Ander Gortazar Balerdi. Arkitektoa

Smart gainbehera

Hubert Robert pintore frantsesak Italian ezagutu zituen Piranesi eta bere hondakinen margo famatuak. Frantziara itzuli zenean, XVIII. mendearen hondarretan, Louvre museoko Galeria Nagusia berrantolatzeko ariketa egin zuen, horretarako bi koadro oso antzeko margotuz. Batetik, Louvreko Galeria Nagusiaren antolaketaren proiektua, non argiztapen zenitala duen korridorea ageri den, eta bisitari baino kopiatzaile gehiago. “Jusqu’ici tout va bien”, 10. pisutik zure burua bota eta 3. pisu paretik pasatzen zarenean bezala. Bigarren koadroan dator talka, bere diseinuaren hondatzea aurreikusi baitzuen, korridore bera irudikatuz baina guztiz suntsitua, Louvreko Galeria Nagusiaren hondarren alegiazko ikuspegia margolanean.

Berri samarra da Ruin Porn (hondarraren pornografia) kontzeptua, baina mendeak ditu hondakinei diegun berezko lilurak. Vanitas vanitatum omnia vanitas [Eccl. 1:2;12:8], dena da iragankorra –heriotza izan ezik, bistan dena– eta hondakinek ederki irudikatzen dute hori.

Baina eraikin hondarrei lilura badiegu, are handiagoa diegu hiri hondarrei, gizartearen iragankortasuna azpimarratzen baitute haren kolapsoa iradokiz. Hubert Robert garaikidea Walking Dead telesaileko zuzendari izan zitekeen lasai asko, eta Giambattista Piranesi The Last of Us bideo jokoaren garatzaile.

Muturrera joan beharrik gabe, eta hiri hondakinen ikuspegi apokaliptikoak alde batera utzirik, uzkurtzen diren hiriei buruz hitz egin genezake. Eta oraingoan, adibide anekdotikoez baino, errealitate orokortu batez. Shrinking City kontzeptua (uzkurtzen den hiria) biztanleria galera handia izan duten hiri dentsoak definitzeko erabiltzen da. Hiri hauen azpiegitura biztanle kopuru handiago bati erantzuteko pentsatua zegoenez, azpiegitura horren mantenua arazo bilakatzen da biztanleria esperotakoa baino askoz txikiagoa denean.

“Detroit”, esango duzu akaso. Michiganeko hiria baita adibide paradigmatikoena, baina ez bakarra. Desindustrializazioak, American Way of Life suburbanoak eta AEBetako hegoaldeko estatuek osaturiko Sunbelt (eguzkiaren gerrikoa) delakoaren lehiakortasunak azal dezake Detroiten uzkurtzea; ez ordea New Orleans, Leipzig, Lodz edo Muroran hiriena.

Hondamendi naturalek bortizki uzkurrarazi dezakete hiri bat, itzuli ezin direnei itzuli nahi ez dutenak gehitu behar zaizkienean, Louisianako hiria kasu. Leipzig eta Lodz postsobietarren kasuan sistema kapitalistaren norgehiagokan galtzaile izateak ekarri zien uzkurtzea; Muroran japoniarrean, aldiz, isila eta mantsoa da uzkurtzea, tantaz tantakoa, herritarren hileta elizkizunen erritmo konstantearen araberakoa. Baiki, dena da iragankorra, heriotza izan ezik.

Hiri antolakuntza –gizartearen ia aspektu oro bezala– hazkunde prozesuen inguruan, are menpe, oinarritu izan da historikoki. Izan al liteke uzkurtze fisikoa alternatiba, hazkunde infinituaren mantrari ere hondakin zantzua hartu diogun garaiotan? Batzuek Smart Growth (hazkunde adimentsua, zentzuzkoa, argia) kontzeptua darabilten garaiotan, hainbatek kasik nahiago du Smart Decay itxurazko oximorona. Smart gainbehera, ez ote den txikitzen jakitea ez desagertzeko irtenbide bakarra. •