta hain zuzen horregatik, ekintzaile haiek Molaren hatzapar luzearen mendekua larrutik ordaindu zuten. Ekintza egin zutenak harrapatu eta gainontzeko gudariei eskarmentua emateko, faxistak espresuki joan baitziren sopletista haien bila. Bizkaiko frontea igarotzerik izan ez zuten atxilotutako sopletistak Ormaiztegin bertan fusilatu baitzituen.
Intxorta 1937 Kultur Elkartearen kide diren Josuren Murgizuk eta Juan Ramon Garaik ongi aztertu dute ekintza haren nondik norakoa, baita Elixabete Garmendia Lasak ere “36ko gerra Ormaiztegin” liburuan: gerraren garapenean izan zituen ondorioak, protagonistekin gertatu zena... beren ekarpena ezinbestekoa izan da istorio hau osatzeko. Beste ezeren aurretik, bada, mila esker. Bestalde, gogoratu behar da ere, Ormaiztegiko zubiaren eraistea literaturara ere eraman dela eta ekintza harrengatik fusilatutako baten inguruan narrazio idatzia “Antxiñako fotografixia” jasota datorrela Xabier Mendiguren Elizegiren “Errautsen distira” (2002) liburuan.
1936. urteko irailaren 15ean eta 16an burutu zen ekintza. Donostiako konkistaren ondoren, Loiolako kuarteletan zeuden militarren errendizioarekin, Irungo defentsarekin edo Intxortetan frankisten erasoen porrotarekin –ondorioz, zazpi hilabetez frontearen egonkortasuna ekarri zuena– batera, Ormaiztegiko zubia eraistea izan zen Gipuzkoan zebiltzan zutabe faxisten buru Molaren planen aurkako kolperik gogorrena.
Izan ere, Ormaiztegiko zubia Madril-Paris trenbidearen obrarik garrantzitsuena izan zen bere garaian. 289 metroko luzera zuen eta, punturik gorenean, 34 metroko altuera, bere 18.000 tonak lau piboteren gainean asentatzen ziren. Gustave Eiffelena zela uste izan zen urte askotan baina, egiazki, bere aurrekoa zen Alexander Lavalleye ingeniariak diseinatu zuen, eta 1864an inauguratu zen. 1912an bikoiztu egin zuten trenbidea, eta 1928an elektrifikatu zuten Ormaiztegiko zubi handi, sendo eta dotorea.
Zubi honek sekulako balore estrategikoa zuen. Eta hura eraistea estrategikoa zela erabaki zuten euskal erresistentziakoek. Horrela moztu egiten zelako «Iparraldeko fronteak» faxisten esku zegoen Espainiarekin zuen trenbide sarea. Gerraren lehenbiziko hilabete haietan berebiziko garrantzia zuen material eta tropen mugimendua eten egingo zuelako. Trena zutelako faxistek beren indar mekanizatuak, soldaduak, munizioa eta intendentzia garraiatzeko modua.
Ekintzaren aurrelanak
Ormaiztegin ehunka gudari finkatu ziren. Uztailaren bukaeratik faxistek Beasain hartua zeukaten eta Mola jeneralaren agindu basatiei jarraiki gutxienez hogeita hamarren bat gizon fusilatu zituzten bertan uztailaren 27an. Idiazabal eta Seguratik Nafarroatik sartutako erreketeek eraso egiten zuten. Faxistek aurrera egitea eragoztea zen gudari horien kezka nagusia. Eta argi zuten Ormaiztegiko zubia zela horretarako gakoa.
Lehen unean, zubia dinamitarekin lehertzea pentsatu zuten. Horretarako, Asturiasko espezialistak ekarri zituzten, bertako meategietan dinamitarekin jardutean haiek baitziren leherkariak erabiltzen trebatuenak. “Asturiasko dinamiteroak” nolabaiteko abangoardia ziren eta gudariek beraien jakintza eta laguntza baliagarria suertatuko zitzaiela uste izan zuten.
Zubia asentatzen zuten piboteak, baina, hutsak ziren barnetik eta dinamita asko behar omen zen haiek lehertzeko. Zubi bat botatzea ez baita bere piboteetan leherkari karga batzuk jarri, leherrarazi eta horrela, hain erraz, egiten den zerbait. Bestetik, Elixabete Garmendiak “36ko gerra Ormaiztegin” liburuan dioenez, «herriko errepublikanoek konbentzitu zituzten agintariak horrelakorik egin ez zezaten...». Bai, Ormaiztegiko Errepublikaren Defentsa Komiteak zubia dinamitaz lehertzearen kontra egin zuen. Ormaiztegiar gudari baten lekukotzak dioenez, «zubia moztea hanka bat mozteko balidate bezala da». Zubi Handia enblematikoa, zinez kuttuna baitzuten ormaiztegiarrek.
Gauzak horrela, Gipuzkoako Defentsaren Juntaren aurrean azaldu ziren zenbait gudari proposamen zehatz honekin: «Ormaiztegin denbora luzez eustea, erresistitzea, ez da posible izango. Eta pena handia da zubia dagoen bezala etsaiaren esku uztea. Beharrezkoak direnak, sopleteak eta oxigeno botilak esaterako, konfiskatu eta guri emateko agindua lortzen badiguzue, ordu batzuetan zubia botatzeko konpromisoa hartzen dugu». “Los Batallones de Euskadi” liburuan irakur diezaiokegu Gipuzkoako Defentsa Juntako presidentea zen Miguel Amilibiari: «Nik neuk eman nion talde horri beharrezkoak zituztenak konfiskatzeko agindua».
1936ko irailaren 15ean Bergarako Fronte Popularraren Gerra Komisariak honako oharra helarazi zion Altos Hornos de Bergarako zuzendaritzari: «Sírvase entregar al dador todo el material que ellos precisen, y una vez terminado el trabajo se le devolverá a reintegrar».
Arratsaldeko ordu bietan Jose Altuna Garitano bergararra azaldu zen fabrikan idatzi hori eskuan zuela. Oxigenoa, azetilenoa, sopleteak, gomazko tutuak eta bestelako osagarriak hartu eta kamioi batean kargatuta eraman zituen ekintza egiteko. Ekintza egin eta gero, bueltatu egin zituen.
Ekintza egiteko, Jose Altuna bezala soldadorea zen Antonio Galdos Ugartek eta soldadore laguntzaile zuten UGTko Florencio Estévez Paredesek (Madrigal de las Torres, Avila) taldea osatu zuten. Frankistek Pedro Elorza Azkoaga eta Emilio Garcia Moreno langile bergararrei ere ekintzan parte hartzea leporatu zieten. Baita Eibarko Gerra Komisariako kidea zen Santos Iriondo Astarloari ere. Baina, egiazki, EAJko Urbano Manchobas Careaga ermuarrak, Eibarko udal arkitektoa zenak, bergarako bost sopletistak lagundu eta zuzendu zituen ekintza hartan.
Kontua da, irailaren 15eko ilunabarrean “Union Cerrajera de Bergara”-ko sopletistek ekintzari oratu ziotela. Horiez gain, Zumarragakoren bat eta Olaztikoren bat ere ba omen zen.
Zubia moztu dute
Ormaiztegin bilduta zeuden gudariek –laurehunen bat– karlistadetatik La Española izen kuriosoa duen mendi magaletatik erreketeek aurrera egitea tiroka oztopatzen zuten bitartean, tiro hotsen erdian, sopletistak martxan jarri ziren. Joxe Urreta ormaiztegiarrak, orduan 11 urte zituen mutikoak, adi-adi jarraitu zuen ekintza hura: «Zuzen ebakitzen hasi ziren hori, baina gero trabatu egiten zen behera erortzerakoan, behera erori behar zuenean beste puntak jotzen zuen, eta gero ebaki zuten diagonalean eta goiko punta nola barrurago zegoen, orduan libratu egin zen. Behera etorri zenean, denak puskatu zituen».
Sopletearekin egin zuten lehen mozketa Zumarragarako muturra izan zen. Hiru ordutan egin zuten lana eta moztutako partea erortzean Zumarragaranzko errailak kilometro bat mugitu zituen.
Bertatik bertara ikusi zuen ekintza Miguel Amilibiak eta honela deskribatzen du bere “Los batallones de Euskadi” liburuan eraisketa obra hura: «Ekintza aparta izan zen. Leherkaririk gabe, gero eta gehiago dardaratzen zen egitura konplexu hartan oreka ezegonkor batean, amildegira erortzeko edo oso gertu zegoen etsaiaren balazo bat hartzeko arriskupean, sopletearekin habeak, kableak, trabesak, errailak, tenkatzaileak eta tiranteak moztu zituzten, zubiaren bi zati mutur batetik behera erori ziren arte... Esan zitekeen Aitorrek bertan frogatu zuela aizkolari bezala zuen trebetasuna».
Eta sopletistek ozta-ozta bukatu zuten lana. Izan ere, bi egun geroago, irailaren 18an, faxistek Ormaiztegi hartzea lortu zuten. Lierni aldetik erreketeak jaitsi ziren, eta Beasaingo Salbatoretik America 1 eta 2 batailoietako sei konpainia, Tejero kapitainaren agindupean. Gudariak eta hainbat herritar Zumarragarantz atzera egin zuten. Hurrengo egunean “El Diario Vasco” eta “La Voz de España” egunkariek jaso zuten albistea, baita Ormaiztegiko zubiaren aurkako ekintzarena ere: lehenak «los rojos habían volado el puente de hierro, aunque no en la proporción que ellos hubieran querido indudablemente» zioen, eta, bigarrenak, «los rojos, en su huida, destruyeron el viaducto».
Ekintza hau faxistek aurrera egitearen kontrako kolpe latza izan zen. Kontuan hartu behar baita kostako trenbidea Elgoibartik Donostiara iristen zela soilik. Faxistek ezin zuten Maltzagako geltokia erabili Eibar erori zen arte –1937ko apirilean– eta orduan Maltzagako zubia lehertuta aurkitu zuten. Izan ere, Maltzagako posizioa Amuategi Batailoiaren posizio aurreratuena zen, Victor Urresti sozialistaren agindupean zeuden sei blindaturen unitate bat zegoen bertan eta, honela, faxistek ez zuten tren zirkulaziorik Maltzagako geltokitik.
Grenoblen egin zioten elkarrizketa batean, ekintzan parte hartu zuen Florencio Estevezen iloba eta Altos Hornos de Bergarako UGTko buru Silvio Garciaren seme den Pedrotxo Garcia Estevezek honela definitu zuen: «In extremis egin zen ekintza hura, momentu kritiko haietan, langile batzuek Debagoiena faxisten esku erori baino lehen egindakoa –Antzuola irailaren 21ean eta Bergara irailaren 22an erori ziren–, balentria bat izan zen. Florenciok, nire amaren anaiak, 21 urte zituen orduan. Fusilamenduen eta kartzelaratzeen ondoren ere, errepresioak ez zuen etenik izan, sopletista haien atzetik amorratuta segitzen zuten faxistek».
Ormaiztegin iluntzen ez zenekoa
Konponketa lanei ekiterakoan bi arazo larri zituzten faxistek: beren esku hartutako lurraldean ez zegoela altzairu laminaziorako inolako industriarik eta, bestetik, ekintza hark eten egin zuela Bilboranzko kanpaina militarra, eta horrekin batera, bertako industrietako gordailuak erabiltzeko aukera.
Hala ere, Molak erabateko lehentasuna eman zien konponketa lanei. Egunez eta gauez, 24 ordutan, gelditu gabe, jo eta ke aritu ziren. Kanpotik langile mordoa ekarri zuten eta herriko etxeetan egon ziren apopilo. Enkofratzaileak, arotzak, igeltseroak eta denak. Trenen joan-etorria berriro martxan jartzea ezinbestekoa baitzitzaien faxistei munizioa, intendentzia eta soldaduak garraiatzeko. Zubia indartu egin zuten gainera, hormigoizko zutabe berriak eraikiz.
Horretarako argi foku potente batzuk jartzen ziren gauean eta gaua egun bihurtzen zuten argiztapenarekin. Urrutitik ikusi zutenek kontatzen dutenez, bazirudien Ormaiztegin ez zela sekula iluntzen. Bost hilabete iraun zuten lanek eta 1937ko otsailean bukatu ziren. Mola jenerala etorri zen Ormaiztegira otsailaren bateko inauguraziora.
“Reparación y Construcción de Puentes durante el Glorioso Movimiento Nacional” izeneko txostenean, Ormaiztegiko zubiari buruzko atalak hartzen du toki gehien. Horrek, nolabait, obra haren garrantzia nabarmentzen du.
Ormaiztegiko zubia ireki eta bi hilabetera, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eibar eta Elgeta herrien aurkako faxisten ofentsiba orokorra eman zen. Eraisteak faxisten intendentzia militar orokorreko planak atzeratzea ekarri zuen bezala, Molaren taktikari –sakabanatuta zituen indarrak, oso denbora motzean, oso sakabanatuta zeuden helburuen kontra mobilizatzearena alegia– eta tropei kostu militar handia eragin zien bezala, trenak berriz martxan jartzeak Bilboren erorketa jo puntuan zuen ofentsiba azkartzea ekarri zuen.
Tonaka eta tonaka material mugitu zitezkeen orain, eta ez soilik gerrarako baizik eta intendentzia eta hornikuntzarako ere bai. Honela, etengabeko mugimenduan zegoen soldaduen masa handi bat sostengatu zezaketen faxistek, gerrako esfortzua biderkatu zezaketen eta “Operación Bilbao” izenekoa indartu ahal izan zuten.
Izan ere, trena, indar mekanizatuak, soldaduak eta munizioa garraiatzeko motorra izateaz gain, beste osagai estrategiko bat ere bazuen faxistentzako. Aliatu aleman eta italiarren presioarekin batera gero eta eskuragarriagoa zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako botin industrialari probetxu guztia ateratzeko helburuari begira, ezinbestekoa zutelako.
Azken hitza
Ormaiztegiko zubiaren eraistea ekintza gogoangarria da. Hain denbora gutxian, bertatik bertara frontea zutela, sopleteekin biaduktu bat moztea ez baita batere erraza. Adorea erakutsi zuten langile haiek, herri metalurgiko honetan dagoen esperientziak nolakoak egiteko gai denaren neurria.
Egongo dira, seguru asko, gordean geratu diren beste izen batzuk, edo, zoritxarrez, ahanzturan betiko galdu direnak. Baina ezagutzen ditugun ekintzaileek, askok beren biziarekin ordaindu zutenek, merezi dute gure aitorpena. Haien izena eta izana gogoan atxikitzea.
Esker onez, agur eta ohore Jose, Antonio, Florencio, Pedro, Emilio, Urbano eta beste guztiak.

SOPLETISTEN AURKAKO MENDEKU FAXISTA


Faxistak Ormaiztegira sartu berritan, Mola jenerala bertan izan zen. Eta bi erabaki hartu zituen: zubia lehenbailehen konpontzea eta eraisketa zigortzea, ekintzaren egileak harrapatu eta mendekua hartzea.
Sopletisten artean, Bergarako Gerra Komisariaren miliziano ibilitako batzuek Bizkaiko fronterantz ihes egin zuten eta, faxistak Bergarara sartu zirenean, ezin izan zituzten atxilotu. Horien artean daude Florencio Estevez, 1937ko abuztuan Santanderren borrokan hil zena. Jose Altuna bergararra San Andres Batailoiko gudaria, gerran zauritu ostean kapitain egin zuten. Gerran preso hartuta, zubiaren eraispenean parte hartu ez zuela aitortu eta 30 urte eta egun batera kondenatua izan zen. Emilio Garcia, UHPko batailoiaren gudaria, Legutioko batailan zauritu zuten, preso hartu, kondena beteta askatu eta hilabete gutxira, 1941eko maiatzaren 30ean hil zen Bergarako ospitalean, kartzelan hartu zuen gaixotasun baten ondorioz. Urbano Manchobas EAJko militante ermuarra, heriotza zigorraren mehatxupean, lehenbizi Anberesen errefuxiatu zen, eta hurrengo urtean Venezuelara jo zuen. Bertan hil zen. Bergarara ezkonduta etorria zen Antonio Galdos Ugarte oñatiarra, baina, harrapatu egin zuten faxistek. Eta zubia eraisteagatik hil zituzten hiru lagunen artean, bere istorioa da osoenik iritsi zaiguna. Aita hil eta hiru hilabetera jaio zen Manttoni Galdos bere alabaren lekukotzaren bitartez hain zuzen. Zubia eraitsita Bergarako bere etxera bueltatu zen. Berari aurre egitera ausartu zirenei Molak ematen zien tratu kriminalaren jabe ez zelako agian, edo sei hilabeteko haurdun zuen emaztea zuelako akaso. Debagoiena faxistek okupatu eta berehala egin zioten karlista batzuek, tartean beste oñatiar bat zen, bisita lantegira. «Laister hilda egongo zara» esan zioten beste langileen aurrean. Eta hala izan zen. 1936ko urriaren 15ean, Ormaiztegiko zubia moztu eta hilabetera, Union Cerrajeran lanean ziharduela faxistak fabrikara sartu, atxilotu, Ormaiztegiko hilerrira eraman eta sarreran bertan fusilatu zuten. Berarekin batera Oñatiko Centro Republicanoren presidente izandako eta “Jefe Xaharra” –tren geltokiko arduraduna izan baitzen– deitzen zuten Guillermo Martinez ere fusilatu zuten, 77 urte zituela. Hirugarren fusilatuaz ez dago berri zehatz askorik, ezta Elizbarrutiko Artxibo Historikoetan ere, Ormaiztegiko parrokiari dagozkion dokumentuetan. Gaztea zela eta ezezaguna –Santander aldekoa nonbait–, hori baino ez.
Aldiz, Elixabete Garmendiak gogora ekarri duenez, beste fusilatu baten berri ageri da eliz dokumentu horietan: urriaren 10ean Felix Alzelai Beldarrain gazte hernaniarra fusilatu baitzuten Ormaiztegiko hilerriko sarreran. Ez da ezagutzen gazte horrek sopletisten ekintzarekin inolako harremanik izan ote zuen.
Ormaiztegin bada fusilamenduen ratatatata deskarga itxiak gauerdian entzun eta gero ta-ta-ta azken tiroak –tiro de gracia deritzatenak– gazte zirela entzun zituztenak. Zubitik bertan, hilerrian lurperatu zituzten hirurak. Kanpoaldeko paretetan luze egon ziren bala zuloak; egun tapatua daude.
Errepresioa, baina, ez zen Ormaiztegin amaitu. Zubia eraitsi izana leporatuta, Jose Antonio Zabaleta urretxuarra, Kandido Sasetaren laguntzailea, Aralar batailoiko komandantea, gerran harrapatu, heriotza zigorra ezarri eta Derioko hilerrian fusilatu zuten.