Koldo Sagasti

Independentzia bai, erabatekoa

Eskozian eta Katalunian abian jarritako prozesuen harira pil-pilean dago burujabetasunaren eztabaida. Neu ere independentziaren aldekoa naiz, erabateko independentziaren aldekoa. Nire iritzia eman nahiko nuke nire eta nire komunitatearen bizitzan eragina duten aferetan. Gustura adieraziko nuke, aukera banu, ez naizela espainola. Baina beste hamaika kontutan ere izan nahiko nuke eskumena, hala nola, nola antolatu gizartea; orain arteko estatu eredu hegemonikoak izan behar al du eredu bakarra? Eta ekonomia? Ba al dago bizitzarik kapitalismotik harago? Galdetuko al digute gure lurraren iraupenean eragin lazgarria duten azpiegitura erraldoi eta proiektu txikitzaileen inguruan?

Horrexegatik ez nuen begi onez ikusi Kataluniako Legebiltzarrak proposatutako galdeketa bikoitza. Planteamendu horren arabera lehenengo galdera batek baldintzatu egiten du bigarrenaren garapena. Lehena, “Katalunia estatu izatea nahi al duzu?”, ezinbestekoa da bigarrenari heltzeko, “Balizko estatu hori independentea izatea nahiko zenuke?”. Estatu eredutik kanpo ez al da burujabea izateko aukerarik? Eta estatu izan beharrean Katalanek komuna autonomoen federakundea izan nahiko balute? Ezingo lukete independentzia lortutakoan herritarren artean erabaki zer ereduren arabera antolatu nahi duten gizartea?

Ekimen interesgarri bat iritsi zait Eskozia aldetik: Radical Independence Campaign. Ezkerreko mugimendu horrek burujabetasunaren alde egiten du, baina independentzia ez dute helmugatzat, gizartea eraldatzeko tresnatzat baizik. Independentzia, beraz, ez litzateke utopiaren amaiera, abiapuntua baizik. Gizarte bidezkoago, aurrerakoiago eta feministago bat eraikitzeko tresna. Bestela alferrikakoa da horren ibilbide nekeza orain gauden bezala gelditzeko. •