Txente Rekondo. Nazioarteko Analista

Eskozian gauzak ez dira berdin izango

Ezetzarekin «borrokak jarraitzen du». Horretarako, subiranotasunaren aldekoek aukera desberdinak dituzte. Horietako bat 2016ko hauteskundeetan independentziarako agintaldi bat lortzea da

Oso berezia den zerbait ari da gertatzen» Eskozian. Erreferendumaren bezperetan hitzorduaren bueltan ibili dira hizketaldiak kaleetan, dendetan, tabernetan...

Ez da erraza izan zer gertatuko zen aurreratzea, baina han gertatu dena eta etortzeko dagoena ulertzeko gomendagarria da Eskoziako prozesu deitutakoa garatzeko egin den bidea testuinguruan kokatzea.

Lehen pausoa Alex Salmond SNPko buruak mahaiaren gainean jarri zuen hauteskunde programan kokatu behar da. Bertan herritarren sostengua eskatu zuen independentzia erreferendum bat egiteko. Hauteskundeak irabazi zituen eta bere promesa bete zuen, erreferenduma deitzeko bide orria marrazteko Londresko Gobernuarekin negoziazio neketsuak abiatuta.

Ondoren, noski, beste pauso garrantzitsu batekin egin genuen topo, Londresko agintariek emandakoarekin. Eskoziako nahiekin bat ez eginagatik, demokratikoa eta hauteskunde agindua zela ikusita, erreferenduma deitzeko bide orria negoziatzea adostu zuen.

Negoziaketak ez ziren samurrak izan eta bi aldeek amore eman behar izan zuten hainbat arlotan. Hala, Londresek legea aldatu zuen erreferenduma eskoziarren esku egon zedin, hasiera batean ez zuen-eta horrelakorik baimentzen. Era berean, hamasei urtez gorako herritarrek bozkatzeko aukera izan zezaten onartu zuen.

Bere aldetik, Eskoziako talde negoziatzaileak zentsuaren osaeran eman behar izan zuen amore, baita erantzun beharreko galderan ere. Hasiera batean, Alex Salmondek hiru aukera proposatu zituen: status quo, autonomia gehiago edo independentzia. Londresko eskakizunak gailendu ziren, ordea, galdera bakarra eta bi erantzun posiblerekin: bai edo ez independentziari.

Pauso honi jarraitu zioten aukera bakoitzaren kanpaina eta argudioen aurkezpenek. “Yes Scotland”-ek independentzia defendatu zuen eta “Better Together”-ek Britainia Handiaren batasunaren aldeko apustua egin zuen. Orduz geroztik ezagutzen joan gara bakoitzaren argudio sorta eta alde bakoitzaren mugimenduak, Eskoziaren sostengua bakoitzak bere aldera erakartzeko.

Baietzaren aldeko kanpainak azken hilabetean aurrerapen handiak egin ditu, eta emaitzak egindako lanaren fruituak erakutsi ditu. Kultura arloko jendearen; sentimendu nazional batekin baino egun Britainia Handiak dakarren desparekotasunari aurre egingo dion proiektu batekin bat egiten duen ezkerreko indarren; SNPko indar nazionalisten eta beste alderdi batzuen; azken asteetan baiezkoaren alde egiten ari diren boto emaile laboristen; eta batez ere, status quoren alderdiek hamarkadetan alboratu eta “baztetutakoen” inplikazioa jaso dute.

Kanpainaren bultzatzaileek bazekiten indar nazionalisten sostengua soilik ez zela nahikoa izango erreferendumaren balantza beren alde jartzeko. Hala, hilabete hauetan erabili duten argudio sortak orain artean pentsaezinak ziren sostenguak lortu ditu.

Bere aldetik, unionista deitutakoek edota status quoren aldekoek mehatxuetan eta balizko Eskozia independente baten aurrean beldurra zabaltzean oinarritu dituzten mezuak bota dituzte. Eztabaida dialektiko eta argudiozko hau hauteskunde hitzordu baten aurrean kokatutako bagina bezala garatu dute eta analista batzuek akats hori nabarmendu dute; izan ere, garrantzi handiko gai baten gaineko erreferenduma da ohiko hauteskunde hitzorduen gainetik kokatzen dena.

Orain hilabete batzuk, inkestak oinarri hartuta, Londresek bere posizioak aise irabaziko zuela uste zuen, azken egunetan ikusi da inkestek eman duten biraren aurrean, agintari britainiarrak beldurrak hartu dituela. Horren adibide da beldurraren mezua indartu izana eta batez ere, autonomia handiagoa promes egin izana.

Independentismo olde hau gelditzeko azken ahalegin etsia bere sustatzaileen kontra joan daiteke. Askok galdetuko dute zergatik orain hilabete batzuk Londresek aukera hori baztertu zuen Salmondek galdera hori planteatu zionean. Gainera, ezin da bistatik kendu Eskoziaren azken urteetako historia. 1970. hamarkadan parlamentu autonomiko bat eratzeko egindako kontsultaren harira, promes egin zieten baldin eta ezetza gailentzen bazen. Ondoren etorri ziren, ordea, Margaret Thatcherren urteak, azken hamarkadetan Eskoziarren kontra hartu diren neurririk gogorrenekin.

Bere promesak betetzen baditu, interesgarria litzateke zein preziotan jakitea eta, batez ere, Galesen, Ipar Irlandan edota Ingalaterran horrek sortuko lukeen erresumina. Erabaki dituzten azken bi pausoak: jendeak bozkatzea eta hautestontzietan erabakitako onartzea, ikusiko dugu. Gauza bat bada segurua; alegia, hemendik aurrera gauzak ez direla berdin izango ez Eskozian ez eta gainerako Erresuma Batuan ere.

Hitzordu honen aurreko hilabeteek balio izan dute ikusle lokal eta mundu mailakoei gauzak aldatzen ari direla erakusteko. Status quo defendatzaile sutsuak saioak egiten ari dira ezer ez dela aldatu erakusteko, baina kanpaina honek erakutsi digu badela beste errealitate bat aktore indartsu hauek orain arte kontrolatu dutena baina haratagokoa.

Momentuz, Eskoziak ate bat zabaldu du Erresuma Batua sostengatzen zuten zutabe edo tabuetako bi pitzatzeko. Batetik, “idatzi gabeko konstituzio” baten erabilpenak balio izan duela aipatu aktoreek hamarkadetan boterea mantentzeko. Bestetik, “batasun” kontzeptua bera une batetik bestera desegiteko puntuan dagoela.

Bertako analista batek azaldu zuen moduan, “Yes Scotland”-en inguruko kanpainak etorkizuna irudikatu du; “Better Together” iragana izan den bitartean. Beste hitz batzuekin, Eskozia etorkizuneko nazioa da, bere estatu propioa biltzen duena; bere aldetik, Britainia Handiak iraungitako estatua irudikatu du, inperio kolonial bat zuzentzeko sortutako sistema politiko zaharkituan oinarritua eta suntsitutako ongizate estatu batekin.

Ezezkoa gailentzeak ez du askotarako balioko epe erdi edo luzera. Hasiera batean unionistentzat eta status quorentzat oxigeno burbuila bat izango da, baina laster hustuko da. Londresek autonomia gehiago emateko egin duen promesa betetzen badu, Galesen eta Ingalaterran sortuko dira pitzadurak. Gainera, nahi ez duten egoera baten aurrean ikustearen pertzepzioak Eskoziako biztanleak haserretu egingo ditu; izan ere, Eskozian apenas sostengurik ez duten alderdiek gobernatuko dituzte Londrestik, nagusiki baztertuak diren austeritate neurriekin, zerbitzu publikoen murrizketarekin eta, batez ere, osasun, hezkuntza eta diru sartze arloan desberdintasunak handituta.

Ezetzarekin «borrokak jarraitzen du». Horretarako subiranotasunaren aldekoek aukera desberdinak dituzte. Horietako bat 2016ko hauteskundeetan independentziarako agintaldi bat lortzea da. Independentziaren aldeko alderdien aliantzak gehiengoa lortzen badu, hurrengo egunean «Londresek Eskoziaren Independentzia aldarrikatzen duten ahots subiranistez betetako trena jasoko du».

Erreferenduma oso pauso garrantzitsua izan da, ibilbide zehatzarekin, Eskoziak estatu berri bat osatzeko duen gogoa erakusteko eta, batez ere, gaur egun “Erresuma Batua” bezala ezagutzen den iraungitako errealitate baten desagerpena azkartzeko.

Eskoziako prozesuaren pisua eta funtsa parametro demokratikoetan sostengatu dira; arrazoimen legalaren gainetik arrazoimen demokratikoa indartu eta adostu da. Horrek guztiak normaltasuna eta heldutasun demokratikoa erakutsi du, beste herri batzuen eskariak erantzuteko orduan beste estatu batzuek erakusten ez dutena.

Eskozian gainera subiranistek eta unionistek argi izan dute etorkizunaren inguruko azken erabakia eskoziarrei dagokiela, eta bi aldeetako inork onartu edo proposatuko luke azken hitza Erresuma Batuak osotasunean hartu behar duela. Horregatik kanpainan zehar galdegin dute honakoa: Zein da gu baino hobea egungo belaunaldien eta etorriko direnen etorkizuna erabakitzeko?

Eskoziak erreferendum «legezko, argi eta erabakiorra» izan du; erabaki eta aldatzeko aukera historikoa.