Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Anabel Arraiza
Irrien Laguna klubeko kidea

«Bizipozaren jaiak elkarteen errealitatea bistaratu nahi du festa giroan»

Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak antolatuta, bigarrenez ospatuko da bihar Bizipozaren jaia. Arrasaten izango da jaia eta elkartasuna batzen dituen hitzordua

Jon URBE/ARGAZKI PRESS
Jon URBE/ARGAZKI PRESS

Duela urtebete sortu zen Irrien Lagunak Gizartegintza Elkartea. Jendartean asko dira behar bereziak dituzten haurrak eta horrekin konturatuta jarri zuten martxan ekimena; batetik haur horien eta beren familien bizi baldintzak hobetzeko eta, bestetik, haur eta familia horiek eskaintzen duten bizi lezioa jendarte guztiaren eskuetan jartzeko: bizipoza.

Biharko Arrasateko jaiaren bezperatan, Anabel Arraiza Irrien Lagunak klubeko kideak eskaini dizkio GAUR8ri xehetasunak.

Bizipozaren jaia, bigarrenez. Giro bereziko festa da, ezta?

Bai. Jaiaren helburu nagusia da Gizartegintza Elkartea osatzen duten hogeitik gora elkarte horien egunerokotasuna, lana, beharrak, egoera... gizarteratzea. Jaian presentzia nagusia izango dute elkarteek eta zuzeneko harremana izango dute bertaratzen direnekin, gizartearen ardura izan dadin elkarte txiki edo handi horiek egunero egiten duten lana. Eta hori da gure helburua, elkarte horien jarduera gizarteratzea; dituzten beharrak, egiten duten lana eta bizi duten egoera. Eta hori guztia, nola ez, jai giroan.

Irrien Lagunak kluba 2011. urtean sortu zen. 2013. urtean, Gizartegintza Elkartea klub horren baitan. Beharra zegoela ikusi zenuten?

Pailazoek urte asko daramate lanean eta bidean elkarte askorekin egin dute harremana, elkarte horiek banaka pailazoengana hurbildu direlako laguntza eske. Pailazoak elkarte horiengana hurbildu direnean konturatu dira asko jaso dutela, asko ikasi dutela. Beraiek ematera gerturatu eta jaso dutena askoz gehiago izan dela konturatu dira. Eta horren ondorio izan dira hainbat ikuskizun, abesti, lan...

Pailazoek bazuten harremana elkarte horiekin guztiekin eta pentsatu genuen; zergatik ez ditugu harremanetan jartzen elkarte horiek beren artean? Eta hortik sortu zen Gizartegintza Elkartea. Elkar ezagutzea, beste errealitate batzuen berri jasotzea eta elkar laguntzea da helburua, eta guztien artean gizarte baten eredu bilakatzea. Eta gizarteari begira, inguruan norbait gaixotu arte edo behar bereziak sortu arte ezagutzen ez diren errealitateak, egoerak, balioak denon eskura jarri nahi ditugu Gizartegintza Elkartearen bidez. Guztiona izan dadin elkarte horietatik jasotzen den ikasketa eta guztiona izan dadin guztiontzako gizarte bat eraikitzeko ardura.

Hogeitik gora elkarte aipatu dituzu, txikiak eta handiak tartean. Elkarte horientzat bakarkako bidea oso zaila da, ezta?

Bai, bidea bakarrik egitea zaila da. Badaude elkarte handiak, azpiegitura handixeagoak eta baliabide gehiago dituztenak. Baina badira elkarte oso txikiak, familia gutxi batzuk baino biltzen ez dituztenak. Elkarte txikiak dira, baina behar handiak dituztenak, oso handiak. Hortik sortu zen elkartzearen ideia, eta batak besteari laguntzeko modua egitea. Harremana sortu dezakete beren artean eta elkar lagundu, agian zerbitzuren bat partekatuz –fisioterapia kasu– edo elkarri aholkua emanez.

Sare bat osatu duzue elkarte horien mesedetan eta, era berean, jendartearen aurrean ezezagunak diren errealitateak bistaratzeko.

Bai, hori da. Azken finean Irrien Lagunak klubak dituen baliabideak –Irria aldizkaria, ikuskizunak, abestiak...– elkarte horien eskura jarri ditugu, beren errealitatea gizarteratzen laguntzeko. Baina ematera joan garen guztietan jaso duguna askoz gehiago izan da. Eta hori da gizarteari esan nahi dioguna. Neroni orain bertatik bertara ezagutzen ari naiz elkarteak, gaixo dauden haurrak, familiak... harreman zuzena duzunean harrigarria da zenbat jasotzen duzun.

Asko jasotzen da. Batez ere, eta jaiaren izenak dioen moduan, bizipoza, ezta?

Egia da. Elkarteetako jendeak sekulako indarra transmititzen du. Eta beraiek ematen diguten bizipozaren bidez gizarte bat eraiki behar dugu, koloreduna eta anitza, denok kabitzeko modukoa.

Arrasateko jaian elkarte horiei buruzko informazioa izango da.

Gune nagusian, Biteri plazan, oholtzaz aparte elkarteen postuak egongo dira. Bertan informazioa emango dute eta haiekin hartu-eman zuzena izateko aukera egongo da. Horrez gain, badira zenbait elkarte tailer desberdinen bidez beren errealitatea erakutsiko dutenak. Adibidez, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak tailer bat prestatu du edozein urritasun duen pertsona baten azalean jartzeko aukera emango duena. Hartara, gure azalean bertan jaso ahal izango ditugu urritasuna duten pertsonek egunerokoan dituzten trabak eta horien aurrean sentitzen dutena; gurpil aulki batean zoazenean zer sentitzen duzun, ikusmen urritasuna duzunean diruarekin nola moldatzen zaren... Jolasaren bidez errealitate horiek ezagutzera ematea da helburua.

Arrasateko hitzorduaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera 10 jaialdi antolatu dituzue 2014. urterako.

Aldundiarekin 10 jaialdi hitzartu ditugu, nahiz eta gero guk gure kasa beste batzuk egiten segitzen dugun; Etiopia Utopiarekin egon gara duela gutxi, Porrotx Ziburuko ikastolan izan da... Aldundiaren laguntzarekin antolatutako jaialdi horien baitan, hemendik eta urte bukaerara baditugu hitzorduak: Irailean Kale Dor Kayiko ijitoen elkartearekin Bilbon izango gara, Hernanin Pausoka elkartearekin, Tolosan Sanfippo gaixotasuna duen Oierren aldeko jaialdi batean... eta beste hainbat ekitaldi aurreraxeago.

Gizartegintza Elkarteak urtea darama martxan. Zer moduz ari da osatzen sarea?

Polita da sarea nola osatzen joan den ikustea. Hasierako bilera haietan bakoitza bere errealitatearekin etortzen zen, elkarri entzuten zioten, besteen beharren berri jaso... orain dagoeneko harremanak sortu dira, dinamika desberdinak antolatzeko gogoa sumatzen da, elkar laguntzeko eta partekatzeko asmoa. Dagoeneko igartzen da taldean joatearen indarra eta sortu dira elkarteen arteko lehen elkarlanak. «Pozak eta tristurak elkar banatuta askoz samurragoak dira», esaten dute pailazoek. Finean, horixe da Gizartegintza Elkartearen zutabe nagusia.